→Galdakao

Usansoloren desanexioari buruzko behin betiko galdeketa 2021. urte hasieran izango da

Batzorde mistoa eratzeko pausoa eman du Galdakaoko udalbatzak, gehiengo osoarekin. Aurreikuspenen arabera, behin betiko galdeketa datorren urtean izango da

Iñaki Urgoiti eta Agustin Aizpuru Usansolo Herria alderdiko zinegotziak. Erdian, Iñigo Hernando alkatea / Geuria

Usansolok herri izan nahi duen erabakitzeko prozedurari hasiera eman dio Galdakaoko udalbatzak. Hain zuzen ere, foru arauak balizko segregazio kasuetarako aurreikusten duen bidea da Udalak hasi duena. Zentzu horretan, Batzorde Mistoa eratuko dute orain, behin betiko galdeketa egin aurretiko urratsa. Batzorde horren zeregina izango da egin beharreko txostenen jarraipena egitea. Hau da, bideragarritasun ekonomikoaren txostena, zerbitzu kalitatearena, eta lurralde mugaketarena. Batzorde Mistoa izendatzea eskatuko dio orain Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Batzordearen osaketa horrelakoa izango da: Udalaren aldetik, udaletxeko idazkari nagusia, Iñigo Hernando alkatea, eta EH Bilduko zein EAJko zinegotzi bana, eta Usansoloren ordezkari gisa, EAJk izendatutako ordezkari bat eta Usansolo Herriak izendatutako bi arituko dira, udal hauteskundeetako emaitzak errespetatuta.

“Batzorde Mistoa osatuko dutenen izendapena hori izango da, baina orain, paper gainean zehaztu behar dira batzordean izango direnen izen-abizenak. Honek pare bat hilabete beharko ditu”, dio Juan Landa UHko abokatuak: “Bien bitartean, udaletxetik aurrekontuak onartu behar dituzte, aurrekontuetan txosten horiek egiteko beste diru sartuko dute eta kontratazioak zehaztuko dituzte: bideragarritasun ekonomikoarena, zerbitzu kalitatearena, eta lurralde mugaketarena. Ondoren, txosten horien arabera, Batzorde Mistoak bere diktamena emango du eta berau Udaleko osoko bilkuratik pasako da, galdeketa egin aurretik”.

Ospakizun giroa osoko bilkuraren ondoren / Geuria

Batzorde mistoak legez lau hilabete izango ditu diktamena emateko, baina beste bi hilabete luzatu daiteke. “Hilabete horiek ez dira hasi urtarrileko osoko bilkura bukatu eta gero. Tarteko bide batzuk daude, baina aurreikuspenen arabera, gutxienez urte amaierarako edo gehienez datorren urterako izan behar da galdeketa”, dio Landak. Galdeketaren emaitza baiezkoa bada, Bizkaiko Foru Aldunditik Batzar Nagusietara bidaliko lukete emaitza: “Batzar Nagusiek izango dute azken hitza, baina normalean prozesu guztia baiezkoa izan bada, orain arte ez du sekula ezetzik eman”, dio Landak.

Usansolok herri izan nahi duen erabakitzeko eman beharreko lehen urratsa eman du Galdakaoko udalbatzak, gehiengo osoarekin, aldeko 19 boto eta ezezko 2: udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Podemos eta Usansolo Herria taldeen aldeko 12 botoez gain, oposizioko EAJren babesa ere jaso du (6 boto) proposamenak, baita atxiki gabeko Miguel Angel Martin zinegotziarena ere. PSEko bi zinegotziek kontrako botoa eman dute. “Guretzat egun historikoa eta zoriontsua da. Hamaika urte daramatzagu, UH sortu zenetik, mistoa eratzeko eskaerarekin. Urte askotan egindako lanaren fruitua da, eta oso pozik hartu dugu ez bakarrik bozkaketaren emaitza, baita alderdi jeltzalearen jarrera ere. EAJren baietzak guretzat asko gura du esan; azken finean erakutsi duelako batera lan egiteko aukera badagoela, eta bide hori gehiengo batekin egin ahal badugu, askoz ere zoriontsuagoa izango da ibilbidea. Gure aldetik espero dugu ahalik eta arinen eratzea batzorde mistoa, eta ahalik eta arinen hastea lanean”, dio Monika Mena UHko bozeramaileak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak