→Galdakao

Usansoloko V. Herri Lasterketa ekainean antolatu du Triatloi Taldeak

usansolo herri lasterketa 2017 12
Usansoloko Herri Lasterketa aurreko urte batean // Geuria

Lasterketa herrikoiak antolatzen hasi dira berriro Hego Uribe eskualdean. Ekainean Usansoloko Herri Lasterketa antolatu du U113 Traitloi Taldeak. Aurtengoa bosgarren edizioa da eta ekainaren 5ean izango da 12:00etatik aurrera Arlo Baltza plazatik. Hiru proba izango dira: umeak gurasoekin (12:00), gazteak (12:15) eta nagusiak (12:30). Umeek —euren gurasoekin lagunduta— 500 metro egingo dituzte, gazteek kilometro bateko ibilbidea egingo dute (zirkuituari bi bira) eta nagusiek 6,9 kilometro (zirkuituari hiru bira).

Dagoeneko zabalik dago lasterketak parte hartzeko izena emateko epea. Webgune honen bitartez eman dezakete izena interesdunek maiatzaren 31ra arte. Era berean, Rollon Informatika dendan ere eman daiteke izena maiatzaren 31n bertan 20:00etan. Probaren egunean bertan, ekainaren 5ean, izena emateko aukera egongo da.

Aurretiaz izena ematen dutenek 5 euro (nagusiak) eta euro 1 (gazteak eta umeak) ordainduko dituzte, eta probaren egunean bertan prezioa 10 eurokoa (nagusiak) eta euro 1ekoa (gazteak eta umeak) izango da. Partaide guztiei probaren kamiseta teknikoa emango diete eta guztien artean hainbat opari zozketatuko dituzte. “Gainera, mozorro onenari saria ere banatuko dugu!”, diote antolatzaileek.

Bilduko duten dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batera bideratuko dute. Antolatzaileek GEURIAri adierazi diotenez, oraindik ez dakite zein GKE lagunduko duten: “Dirua batzen dugunean erabakiko dugu zein GKEri emango diogun”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak