→Galdakao

Iñaki Olano: “Euskeraren sustapenean lan egitea landare bat basamortuan ureztatzea bezala da”

Usansolon Euskaraldiako herri batzorde propioa eratu dute. Irailean hasi dira bete-betean lanean. Iñaki Olano Goti Usansoko herri batzorkidea da.

Iñaki Olano Goti usansolotarra // Utzitakoa

Ate joka dabil Euskaraldia. Aurten bigarren edizioa izango da eta dagoeneko lanean ari dira Euskal Herriko herri asko. Usansolon Euskaraldiako herri batzorde propioa eratu dute. Irailean hasi dira bete-betean lanean. Iñaki Olano Goti Usansoko herri batzorkidea da eta galdera hauek erantzun dizkigu:

Euskaraldia batzorde propioa eratu duzue Usansolon.
Ezin dogu osasun-krisia aitzakiatzat ipini, baina egia da baldintzatu egin gaituela. Uda aurretik batzar bat baino ez genduan egin ekainaren amaieran eta, egia esan, arrazoiak arrazoi ez gendun lortu batzorde indartsu bat eratzea. Irailean barriro ekin geuntsen batzarrei eta, apurka, badira hainbat talde batzordera gehitzen ari diranak.

Zeintzuk dira zuen helburuak?
2018ko Euskaraldian egin zan dinamikari -norbanako ahobiziena eta belarriprestena- jarraipena emon eta entitateei ere zabaltzea, hau da, herriko alkarteei, kultur zein kirol taldeei, dendariei… Entitateei barruko hizkuntza-ohiturak aldatzen animatzea, ariguneak sortuz. Entitate desberdinei herritarrekiko harreman-espazioetan noizgura euskarazko arreta bermatu daien animatzea. Azken finean, herritarrak testuinguru desberdinetan euskaraz berba eginez eroso egoten laguntzea.

Elkarteak, dendak, tabernak… garrantzitsuak izango dira aurtengo Euskaraldian.
Bai. Euskaraldiako batzordeari zentzua emoten deutsienak alkarteak dira. Eurek izango dira subjektu aktibo. Eta, jakina, ezin ditugu ahaztu herriko sare sozioekonomikoa neurri handi batean osatzen daben dendetako eta tabernetako beharginak be.

Zelan jo duzue herriko arigune posibleetara?
Aurrez aurreko alkar eragina izaten da eraginkorrena. Horri emon gura izan deutsogu lehentasuna. Mezularitza aplikazioek –lagungarriak izan arren– gero eta gehiago erakusten deuskue ez direla uste bezain eraginkorrak. Eskapatzeko eta konpromisoak ez hartzeko aukera emoten deuskue.

Euskaraldia ariketa hasi aurretik ekintza ezberdinak antolatzeko asmoa duzue Usansolon?
Guztiok adostutako jarduerak egingo ditugu, ditugun indarrak eta gainerako baldintzak –osasun egoera edota aurrekontua– kontuan hartuta.

Usansolon euskararen egoeraz galdetuko banizu.
Usansolon euskararen erabilera neurtzeko tresna bakarra egunerokotasunean norberak egiten dituen alkar eraginak dira. Zintzoa izanik eta autokonplazentziatik ihes eginda, esango neuke ez dogula hobera egin erabilera aldetik. Behar bada, 2018ko euskaraldiak balio izan deusku euskarazko hainbat harreman finkatu eta indartzeko.

Zuk zeuk parte hartu zenuen lehen Euskaraldian?
Batzordean, ez gura bezain beste. Praktika kolektiboan bai, ostera.

Nolako esperientzia izan zen zuretzat?
Aberasgarria, zalantza barik. Atsegingarria, barruntau nebalako euskaltzaleon nolabaiteko aktibazioa. Baina beti geratzen da kontzientzia hartze kolektibo horren iraungitze-data laburraren mingotsa.

Zure ustez, zer behar du herriak euskaraz gehiago aritzeko?
Inguruko euskaltzale bateri entzun neutson esaten euskeraren sustapenean lan egitea landare bat basamortuan ureztatzea bezala dala. Horrela da bai; boluntarismoaz harago, baldintza batzuk emon behar dira: behar bezala babestuko dauan lege-estatusa, euskarazko eskolatzea hezkuntza-maila guztietan bermatzea, euskalduntzearen aldeko pizgarri publiko gehiago –helduen alfabetatzea sustatzea–; eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planak gauzatzea –hizkuntza-paisaian eragitea– ; osasun arloan, eremu soziosanitarioan, udal-eremuan, enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko planak martxan jartzea. Eta abar luze bat.
Egun batetik bestera ikusi dogu egungo osasun-krisiarekin nabarmen egin dogula atzera euskararen arloan. Krisi guztietan lez, ahula galtzaile. Horren adibide garbia izan da gure goi-agintariengandik gaztelera hutsean heldu jakun komunikazioa.
Nire ustez, ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka hori ez dogu inoiz gaindituko aurreko faktore guztietan eta gehiagotan eragiten ez badogu.

Nola eta zergatik animatuko zenituzke herritarrak Euskaraldian parte hartzera?
Arlo guztietan euskaraz bizi gura badogu, aurrean dogu beste aukera bat indarrak metatzeko eta alkarlanean aurrera egiteko. Azaroaren 20a bertan dogu. Erdu Euskaraldiako batzordean parte hartzera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak