→Galdakao

Lekubaso atsedenlekua berrituta egongo da 2022ko otsailerako

parrilak, mahaiak, eserlekuak eta jolasteko zein egoteko lekuak berrituko dituzte // Geuria

Lekubaso atsedenlekua berritzeko eta egokitzeko lanak hasi ditu Galdakaoko Udalak. Besteak beste, parrila guztiak berrituko dituzte eta mahai, eserleku eta paperontzi berriak ere jarriko dituzte, eta barandak ipiniko dituzte, adibidez, urtegi ondoko eskaileretan. Gainera, egun dagoen aterpea berritzeari ekingo diote, eta beste aterpe bat eraikiko dute. Hortaz bi aterpe izango ditu Lekubasok obrak amaitu ondoren. “Bigarren gune estaliak, eserlekuak eta harmailak izango ditu”, diote udal ordezkariek.

Bestetik, haurrentzako jolasgune bat ere sortuko dute, “ahalik eta irisgarriena”: “Hain zuzen ere, bi kulunkarietako bat egokitua izango da helburu horrekin”, diote. Halaber, Lekubasora iristeko errepidea ere konpondu egingo du Udalak.

“Galdakoztarrentzat naturaz eta aisialdiaz gozatzeko leku kutunetakoa da Lekubaso. Eguraldi ona denetan, lagun zein familiartean egunpasa polita pasatzeko gune aproposa. Hala izan zen behintzat garai batean, urteetako zaintza ezak gainbeherara eraman zuen arte. Bada, orduko indar hura berreskuratzear da”, diote udal ordezkariek: “Datorren udaberrirako atonduta egongo da, parrila berriak izango ditu, baita mahaiak, eserlekuak, jolasteko zein egoteko lekuak ere”. 

Galdakaoko Udalak 264.386,14 euroan esleitu dizkio Lekubaso berritzeko lanak Construcciones Intxausti enpresari. Lanak dagoeneko hasi dituzte eta aurreikuspenen arabera otsailerako amaituko dituzte.

Argazkiak | Lekubaso urtegia eta aisigunea | Usansolo | Hego Uribeko uren altxorrak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak