→Galdakao

Mendi Lasterketa Solidarioa izango da abenduan Usansolon, ‘Born to learn’ erakundearen alde

Mendi Lasterketa Solidarioa izango da abenduaren 14an Usansolon: 16 kilometroko martxa, 16 kilometroko mendi lasterketa eta 10 kilometroko martxa txikia.

Tanzaniako haurren hezkuntzan laguntzeko erabiliko dute bildutako dirua // Argazkia: Usansolo Mendi Lasterketa Solidarioa

Mendi Lasterketa Solidarioa antolatu dute beste urte batez Usansolon. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta abenduaren 14an, larunbatez, izango da. Aurrekoetan bezala, hiru lasterketa mota izango dira: 16 kilometroko martxa (09:00), 16 kilometroko mendi lasterketa (10:00) eta 10 kilometroko martxa txikia (10:05). Irteera Arlo Baltza plazan izango da.

Ekimen solidario honetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du. Horretarako bi aukera daude: abenduaren 12ra arte www.kirolprobak.com webgunearen bitartez edo lasterketaren egunean bertan. Aldez aurretik izena emanez gero partaideek 12 euro ordainduko dituzte, eta egunean bertan 15 euro. Martxa Txikian, 14 urtera arte, 5 euro ordainduko ditu partaide bakoitzak, eta laguntzaileek 12 euro (aldez aurretik) edo 15 euro (lasterketa egunean).

Bilduko duten diru guztia Tanzaniako Born To Learn Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dute, aurreko bi edizioetan egin bezala. Born To Learn GKEa 2011ko urtarrilean eratu zuten Moshin, Tanzanian. Bertako eskola publikora joateko baliabide ekonomikorik ez duten haurren hezkuntzan lan egiten du erakundeak, Newlands komunitatean.

Usansoloko Mendi Lasterketa Solidarioa U113 Traitloi Taldeak antolatzen du, Ner Group eta Born To Learn GKEren laguntzarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak