→Galdakao

Monika Mena (UH): “Foru Arauak ezartzen dizkigun baldintza guztiak betetzen ditugu Usansolo herri izateko”

Usansoloren desanexioaren prozesuak urrats berria eman du: Batzorde Mistoak azken bilera izan zuen atzo Galdakaoko udaletxean eta orain gaia Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan dago. Foru Araua jarraituta, Batzorde Mistoak bideragarritasun ekonomikoaren, biztanleriaren, mugen edota zerbitzuen memoria egin du eta atzo bertan gehiengo osoz ontzat eman zuen. Batzorde Mistoa osatzen duten sei kideetatik lauk alde bozkatu zuten (EH Bilduko bik eta Usansolo Herriako bik) eta bik (EAJ alderditik) abstentziora jo zuten.

Orain Bizkaiko Foru Aldundira iritsiko da auzia, Lurralde Garapenerako Sailera. Aldundiak proposamena ezarritakoarekin bat datorrela ebazten badu, Galdakaoko Udalera itzuliko da gaia. Hiru hilabeteko epean, osoko bilkurara eraman beharko luke gaia Udalak, eta, tarte horretan, Usansoloko herritarrei galdeketa egiteko aukera izango luke. Osoko bilkurak memoria gehiengo osoz onartuko balu Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko luke erabakia, eta Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietara igorriko luke gaia. Batzar Nagusiek hartu beharko lukete, orduan, segregazioa ahalbidetzeari buruzko erabakia.

Azken erabakia Bizkaiko Batzar Nagusiek hartuko dute. Hori dela eta, uztailaren 30ean Usansolo Herriako kideek batzarrak izango dituzte Batzar Nagusietako alderdi politiko guztietako ordezkariekin: “Azaltzeko nortzuk garen, zer den Usansolo, zer aldarrikatzen dugun, zer nahi dugun… Gure bihotza eta herritarren zatitxo bat Batzar Nagusietara eraman nahi dugu, bozkatzerako orduan babesa eskatzeko asmoz”, dio Monika Mena UHko bozeramaileak.

4.520 biztanle

Bizkaiko Foru Arauaren arabera, Usansolo herri izateko funtsezko baldintzetako bat da biztanleria: “Foru-arauak dio 2.500 biztanle izan behar dugula udalerri independente izateko, eta guk muga hori soberan gainditzen dugu. Azken hilabeteetan zenbat usansolotar garen eta hemen bizi garen egiaztatzen ibili gara eta 4.520 zenbatu ditugu”, dio Menak.

Hala ere, beste traba bat izan dezakete prozesuaren erdian: Espainiak herri berri bat sortzeko gutxienez 5.000 biztanle izan behar dira. GEURIAk horri buruz galdetu dio Menari: “Gure desanexioaren gaineko erantzukizuna Bizkaiko Foru Aldundiak du, eta ez Estatuko gobernuak. Hemen foraltasunari eman zitzaion boterea eta BFAk agintzen du. Ezkio eta Itxasoren kasuan, udan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien, esanez Aldundiaren eskumena eta erantzukizuna zela gai hori, eta aplikatu beharreko araua edo legea forala dela. Hala ere, auzia Madrilera eraman zuten eta handik Estatuko legea inposatu gura dute, geurea eta geure eskumena errespetatu barik”, dio Menak: “Hainbeste urtetan esan digute Foru Araua bete behar dugula, bada hortxe dago entregatu dugun memoria. Espainia orain? Uste dugu Foru Araua errespetatzeko eta mahai gainean ipintzeko momentua dela”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak