Segregazioari buruzko galdeketa egin da gaur Usansolon. Guztira 3.647 herritar zeuden deituta kontsultara, eta ‘Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?’ galderari 2.302 herritarrek erantzun diote (% 63,12) —2014ko galdeketan baino 115 gehiago—. Eta emaitzak honakoak: 1.877 baiezko (% 81,54), 329 ezezko (% 14,29), 47 ez daki-ez du erantzuten (% 2,04), 21 zuri (% 0,91) eta 28 baliogabe (% 1,22).
“Poztasuna, ilusioa eta esperantza. Sentsazio horiek ditugu. Parte-hartzea (% 63,12) izugarria izan da. Oso pozik gaude. Herritarrei eskerrak ematea baino ezin dugu egin. 40 urte daramagu borrokan eta urte hauetan guztietan hitzordu garrantzitsuak izan ditugu; gaurkoa ere egun oso garrantzitsua izan da, ospatzekoa”, dio Monika Mena Usansolo Herriako (UH) bozeramaileak: “Herriak erantzun du eta Usansoloren etorkizuna erabaki du”.
Galdeketa ofiziala izan da. Hala ere, emaitza ez da loteslea. Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari helaraziko dio galdeketaren emaitza, eta gero prozedura Batzar Nagusien esku egongo da. Hark hartuko du Usansoloren etorkizunari buruzko azken erabakia.
