→Galdakao

Usansolotarren % 81,54ak segregazioaren alde egin du

// Geuria

Egun garrantzitsua izan da gaur Usansolon. Galdakaorengandik segregatu ala ez adierazteko galdeketa egin dute gaur. Guztira 3.647 herritar zeuden deituta kontsultara, eta ‘Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?’ galderari 2.302 herritarrek erantzun diote (% 63,12) —2014ko galdeketan baino 115 gehiago—. Eta emaitzak honakoak: 1.877 baiezko (% 81,54), 329 ezezko (% 14,29), 47 ez daki-ez du erantzuten (% 2,04), 21 zuri (% 0,91) eta 28 baliogabe (% 1,22).

Galdeketa ofiziala izan da. Hala ere, emaitza ez da loteslea. Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari helaraziko dio galdeketaren emaitza, eta gero prozedura Batzar Nagusien esku egongo da. Hark hartuko du Usansoloren etorkizunari buruzko erabakia. Kontsulta Galdakaoko Udalak antolatu du, eta Usansolon erroldatuta dauden eta 16 urtetik gora dituzten herritarrek izan dute botoa emateko aukera.

2014an ere galdeketa egin zuten Usansolon. Orduan 2.187 lagunek eman zuten bozka (% 73) —gaurko galdeketan baino 115 gutxiago— eta emaitzak hauek izan ziren: 1.964 baiezko, 196 ezezko, 17 zuri eta 10 baliogabe. Duela zortzi urteko galdeketa hura ez zen ez ofiziala ez loteslea izan. “Hala ere, emaitza horrek balio izan zuen Foru Araua aldatzeko”, dio Monika Mena UHko bozeramaileak. Hain zuzen ere, indarrean dagoen Foru Arau horren arabera, udalerri bat independete izateko 2.500 biztanle izan behar ditu gutxienez. Usansolok 4.500 biztanle baino gehiago ditu.

Argazkiak | Mila herritarretik gora eman du momentuz bozka Usansoloren segregazioari buruzko galdeketan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak