→Galdakao

Unai Etxezarraga usansolotarrak Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera hasi du gaur

Everesteko kanpamentu nagusira igoera egingo duten zazpi lagunak eta, erdian, xerpa // Unai Etxezarraga

Mendizaletasuna gogoz bizi du Unai Etxezarraga usansolotarrak. Horrenbeste, munduko mendi altuenetariko bat igotzeari ekin diola gaur bertan: Everest mendia, alegia. Ez du zortzi milakoa osorik egingo (8.850 metro ditu Everest mendiak), baina oinarrizko kanpalekura heltzea da bere asmoa, gutxi gorabehera 5.300 metrotara. Zazpi laguneko talde batekin joan da Unai Nepalera: Ibai Etxezarraga bere lehengusuaz gain, lau galiziar eta beste euskaldun bat.

Urtarrilaren 3an iritsi ziren Kathmandura, eta gaur goizean bertan trekkinga hasi dute Lukla herritik (Nepal) Everesteko kanpamentu nagusira: “Kathmandutik abioneta bat hartu eta Luklatik hasiko dugu trekkinga. Hortik aurrera honako ibilbidea egingo dugu: Phakding (2.600 metro), Namche Bazaar (3.440), Tyangboche (3.860), Dingboche (4.410), Lobuche (4.910), Gorakshep (5.288) eta Everesteko kampamentu nagusia (5.364). Ondoren, Kala Pattharretik Lobuchera buelta egingo dugu, eta bertatik Luklara eta Kathmandura itzulera”, dio Etxezarragak. Guztira 17 egun egingo dituzte Nepalen.

Atzo gauean bertan hitz egin ahal izan genuen Unairekin, Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera hasi aurretik: “Urtarrilaren 3an heldu ginen Kathmandura eta lehenengoko egunean hiria ikusteko erabili ginun. Lehenengo inpresioa benetan ikaragarria izan zan! Kathmandura heldu eta hurrengo egunean hiria bisitatu genuen: Swayambhunath (Tximuen tenplua ezizenaz ere ezaguna) eta Boudhanath Katmanduko estupa sakratuena bisitatu genituen eta gauean Pemba gure Kathmanduko gidak afaltzera gonbidatuozkun bere xerpa lagun bategaz. Xerpa horrek Everest zazpi bider igo dauz, beste hainbet zortzi milakoen artean, noski”, dio Etxezarragak.

Unai eta Ibai Etxezarraga Reinhold Messner alpinistarekin // U.E.

Unai Etxezarraga Swayambhunath estupan, Tximuen tenplua ezizenaz ere ezaguna // U.E.

Erronka hau egiteko fisikoki prestatu behar izan duten galdetu diogu Unairi, eta zera erantzun digu: “Fisikoki egin doguz irteera handi batzuk, baina ez dogu egin normalean egiten ez dogun ezer. Egin doguzen irteerak material barrie probatzeko izan da batez be, hala nola, botak, motxila edota traileko zapatilak”, dio Etxezarragak: “Bidaiaren prestaketari dagokionez erraza izan da. Hilabete batzuk arinago pasaportea iraungi barik dekoguzela egiaztatu gendun. Txorakeria dirudi, baina gauza horrek dire gero barrizterakoan denbora gehien behar daurienak. Gero material zerrenda bat egin gendun eta ia gehiena erosten hasi ginen Ibai eta biok. Kathmandun, danetarik dau erosteko, beraz, gauza batzuk hemen bertan erosi doguz”.

Covid-19ak eragina izan du Unairen eta taldekideen bidaian: “Materialaren ostean tramitazio gehienak Covidagaz izan dute zerikusia”, dio Etxezarragak, eta gaineratu du koronabirusaren gaia izan dela “txarrena”: “Batez ere PCRen kontua. Gauza da hegazkina hartzeko PCR bat eduki behar dozule bai ala bai eta proba azken 72 ordutan eginda egon behar dala. Bizi doguzen garaietan ez dozu imaginetan zein zaila dan PCR bat lortzea eta 72 orduen barruen emaitza lortzea. Buelta asko eta asko emon ostean, Quiron klinika pribatura joan behar izan gendun 88 euroko PCRa egiteko, eta gero atzamarrak gurutzatu emaitza negatibo izateko! Eta, eskerrak, horrela izan zan! Gero aireportuan dokumentu guztiek eskatzen dauriez: Covid ziurtagiria, PCRa… Eta horiez gain, Dohan (geldialdia bertan egin gendun) Nepalera bidaiatzeko galdetegi bat bete behar izan gendun Internetetik eta bertan Covid-ari buruzko hainbat galdera ere eginozkuen: zein motatako txertoa jaso dogun edota noiz txertagu ginen bezalako galderak”.

-20ºko lo-zakua eta kutun bat

Everestera joateko erabakia duela urtebete inguru hartu zuen Etxezarragak: “Nire lehengusua dan Ibai Etxezarragaz berbaz hasi nintzen bidaia handi bat antolatzeko. Biok gabiz arraunean, Deustuko taldean, eta denboraldie amaitutakoan bidaia itzel bat prestatzeko asmoa eduki zauela esaozten Ibaik. Antza, Lur Uribarrenegaz —Kaikuko patroi ohia eta mendi-gida bezala ibiltzen dana— berba egin zauen eta Nepalera bidaia bat prestatzen zebilela esaotzen. Hortik gutxira hirurok batu ginen Usansoloko taberna batean eta erabakie hartu gendun: Nepalera bagoaz!”, dio Etxezarragak: “Bidaia honen zergatia oso argi dau: biok mendie maite doguleko eta guretzat Nepal, mendi arloan, munduko tokirik eta bereziena delako. Everest eta beste zortzi milako hainbet mendi ikusteak ez dekolako preziorik mendizale batentzako”.

Zazpi laguneko taldea, Pemba gidarekin eta xerparekin afaltzen // U.E.

Urtarrilaren 3an iritsi zen Kathmandura zazpi laguneko taldea // U.E.

Motxilan zer sartu behar izan duten galdetu diogu Unairi: “Motxilako % 90a kiroleko arropa da. Lurrek zerrenda bat bidaliozkun beharrezko gauza batzukaz, adibidez, -10°tako eskularruak, -20°tako lo-zakua, neguko galtzerdiek, neguko txanoa… Horrek izan dire erosi behar izan doguzenak, bestea: trekkingeko prakak, goretex jakea, plumas on bat, termikak, bota on batzuk, traileko zapatilak, ezpainetako babesa eta eguzkitako krema, mendiko betaurreko onak, buffak, frontala…”. Motxilan beste gauza bat du Unaik; bere bikoteak oparitutako kutun bat: “Everesteko kanpamentu nagusira heldutakoan, gure helburue heldutakoan, zabalduko dot”, dio Etxezarragak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak