→Galdakao

‘Zuekin’, haurren giza eskubideen aldeko kantua aurkeztuko du azaroan Kantu Kolorek

Kantu Kolore talde galdakoztarrak abesti berria estreinatuko du azaroaren 20an, Haurraren Nazioarteko Egunean. Abestiaren izena ‘Zuekin’ da eta, besteak beste, Aiora Renteria (Zea Mays), Mikel Markez eta Esti Markez, Gontzal Mendibil eta Donostiako Orfeoi Gaztearen parte hartzea izan du.

“Abestia Kantu Kolorerena da, baina oraingoan lagun izan ditugu artista ezagun asko”, dio Maitane Salvador Kantu Koloreko kideak. Haurren giza eskubideak jorratzen dituen abestia da: “Berdin dio non jaio, haur guztiek eskubide berdinak izan beharko lituzkete. Haur asko gerren menpe daude, ihesi, eta guk kantu honekin ere gurera gonbidatzen ditugu, eskuak zabalik ditugula eta ongi etorriak direla”, dio Maitanek.

Maitanerekin batera Kantu Kolore osatzen dute Mikel Leibarrek, Iñigo Agirrezabalak, Eider Etxeandiak, Ibai Encinak eta Jon Ander Amigok. Abestiaren bideoklipa ere kaleratuko dute eta helburu solidarioa izango du. Hain zuzen ere, Ndank Ndank senegaldar eta euskaldunen arteko kulturartekotasuna eta garapenerako lankidetza sustatzen duen elkarteari emango diote bideoklipetik bildutako dirua: “Bideoa sare sozialetan eskegiko dugu eta ikustaldi guztiengatik eta deskarga bakoitzagatik jasotzen duguna emango dugu dohaintzan”, dio Maitanek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak