→Ugao

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Hasierako Onarpen Fasearen aurkezpena Ugaon

ugao hirigintza 2016 diagnostikoa
Etorkizuneko bizitegi-espazioen eta lurzoru urbanizaezinen diseinuaz aritu ziren aurkezpenean, besteak beste. /Geuria

Pasa den azaroaren 11n udalerriko hainbat biztanle eta toki-korporazioko arduradun nagusia Ugaoko Kultur Etxean elkartu ziren Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Hasierako Onarpen Faseari buruzko dokumentazioaren edukia ezagutzeko. Bertan, HAPOk barnebiltzen dituen kontzeptuak berrikusi ziren, indarrean dagoen lege-esparrua eta proiektuaren hurrengo garapen-faseekin batera. Ondoren, planaren helburuak eta hartzen dituen gaiak azaldu ziren. Esaterako, etorkizuneko bizitegi-espazioen eta lurzoru urbanizaezinen diseinua, jarduera ekonomikoena, ekipamendu publikoen zuzkidurak eta abar.

Bestalde, Ugaon dauden komunikabideak azaldu ziren eta mugikortasun eraginkorrago eta iraunkorrago bat lortzeko alternatiba aproposei buruzko ideiak eman ziren aditzera. Horrez gain, kontuan hartu diren beste zenbait arlo garrantzitsu egon ziren presente. Adibidez, genero-ikuspegia. Baita udalerriko natur ingurunea eta kultur ondarea.

Ekitaldian elkarrizketa irekia bultzatu zen, proposatutako ekintzak eztabaidatzeko intentsioarekin. Gainera, HAPO egiteko prozesua azaltzen duen triptiko bat banatu zitzaien bertaratutakoei, non herritarrek parte hartzeko dituzten aukerak azaltzen diren. Triptiko hauek udal instalazio jendetsuenetan ere utzi dira, biztanle guztiak jakinaren gainean egon daitezen. Helburu berarekin, Plan Orokorra idatzi duten adituek prestatutako panel multzoaren erakusketa Jane jauregian bertan egon da bi hilabetez ikusgai.

Aurkezpen publiko honen ondoren, 45 eguneko epea izan dute herritarrek informazioa kontsultatzeko eta, behar izatekotan, urtarrilaren 17ra arte, alegazioak aurkezteko. Aurreko urriaren 29an eman zion Ugaoko Udalak hasierako onarpena 2016. urtean abiarazitako HAPOri osoko bilkuran. Oraingo fasea, hots, IV. fasea, hilaren 20an ez bada, 21ean onartuko dela adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak