→Hego Uribe

186 genero indarkeria kasu antzeman zituen iaz Barrualde-Galdakao ESIak

Barrualde-Galdakao ESIak genero indarkeriarekin lotutako 186 kasu antzeman zituen iaz, 2018an baino 19 gehiago. Horietatik 150 lehen arretan artatu zituzten eta 36 larrialdi zerbitzuan.

Barrualde-Galdakao ESIa 17 osasun zentrok eta bi ospitalek osatzen dute // argazkia: ihobe

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak genero indarkeriarekin lotutako 186 kasu antzeman zituen 2019an, 2018an baino 19 gehiago. Horietatik 150 lehen arretan artatu zituzten eta 36 larrialdi zerbitzuan.

2018ko datuekin konparatuta, Barrualde-Galdakao ESIko lehen arretetan bederatzi kasu gehiago antzeman dituzte 2019an eta hamar gehiago larrialdi zerbitzuetan.

Bizkaia osoan guztira 664 kasu artatu zituzten 2019an, aurreko urtean baino 35 gehiago: 371 larrialdietan (% 5,7 gehiago) eta 293 lehen arreta zerbitzuan (% 5,4 gehiago). Iaz zenbatu ziren 2013tik Bizkaiko Larrialdi Zerbitzuetan azaleratutako genero indarkeria kasu gehien: Bilbo-Basurtu ESIan 222 kasu (% 59,8), San Eloy Ospitalean 56 kasu (% 15,1), Barrualde-Galdakao ESIan 36 kasu (% 9,7), Gurutzetako Ospitalean 35 kasu (% 9,4) eta Uribe ESIan 22 kasu (% 5,9).

Datuak aurreko ekitaldiko erregistroarekin alderatuz gero, ez dago alde nabarmenik: aldaketarik handiena Barrualde-Galdakao ESIak antzemandako intzidenteetan ikusten da. Izan ere, 2018an 26 kasu zenbatu zituzten, eta 2019an genero-indarkeriako 36 kasu erregistratu zituzten.

150 kasu lehen arretan

Bestetik, Bizkaiko Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak 293 genero-indarkeria kasu jakinarazi zituen iaz, 2013tik izandako kopururik altuena. Barrualde-Galdakao ESIa (150 kasu) izan zen, aurreko ekitaldietan bezala, kasurik gehien detektatu zituen osasun-erakundea (% 51,2). 2018ari dagokionez, Barrualde-Galdakao ESIan bederatzi kasu gehiago detektatu dituzte 2019an.

Barrualde-Galdakao ESIa 17 osasun zentrok (Amorebieta-Etxano, Amurrio, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Etxebarri, Galdakao, Gernika, Gernikaldea, Igorre, Kareaga, Landako-Durango, Laudio, Lekeitio, Markina, Matiena-Abadiño eta Ondarroa) eta bi ospitalek osatzen dute (Galdakao-Usansolo eta Gernika-Lumo).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak