→Hego Uribe

Merkataritza eta euskara uztartzeko Kaishop kanpaina zabaldu dute Basaurin eta Etxebarrin

Hego Uribe eskualdean Basauri eta Etxebarri batu dira Kaishop kanpainara. Horiez gain, Erandion, Gernika-Lumon, Getxon, Mungian, Muskizen eta Txorierrin jarri dute martxan kanpaina.

Azaroaren 7an jarri dute martxan kanpaina Basaurin eta Etxebarrin // Kaishop

‘Kaishop, zer behar duzu?’ kanpaina zabaldu dute Bizkaiko zenbait udalerrik eta eskualdek, Alkarbide euskara zerbitzuen bilgunearen eta Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kanpainaren helburua da merkataritza eta euskara uztartzea. Hego Uribe eskualdean Basauri eta Etxebarri batu dira Kaishop kanpainara. Horiez gain, Erandion, Gernika-Lumon, Getxon, Mungian, Muskizen eta Txorierrin jarri dute martxan kanpaina.

Azaroaren 7an abiarazi dute kanpaina eta bi gai nagusitan jarri nahi dute arreta: “Alde batetik, tokian tokiko merkataritzak ematen digun tratu pertsonal eta gertukoa, urrutiko erosketetan sentitu dezakegun tratu inpertsonalarekin alderatuz. Izan ere, kalitatezko produktuak gertu eskuratzeko aukera ematen du, gure beharretara egokitzen den zerbitzu bati esker, eta bestetik, euskarak tokian tokiko merkataritzan duen garrantzia. Euskara guztiona da, jantzia, osoa, aberatsa, gertukoa, kalitatezkoa. Beste hizkuntzetan erostean batzuetan deseroso edo arrotz sentitu gaitezke”, diote sustatzaileek. 

Kaishop eta Euskaraldia

Kaishop kanpaina azaroaren 7an hasi da, eta behin kanpaina amaituta, azaroaren 20an Euskaraldia hasiko da. “Kanpainaren datak ekimen honekin lotzea ez da kasualitatea; gai berari heltzeko bi modu ezberdin dira eta elkar elikatzen dira”, diote sustatzaileek: “Basauriko zein Etxebarriko merkatariek urte osoko lana egiten dute bezeroari “zer behar duzu?” batekin euskaraz agurtu eta arreta emanez”.

Basauriren kasuan, Udaletik jakinarazi dutenez, “harremana euskaraz egiten duten bezeroek oparia izango dute: Kaishop poltsa, alegia”. Datozen hilabeteetan Basauriko dendari euskaldunen artean banatuko dituzte poltsa horiek. Etxebarrin Udalak azpimarratu du, “ahalegin handia” egin duela tokiko merkataritza dinamizatzeko hainbat eremutan, “hala nola, ekonomian eta hizkuntzan, azaroan zehar zabalduko diren diru-laguntzen eta laguntzen ildoen bitartez”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak