Sareak

☉ Hego Uribe

Belardi Records: “Euskal Herriko artisten arteko lankidetzan jarri nahi dugu gure indarra”

Urtetan zehar egindako lana loratzen ari da. Arrigorriaga, Etxebarri eta Gernikaren arteko konexioa da Belardi Rockers kolektiboa. ‘Hell Boy’ bideoklipa kaleratu berri dute eta baduet prest ‘Esperanza’ lehen diska

|

Gazteak, sorkuntza, hizkuntza, tik tok, elkarlana… Horiek guztiak batzen ditu Belardi Records kolektiboak: sorkuntzaren ekoizpenean murgiltzen den mugimendu kulturala sustatzen duen lagun taldea. 2017an eratzen hasi ziren martxan, orduan ‘Logica del Norte izenpean, Asier Romanen ‘Jasier’ (Arrigorriaga, 1997) eta Markel Gonzalezen ‘Mark-L’ (Arrigorrriaga, 1998) eskutik. Arrigorriagako institutuan ezagutu zuten elkar eta rap abestiak idazten hasi ziren.

Hurrengo urtean, eta Asierren lehengusu nagusiaren laguntzarekin, Bergoi Sevillaren ‘Berso’ (Etxebarri, 1992) eta Gorka Munitisen ‘Surk.O’ (Gernika, 1992) laguntzaz, laukote gisa jarraitu zuten. Azken bikote honen ekoizle eta DJ lanari esker, musika eskaintza zabalagoa eta zuzeneko txukunak lantzeari ekin zioten. 2019an hasieran, Cristian Jofré “Krijo” (Buenos Aires, 1972) musikagile eta ekoizlea kolektibora batu zen. Orduan hasi ziren helburu trinkoak finkatzen eta era koordinatuagoan lan egiten.

Musikan ibilbide zeharo desberdinak dituzten taldekideek, Belardi Records izeneko zigilu independente eta autogestionatu bat sortzea erabaki zuten, eta horren inguruan hitz egin digute.

Zergatik ‘Belardi’ hitza unibertso oso bat eraikitzeko?
Asier Roman: Belardi aukeratu genuen euskal paisaian dagoen ezaugarri oso nabarmena delako; belardi berde handiak, hain zuzen ere. Hortaz, kontzeptu hori hartu eta Rockers hitza erantsi genion esanahia borrokarekin lotura zuzena duelako, eta bi hitz horien baturarekin gure taldearen izena sortu genuen.
Markel Gonzalez: Talde gisa lotu gaituena musika da. Txikitatik gustatu izan zaigu, eta gure erara hurbildu gara musikara bide ezberdinetatik. Sentimendu bat sorrarazi digu eta elkar ezagutu genuenean pixkanaka-pixkanaka talde berri baten ideia sortu egin zen.

Zer egin duzue Belardi Recordsetik?
Bergoi Sevilla: Hibridazio musikaletik abiatuta, 360 gradutara begira materiala sortzen dugun kolektibo bat garela esan genezake, bai artistikoa, bai sortzailea. Gutxi gara oraindik baina gure intentzioa arlo guztiez arduratzea da, musikaren adar guztiak bultzatuz.
Gorka Munitis: Belardi Rockers abeslarien taldea da eta Belardi Records beste alde batetik planteatu dugu, esparru zabalagoak barnean hartuz. Besteak beste, grabaketa saioak, ikus-entzunezko muntaiak eta ekoizpen pertsonalizatuak eskaintzen ditugu.

Belardi Rockers / Geuria

Zer ekarpen egiten diozue bost kideetako bakoitzak taldeari?
G.M.: Gure rolak borobiltzen saiatzearen, Markel eta Asier abeslari gisa aritzen dira gehienbat, eta Bergoi, Cristian eta hirurok teknikari modura lan egiten dugu. Baina bakoitzak esparru guztietako alderdi gutxi batzuk hartzen ditu; orduan, denon artean besteek egiten dutenetik ikasten ari gara, eta modu batera edo bestera elkarren osagarri gara.
B.S.: Gu ez gara profesionalak, baina denetarik egiten dugu. Gustatzen zaiguna ahal dugun hobekien egiten saiatzen gara, ikuspuntu ezberdinak partekatuz.

Musika talde gisa, zein gai jorratzen dituzue, oro har, zuen abestietan?
A.R.: Alderdi hori oso subjektiboa dela esango nuke. Nire kasuan, letretan kritika soziala egiten ahalegintzen naiz batik bat. Bestalde, sentimenduen inguruko hausnarketa ere egiten dut batzuetan.
M.G.: Niretzat musika sentimenduak adierazteko modu bat da, eta pentsatzen dudana edota bizi dudana abestietan islatzea gustatzen zait. Bergoik ere bere abestiak egiten ditu eta Gorka pixkanaka gerturatzen hasi da.

2019ko urrian atera zenuten zuen lehen EP-a edo erreprodukzio hedatua.
M.G.: Aurkezpen moduko bat izan zen, entzuleek zer-nolako musika egingo genuen jakin ahal izateko. Hiru abestiz osatuta dago, bata Bersorena, bestea Jasierrena eta azkena nirea. Bertan, bakoitzaren estiloak batu genituen; reggaea, rapa eta trapa bereziki.
A.R.: Uneoro eraldatzen ari gara, bai musikalki, bai talde bezala. Gure burua birplanteatzen eta estilo berriak bilatzen ditugu; hau da, ez gara estilo bakar batera ixten, gauza gehiago probatu behar ditugula uste dugulako. Musika jakin batean oinarritu izan gara beti, baina denborak aurrera egin ahala modernoagoak diren soinuak hartzen joan garela esan dezakegu.

Pasa den hilean “Hell Boy” izeneko kanta berria aurkeztu zenuten.
M.G.: “Hell Boy” abestia duela gutxi grabatu genuen eta publikoaren harrera oso ona izan da nire ikuspuntutik. Ez ditugu milaka erreprodukzio, baina gure lagunei eta ingurukoei gustatu egin zaie. Gaur egun publikoak entzun nahi duen letra bat da, egunerokoari buruzkoa. Emozio guztietatik pasatu behar dugula uste dut, eta letra hori idatzi nuenean nire punturik gorenean nengoen.
B.S.: Bat-batean sortu zen ideia. Estudiora iritsi eta Mark-L eta Krijo grabatzen ikusi nituen. Egiten ari zirena probatzera gonbidatu ninduten, gustatu egin zitzaigun eta aurrera ateratzea erabaki genuen. Nahiko ondo funtzionatzen duen kanta dela uste dut, milaka aldiz egin dena, eta orain hortik aurrera egin behar dugula. Ondo dago horrelakoak egitea eta geltoki horretatik igarotzea, baina nire ustez ez dugu horretan bakarrik geratu behar.

Belardi Rockers / Geuria

Jai herrikoietan eta hainbat ekitalditan parte hartu duzue. Zein da orain arte gehien gozatu duzuen esperientzia?
M.G.: Dudarik gabe, iazko 40 Minutu Rockean egin genuen kontzertua paregabea izan zen. Nire bizitzako egunik onena. Azken finean, gure ibilbidea ez da hain luzea, eta oraindik jaiotzen ari garela esango nuke. Profesional izatetik hurbilen egon garen unea bezala bizi izan genuen.
G.M.: Aiala Dot artistak gonbidatu gintuen eta musika arloan eduki dugun esperientziarik onena izan da. Gainera, gurekin lan egin duen pertsona batek gonbidatzeak garrantzi berezia ematen dio eta pilo bat eskertzen diogu. Ni DJa naizenez, gogoratzen dut lehena izan nintzela eszenatokira igotzen, eta lehenengo instrumentala sartu nuenean belaunak gora eta behera dardarka hasi zitzaizkidan. Gero, Markel igo egin zen abesten hasteko, eta hain gogotsu ikusi nuen, non nerbio guztiak kendu zitzaizkidan eta kontzertua super ondo joan zen.

Kolektibotik kanpoko zein artistekin lan egin duzue dagoeneko?
G.M.: Nahikotxorekin, batez ere Euskal Herriko rap eszenan. Aiala Dot, P de Raperu, Ziztada eta R-Lantz, Beñaranks… Reggae eszenako hainbat selektoreekin ere baditugu elkarlanak. Bestalde, kolektibo ezberdinei elkarrizketak egin dizkiegu; adibidez, Brutality Sound System, Yare Collective, Bihurri Dub edo Herriko Kings.
A.R.: Artista askorekin hitz egitea eta zerbait prestatzea falta zaigu, baina aurrera egiteko gogoa dugu. Oso esperientzia positiboak izan dira guztiak. Euskal Herrian artisten arteko lankidetza falta dela uste dugu, eta horretan inbertitu nahi dugu gure denbora eta esfortzua, Euskal Herri mailan musika bultzatzeko gakoa izan daitekeelako. Musika urbanoa industrian sartu nahi baldin badugu guztion arteko elkarlana funtsezkoa izango da.

Hasi zarete etorkizuneko proiekturen bat lantzen?
B.S.: Album bat daukagu grabatuta jada, 10-11 abestiz osatuta dagoena. Hainbat gai jorratu ditugu, hala nola barne-borroka edo amodioa, eta “Esperanza” izena jarri diogu, une honetan denok behar duguna. Aurten pentsatzeko denbora asko izan dugu, paperean ideia pilo bat jarri ditugu eta oso dibertigarria izan daitekeela uste dugu. Estilo aldetik, rap klasikotik, trap kañeroa eta reggae kutsu batzuk izango ditu, eta uda baino lehen atera ahal izatea espero dugu.
A.R.: Hala ere, aurreko etapa baten modura ikusten dugu, aspaldi egin genuelako. Gure materiala kaleratzeko ahalmena oso urria denez, argitaratzerako denbora luzea joan da. Ez da profesionalek egiten duten bezala: grabatu eta segituan kaleratu. Prozesu bat darama eta lan handia egiten dugu gauzak ondo atera daitezen.

Belardi Rockers / Geuria

Proiektu mordoa egin dituzue ahalegin eta dedikazio handiz, inolako laguntza barik.
M.G.: Guk ere ez dakigu nola egiten dugun. Lana eta pazientzia. Denbora ematen dugu gustuko dugun honetan. Euskarri digital askotan eskuragarri daude gure lanak: YouTube, Instagam, Spotify, Bandcamp, SoundCloud… Erraztasunak jartzen ditugu jendeak gure musika edozein lekutatik deskargatu eta entzun ahal izateko, baina egia da YouTuberi eta Instagrami pisu handiagoa ematen diogula. Gaur egun, musika ikus-entzunezko produktua bihurtu da, begietatik belarrietatik baino lehenago sartzen delako.
B.S.: Premia bat da guretzat, musikaren yonkiak gara eta ezin dugu (ezta nahi ere) utzi. Zabalkundea da guretzat zailena, ez baitakigu marketin-estrategiei buruz. Baina egiten dugun guztia %100 organikoa da.
G.M.: Guk kudeatu dugu dena hasieratik, eta urteetan zehar bildutako dirua ekipoan inbertitu dugu. Kontzertuetan egia da diru askorik ez dugula irabazten, orduan bakoitzaren ekarpenaren arabera doa ekipoaren hazkundea. Pixkanaka ikasten joan garenarekin eta erosten joan garenarekin produkzio ezberdinak kaleratu ditugu.

Musikaren industria eta negozio-eredua asko aldatu da egungo egoera sozial, ekonomiko eta teknologikoaren eraginez. Zein da zuen iritzia ekoizle eta erabiltzaile gisa?
B.S.: Egun, Spotify eta YouTuberen inpaktua izugarria da. Plataforma handi asko daude denon eskura, baina ez dakigu nora doazen. Bandcamp, adibidez, plataforma libre bat da, artista bakoitzari bere musikaren prezioa jartzeko aukera ematen diona. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu, musika entzutea asko ahalbidetzen duelako, baina, bestetik, ez dauka iragazkirik. Ez dago inolako kontrolik.
G.M.: Nik nabari dudan aldaketarik sakonena musika kontsumitzeko era da. Lehen musika MP3 txikietan edo diskoetan entzuten zen eta ez zenuen bisualki inolako estimulurik. Baina gaur egun abesti batek askoz ikustaldi gehiago jasotzen ditu bideo batekin, eta horrek eragina du erabiltzaileengan ere bai. Azkenean, abesti horren funtsa ez da abeslariak transmititu nahi duen mezuan geratzen, bideo horrek duen inpaktu bisualean baizik. Hortaz, alde batetik egia da merkatua gero eta handiagoa dela, baina musikaren balioa jaitsi egin da.

Teknologiarekin batera, Autotunea. Egun danok izan gaitezke abeslari?
M.G.: Ez gara ezertara itxi behar eta beste musika-tresna bat bezala ikusten dugu. Azken finean, nik abestu nahi baldin badut baina ez badut ondo abesten, zergatik ez erabili? Gustatu ahal zaizu edo ez, oso subjektiboa da. Guk askotan erabili dugu eta erabiltzen jarraituko dugu, nahiz eta gaiari buruzko eztabaida egon. Musikaren munduan sartu den elementu berri bat da, kontrolatzen ikasi behar den beste baliabide bat.

Orain dela hilabete, Chill Mafia talde nafarra ezagutu genuen. Zuen filosofia Chill Mafia eta Chill Mafia Recordsen antzekoa dela ikusi dugu. Bat-bateko arrakasta txikia lortu dutela esan daiteke.
B.S.: Chill Mafia Nafarroako gazte batzuk dira, jende askorengana heldu direnak tradizionalismo batekin apurtu dutelako. Kontzeptuari buelta eman diote. Xabier Leteren kantak eta mezu kostunbristak XXI. mendeko egunerokotasunarekin nahastu dute. Niri pertsonalki asko gustatu zait jarrera punki hori. Publikoak flipatu egin du eta hori egin behar dela uste dut: kontzeptua aldatu, modernizatu, baina sustrai politak mantendu. Esango nuke talde gisa dugun filosofia haien antzekoa dela ekoizpenari begira. Era guztietako estiloak egiten dituzte, eta uste dut hori dela arrakastarako sekretua. Gainera, Niko ezagutzen dut eta ziur nago kolaborazioren bat landuko dugula haiekin.

Beraz, gaur egungo gazteak musikaren sorkuntzara inguratzen ari dira?
G.M.: Gero eta gehiago. Izan ere, Interneti esker erraztasun gehiago ditugu ikasteko eta ekoitzen hasteko. Gainera, Tik Tok eta horrelako plataformak eragin handia izan dutela uste dugu. Enpresa handi bihurtu dira, biralak egin eta boterea hartu dutenak, eta zein abestiri garrantzi handiagoa eman aukeratzeko gaitasuna dute. Zer abestiri ez ezik, zein formatutan eta zer estilo motak ikusgai bihurtuko diren ere erabakitzen dute, eta oso arriskutsua iruditzen zait. Orain jendeak 15 segundoko piluletan nahi du musika. Eta Tik Token formatua horixe bera da: irabiagailuan sartutako abesti bat, zeinetik 15 segundoko zati bat ateratzen den eta arrakasta lortzen duen.

Trap-rap-musika urbanoaren protesta eta kriminalizazioa… Gauza asko nahasten dira
kontzeptu hauetan, eta erdian, gazteak.
A.R.: Estiloak alde batera utzita, oso garrantzitsua da jorratzen diren gaiak. Musika gizartea eraldatzeko tresna izan daiteke, herritarren kontzientzia eta interesa pizteko. Beraz, abesti batean lantzen diren mezuak horretan eragina izateko egin behar direla uste dut, erantzukizun bat badagoela. Historikoki beti lotu izan da gazteria errebeldia eta delinkuentziarekin. Gazteek sortu dituzten estilo berriak kritika soziala egiteko eta haien hira kanporatzeko izan dira, eta orain rap, hip hop eta traparen txanda heldu da. Eta 40 urte barru beste estilo batzuk helduko dira.
B.S.: Arazoa gizartea da. Bakoitzaren erantzukizuna da nola interpretatzen duen artista baten mezua. Artista askok dioten bezala, ez dute inor bere musikarekin hezi behar. Hori batzuetan nahastu egiten dugu, figura publiko batek hezi behar gaituela espero dugulako. Badira, halaber, Anuel AA bezalako izar handiak gizartera mezu toxikoak eramaten dituztenak, emakumeei buruzkoak adibidez, eta hori normalizatzea oso arriskutsua da.
M.G.: Garrantzitsua da nabarmentzea alde batetik artista dagoela eta bestetik pertsona. Batzuetan eraikitako pertsonaiak dira, C.Tangana esaterako. Askotan ahaztu egiten da hori, artista baten atzean beste pertsona bat dagoela. Artea da eta interpretazio mota asko daude, inolaz ere kritikatu behar ez direnak.

Izan ere, azken urteetan, adierazpen askatasuna zalantzan jarritako gaia izan da.
A.R.: Guk argi dugu, gure adierazpen-askatasuna zeurea hasten den unean amaitzen da. Hau da, beste pertsona bati kalte egiten diozunean. Adierazpen askatasunak hori izan behar du: nahi duzun horretan, nahi duzun bezala, baina beti errespetuz. Muga hori ezin da inoiz zeharkatu. Mundu guztiak ditu eskubide eta askatasun berberak.

Kolaborazio batzuk euskaraz egin badituzue ere, zuen sorkuntzan euskara ez dago hain presente. Zer da zuentzat hizkuntza batean aritzea?
A.R.: Euskal Herrian bizitzeagatik pentsatzen dugu gaztelaniaz gain euskarak ere pisu handia izan behar duela. Abesti batzuk euskaraz egiten saiatzen gara, nahiz eta trebetasun bera ez izan. Ez da gauza bera rap abestiak gaztelaniaz edo euskaraz egitea, eta gaztelaniaz hobeto moldatzen gara. Hizkuntza ere talde baten identitatea izan daiteke.
G.M.: Kantak gaztelaniaz egiten ditugunean ez dugu kontzienteki egiten, erraztasunagatik baizik. Ez dago inolako asmorik. Euskaraz egin ditugunak, aldiz, euskaraz izatea nahi izan dugulako izan dira. Eta euskaraz egiten jarraituko ditugu, hizkuntza bultzatu nahi dugulako. Are gehiago, oraindik ez ditugu kaleratu, baina dagoeneko prest eta labean daude, garrantzitsua iruditzen zaigulako euskarazko materiala egitea.

Belardi Rockers / Geuria

Zeintzuk dira epe luzerako aurreikusi dituzuen helburuak?
M.G.: “Hell Boy” abestian esaten dugun bezala: badakigu nondik gatozen, baina ez nora goazen. Zalantzarik gabe, gure asmoa musika egiten jarraitzea da. Baita elkarlana bultzatzea eta jende askorekin lan egitea ere.
B.S.: Eta etorkizunean profesionalizatzeko aukera baldin badugu, primeran. Estudioa handitzea eta hobetzea gustatuko litzaiguke, eta ekoiztetxe txiki gisa lan egitea. Gure lana pausu bat aurrerago eramatea.

☉ Hego Uribe

Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk

Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

|

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu dituzte // Argazkia: Irekia

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.

Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).

Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.

“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.

Sarratu-Aperribai tartea

Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.

“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.

Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.

Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.

Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.

Aperribai-Galdakao tartea

Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.

“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.

Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.

“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.

Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita

Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.

“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte Basaurin eta Galdakaon

Jaialdia martxoaren 21ean izango da Durangon. Sarrerak salgai daude Basaurin eta Galdakaon

|

Palestinaren aldeko mobilizazioa Elorritxuetan, Espainiako Vueltan // Geuria

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da, eta helburua da “Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzea”.

Musika nagusi izango da jaialdian, eta dagoeneko honako artistek eta taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Ødei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta.

Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza ere izango dira jaialdian. Eta, izen gehiago iragartzeko daudela adierazi dute antolatzaileek.

Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 edo 25 euroan. “Ekimen honen helburua erresistentzia sustengatzea denez, bi prezio dituzue aukeran. Ez dago alderik sarreran, ekarpen ekonomikoak baizik. Ekitaldi solidarioa izanik, bakoitzak bere ahalmenaren edo nahiaren arabera erabaki dezala zenbatekin lagundu nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta errepresioaren aurkako kutxa”, diote.

Hego Uribe eskualdean Basaurin eta Galdakaon jarri dituzte sarrerak eskuragarri: Fissions eta Berezi tabernetan Basaurin, eta Zurrut tabernan Galdakaon. 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Eskolarteko Herriarteko eskuzko txapelketa jokatuko dute Basaurik, Galdakaok eta Zeberiok

|

Partidak asteburu honetan hasiko dira // Geuria

Eskolarteko Herriarteko eskuzko txapelketa hasiko da asteburu honetan. Hego Uribe eskualdetik Basaurik, Galdakaok eta Zeberiok hartuko dute parte txapelketan.

Basaurik Zaldibarren, Lezamaren eta Abadiñoren kontra jokatuko du; Galdakaok Larrabetzuren, Durango Bren eta Orozkoren aurka; eta Zeberiok Igorreren, Gallarta Bren eta Orduñaren kontra.

Guztira zortzi multzotan banatuta, Bizkaiko hainbat udalerri daude ordezkatuta txapelketan: Gallarta A, Markina A eta Amorebieta-Etxano (A taldea); Lemoa A, Bermeo, Gernika Lumo eta Balmaseda (B1 taldea); Iurreta, Amorebieta-Etxano B, Durango A eta Lea Ibarra (B2 taldea); Zeanuri, Sopela, Markina B eta Dima (B3 taldea); Larrabetzu, Durango B, Galdakao eta Orozko (B4 taldea); Basauri, Zaldibar, Lezama eta Abadiño (B5 taldea); Igorre, Zeberio, Gallarta B eta Urduña (C taldea); eta Barakaldo, Santurtzi, Lemoa B, Elorrio, Sestao eta Muskiz (D taldea).

Egutegia | Hego Uribeko taldeak

Urtarrilak 30, ostirala
– Igorre vs Zeberio (1. jardunaldia)
17:14 Igorreko frontoia

– Basauri vs Zaldibar (1. jardunaldia)
18:00 Artunduagako frontoia

Otsailak 1, igandea
– Galdakao vs Orozko (1. jardunaldia)
10:30 Kurtzeko frontoia

Martxoak 1, igandea
– Abadiño vs Basauri (2. jardunaldia)
– Durango B vs Galdakao (2. jardunaldia)
– Gallarta B vs Zeberio (2. jardunaldia)

Martxoak 29, igandea
– Basauri vs Lezama (3. jardunaldia)
– Galdakao vs Larrabetzu (3. jardunaldia)
– Zeberio vs Urduña (3. jardunaldia)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | Faxismoaren aurkako manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute Hego Uribeko GKStik

Urtarrilaren 31n manifestazioa deitu du GKSk Bilbon. Hego Uribe eskualdean antolatu eta aurkezpenak eta hainbat ekintza burutu dituzte

|

Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka manifestazioa deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS).

Urtarrilaren 31n, larunbatez, izango da mobilizazioa Bilbon (Jesusen Bihotzetik, 18:00etan) eta Iruñan, eta Hego Uribeko GKStik deialdiekin bat egiteko deia luzatu dute. 

Eskualdetik manifestaziora joateko hitzorduak zehaztu dituzte: Arrigorriagan 17:10ean tren geltokian, Basaurin 17:00etan Arizko metro geltokian, Galdakaon 16:45ean Eroski aurreko autobus geltokian, eta Usansolon 16:45ean tren geltokian.

“Faxismoa eta Estatuen joera autoritarioa egun indarra hartzen ari diren bi auzi dira. Biak ala biak egiturazko baldintza bati erantzuten diote, krisi kapitalistari alegia. Izan ere, irabazi tasa beherantz doan momentu honetan oligarkia atlantistak faxismoaren eta estatu autoritarioaren aldeko apostua egiten ari da bere interesak defendatzeko helburuarekin”, diote.

Ildo horretan, faxismoaren kontrako borroka “indartu” behar dela adierazi dute: “Nahiz eta Euskal Herrian oraindik ere gorputz antolaturik ez duen arren, ideia erreakzionarioak hedatzen ari dira. Ideia arrazistak, klasistak, matxistak… zabaltzen ari dira eta geroz eta inpunitate gehiago lortu dute. Horren guztiaren seinale da egun euskaraz eta sinbologia aurrerakoiz mozorrotzen diren euskal adierazpen arrazistak eta faxistak”.

“Estatu autoritarioari eta faxismoari gaurdanik aurre egiteko balditzak sortu behar ditugu eta Gazte Koordinadora Sozialistatik urtarrilaren 31n deitu dugun mobilizazioak horri ekarpena egitera dator. Gaur egun kalera atera eta indar erakustaldi bat egitea ezinbestekoa da indarra hartzen ari den zentzu komun geroz eta atzerakoagoari euste horma bat sortzeko eta mundu mailan artikulatzen ari den mugimendu faxistaren aurrean antifaxismo iraultzaile baten indarra erakusteko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

24. Korrika martxoaren 27an igaroko da Hego Uribe eskualdetik

Hego Uribe eskualdean Korrikak zehatz-mehatz egingo duen ibilbidea jakin nahi? Albiste honetan jaso dugu!

|

2024ko Korrika Basauritik igaro zenekoa // AEK

24. Korrikaren ibilbidea publikatu du gaur AEKk. ‘Euskara gara’ lelopean, martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta martxoaren 29an bukatuko da Bilbon.

Hego Uribe eskualdean martxoaren 27an, ostiralez, igaoroko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.

Aurtengoa, gainera, goiztiarra izango da Korrika: 04:48ean helduko da lekukoa Ugaora Arrankudiagatik, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao eta Usansolo zeharkatuko ditu.

Guztira, hiru ordu emango ditu Korrikak Hego Uriben; izan ere, Bediarako bidea 08:07an egingo du lekukoak.

Zaratamotik eta Zeberiotik aurten ez da pasako Korrika, baina bertako herritarrek eta erakundeek bat egingo dute ekimenarekin beti bezala.

2.175 kilometro

Guztira 2.175 kilometro egingo ditu lekukoak Euskal Herrian zehar euskararen aldeko mezu sekretua barruan daramala, 11 egunez eta 10 gauez. Eta AEKko arduradunek zehaztu dutenez, 3.436 lekuko hartze izango ditu.

Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko du AEKk.

Hego Uribe eskualdean 70 kilometro egingo ditu lekukoak, 2.408tik 2.477ra.

Ugaon zortzi kilometro egingo ditu, 2.408tik 2.415era (04:48tik 05:02ra); Arrigorriagan 11 kilometro, 2.416tik 2.426ra (05:06tik 05:32ra); Basaurin 26 kilometro dira Korrikak egingo dituenak, 2.427tik 2.452ra (05:35tik 06:36ra); Etxebarrin bost kilometrokoa izango da ibilbidea, 2.453tik 2.457ra (06:39tik 06:56ra); Galdakaon 15 kilometro egingo ditu, 2.458tik 2.472ra (06:59tik 07:47ra); eta Usansolon beste bost kilometro egingo ditu, 2.473tik 2.477ra (07:51etik 08:07ra).

Korrika 2026 | Ibilbidea Hego Uriben

Martxoak 27, ostirala

HERRIAKILOMETRO ZENBAKIAHELBIDEAORDUA
Ugao2408Ugaoko Sarrera. Sabino Arana eta Arana y Lupardo bidegurutzea04:48:05
Ugao2409San Bartolome kalea – Txakala04:50:02
Ugao2410Udiarraga, 69 – Felipe taberna04:51:59
Ugao2411Torre de Ugao, 9 – Laboral Kutxa04:53:37
Ugao2412Victor Chavarri y Salazar etxetaldea04:55:34
Ugao2413Udiarraga kalea, 504:57:11
Ugao2414BI-625. Txako auzoa, 1604:59:28
Ugao2415BI-625. Txako industrialdea05:02:23
Arrigorriaga2416BI-625. Errepide erdian, IAT inguruan05:06:17
Arrigorriaga2417BI-625. Martiartu industrialdearen sarrera05:10:11
Arrigorriaga2418BI-625. Aixarte etorbidea, 21. Gasolindegia05:14:05
Arrigorriaga2419Aixarte etorbidea, 8. Monty tailerra05:17:20
Arrigorriaga2420Aixarte etorbidea, 5. Sugar taberna05:19:37
Arrigorriaga2421Sebero Otxoa kalea, 15. Laboraleko bus geltokia05:22:13
Arrigorriaga2422Sebero Otxoa kalea, 3. Natalia05:24:10
Arrigorriaga2423Urgoiti pasealekua, 10. Osasun zentroa05:26:07
Arrigorriaga2424Sebero Otxoa, 7. Zubi zaharra05:28:43
Arrigorriaga2425Sebero Otxoa, 10. Lonboko biribilgunea05:30:59
Arrigorriaga2426Lanbarketa. Autobus geltokia05:32:59
Basauri2427Atxukarro sarrera05:35:52
Basauri2428Elizondo eta Basauri kaleen arteko bidegurutzea05:39:26
Basauri2429Hernan Cortes plaza05:42:22
Basauri2430Goiri auzoa05:45:56
Basauri2431Abaroa kalea, 1105:49:50
Basauri2432Kareaga Goikoa, 54. Marienea05:53:44
Basauri2433Kareaga Goikoa, 42. Mikel autoeskola05:55:41
Basauri2434Agirre Lehendakaria, 905:57:38
Basauri2435Kareaga Goikoa, 5305:59:35
Basauri2436Kareaga Goikoa, 1606:02:11
Basauri2437Kareaga Goikoa, 3806:04:47
Basauri2438Kale Nagusia, 206:06:44
Basauri2439Doktor Jose Garai kalea, 206:08:41
Basauri2440Agirre Lehendakaria kalea, 6706:10:58
Basauri2441Catalunya kalea, 2506:13:14
Basauri2442Agirre Lehendakaria kalea, 7606:15:11
Basauri2443Urbi. Kartzela06:17:21
Basauri2444Agirre Lehendakaria kalea, 81. Zubia06:19:25
Basauri2445Agirre Lehendakaria kalea, 5106:22:11
Basauri2446Kale Nagusia, 3306:23:58
Basauri2447Uribarri kalea, 2006:26:14
Basauri2448Elkano kalea, 306:28:11
Basauri2429Nafarroa kalea, 1606:30:28
Basauri2450Matxitxako kalea, 1306:32:44
Basauri2451Matxitxako kalea. Zubia. Gaztetxea baino lehen06:34:53
Basauri2452N-634. Etxebarri kartela06:36:50
Etxebarri2453N-634. San Antonio Hiribidea, itzulbidea. Igoera06:39:26
Etxebarri2454Maribi Iturbe eta Euskal Herria kaleen arteko bidegurutzea06:43:00
Etxebarri2455San Esteban Hiribidea, 1606:46:54
Etxebarri2456Antonio Epalza kalea, 2606:52:26
Etxebarri2457San Esteban Hiribidea. Kanpoko biribilgunea06:56:47
Galdakao2458Bilbo-Galdakao errepidea. La Baskonia zubia06:59:23
Galdakao2459Miguel Unamuno plaza, 90. BBK07:06:32
Galdakao2460Aperribai Bidea, 507:11:05
Galdakao2461Aperribai Bidea, 1307:15:38
Galdakao2462Sixta Barrenetxea kalea, 907:18:53
Galdakao2463Sixta Barrenetxea eta Bizkai kaleen arteko bidegurutzea07:21:10
Galdakao2464Urreta kalea, 5. Kurtzea. Biribilgunea07:23:26
Galdakao2465Bizkai kalea, 2107:25:23
Galdakao2466Bizkai kalea, 1607:27:20
Galdakao2467Ganekogorta kalea, 2007:29:37
Galdakao2468Bernart Etxepare kalea, 207:31:34
Galdakao2469Gipuzkoa kalea, 1307:34:49
Galdakao2470Juan Bautista Uriarte, 62. Autobus geltokia07:38:23
Galdakao2471Abusu auzoa. Lehengo suhiltzaileak07:42:37
Galdakao2472N-634.15. Olabarri autos, Diamante07:47:10
Usansolo2473Labeaga, 1. Shiade07:51:23
Usansolo2474N-240.14. Labea auzoa. Biribilgunea pasata07:53:59
Usansolo2475Laminarrieta Bidea, 107:57:34
Usansolo2476Torreondo kalea, 1308:01:08
Usansolo2477Ibaiondo kalea, 908:05:02
Osorik irakurri