→Hego Uribe

Belardi Records: “Euskal Herriko artisten arteko lankidetzan jarri nahi dugu gure indarra”

Gazteak, sorkuntza, hizkuntza, tik tok, elkarlana… Horiek guztiak batzen ditu Belardi Records kolektiboak: sorkuntzaren ekoizpenean murgiltzen den mugimendu kulturala sustatzen duen lagun taldea. 2017an eratzen hasi ziren martxan, orduan ‘Logica del Norte izenpean, Asier Romanen ‘Jasier’ (Arrigorriaga, 1997) eta Markel Gonzalezen ‘Mark-L’ (Arrigorrriaga, 1998) eskutik. Arrigorriagako institutuan ezagutu zuten elkar eta rap abestiak idazten hasi ziren.

Hurrengo urtean, eta Asierren lehengusu nagusiaren laguntzarekin, Bergoi Sevillaren ‘Berso’ (Etxebarri, 1992) eta Gorka Munitisen ‘Surk.O’ (Gernika, 1992) laguntzaz, laukote gisa jarraitu zuten. Azken bikote honen ekoizle eta DJ lanari esker, musika eskaintza zabalagoa eta zuzeneko txukunak lantzeari ekin zioten. 2019an hasieran, Cristian Jofré “Krijo” (Buenos Aires, 1972) musikagile eta ekoizlea kolektibora batu zen. Orduan hasi ziren helburu trinkoak finkatzen eta era koordinatuagoan lan egiten.

Musikan ibilbide zeharo desberdinak dituzten taldekideek, Belardi Records izeneko zigilu independente eta autogestionatu bat sortzea erabaki zuten, eta horren inguruan hitz egin digute.

Zergatik ‘Belardi’ hitza unibertso oso bat eraikitzeko?
Asier Roman: Belardi aukeratu genuen euskal paisaian dagoen ezaugarri oso nabarmena delako; belardi berde handiak, hain zuzen ere. Hortaz, kontzeptu hori hartu eta Rockers hitza erantsi genion esanahia borrokarekin lotura zuzena duelako, eta bi hitz horien baturarekin gure taldearen izena sortu genuen.
Markel Gonzalez: Talde gisa lotu gaituena musika da. Txikitatik gustatu izan zaigu, eta gure erara hurbildu gara musikara bide ezberdinetatik. Sentimendu bat sorrarazi digu eta elkar ezagutu genuenean pixkanaka-pixkanaka talde berri baten ideia sortu egin zen.

Zer egin duzue Belardi Recordsetik?
Bergoi Sevilla: Hibridazio musikaletik abiatuta, 360 gradutara begira materiala sortzen dugun kolektibo bat garela esan genezake, bai artistikoa, bai sortzailea. Gutxi gara oraindik baina gure intentzioa arlo guztiez arduratzea da, musikaren adar guztiak bultzatuz.
Gorka Munitis: Belardi Rockers abeslarien taldea da eta Belardi Records beste alde batetik planteatu dugu, esparru zabalagoak barnean hartuz. Besteak beste, grabaketa saioak, ikus-entzunezko muntaiak eta ekoizpen pertsonalizatuak eskaintzen ditugu.

Belardi Rockers / Geuria

Zer ekarpen egiten diozue bost kideetako bakoitzak taldeari?
G.M.: Gure rolak borobiltzen saiatzearen, Markel eta Asier abeslari gisa aritzen dira gehienbat, eta Bergoi, Cristian eta hirurok teknikari modura lan egiten dugu. Baina bakoitzak esparru guztietako alderdi gutxi batzuk hartzen ditu; orduan, denon artean besteek egiten dutenetik ikasten ari gara, eta modu batera edo bestera elkarren osagarri gara.
B.S.: Gu ez gara profesionalak, baina denetarik egiten dugu. Gustatzen zaiguna ahal dugun hobekien egiten saiatzen gara, ikuspuntu ezberdinak partekatuz.

Musika talde gisa, zein gai jorratzen dituzue, oro har, zuen abestietan?
A.R.: Alderdi hori oso subjektiboa dela esango nuke. Nire kasuan, letretan kritika soziala egiten ahalegintzen naiz batik bat. Bestalde, sentimenduen inguruko hausnarketa ere egiten dut batzuetan.
M.G.: Niretzat musika sentimenduak adierazteko modu bat da, eta pentsatzen dudana edota bizi dudana abestietan islatzea gustatzen zait. Bergoik ere bere abestiak egiten ditu eta Gorka pixkanaka gerturatzen hasi da.

2019ko urrian atera zenuten zuen lehen EP-a edo erreprodukzio hedatua.
M.G.: Aurkezpen moduko bat izan zen, entzuleek zer-nolako musika egingo genuen jakin ahal izateko. Hiru abestiz osatuta dago, bata Bersorena, bestea Jasierrena eta azkena nirea. Bertan, bakoitzaren estiloak batu genituen; reggaea, rapa eta trapa bereziki.
A.R.: Uneoro eraldatzen ari gara, bai musikalki, bai talde bezala. Gure burua birplanteatzen eta estilo berriak bilatzen ditugu; hau da, ez gara estilo bakar batera ixten, gauza gehiago probatu behar ditugula uste dugulako. Musika jakin batean oinarritu izan gara beti, baina denborak aurrera egin ahala modernoagoak diren soinuak hartzen joan garela esan dezakegu.

Pasa den hilean “Hell Boy” izeneko kanta berria aurkeztu zenuten.
M.G.: “Hell Boy” abestia duela gutxi grabatu genuen eta publikoaren harrera oso ona izan da nire ikuspuntutik. Ez ditugu milaka erreprodukzio, baina gure lagunei eta ingurukoei gustatu egin zaie. Gaur egun publikoak entzun nahi duen letra bat da, egunerokoari buruzkoa. Emozio guztietatik pasatu behar dugula uste dut, eta letra hori idatzi nuenean nire punturik gorenean nengoen.
B.S.: Bat-batean sortu zen ideia. Estudiora iritsi eta Mark-L eta Krijo grabatzen ikusi nituen. Egiten ari zirena probatzera gonbidatu ninduten, gustatu egin zitzaigun eta aurrera ateratzea erabaki genuen. Nahiko ondo funtzionatzen duen kanta dela uste dut, milaka aldiz egin dena, eta orain hortik aurrera egin behar dugula. Ondo dago horrelakoak egitea eta geltoki horretatik igarotzea, baina nire ustez ez dugu horretan bakarrik geratu behar.

Belardi Rockers / Geuria

Jai herrikoietan eta hainbat ekitalditan parte hartu duzue. Zein da orain arte gehien gozatu duzuen esperientzia?
M.G.: Dudarik gabe, iazko 40 Minutu Rockean egin genuen kontzertua paregabea izan zen. Nire bizitzako egunik onena. Azken finean, gure ibilbidea ez da hain luzea, eta oraindik jaiotzen ari garela esango nuke. Profesional izatetik hurbilen egon garen unea bezala bizi izan genuen.
G.M.: Aiala Dot artistak gonbidatu gintuen eta musika arloan eduki dugun esperientziarik onena izan da. Gainera, gurekin lan egin duen pertsona batek gonbidatzeak garrantzi berezia ematen dio eta pilo bat eskertzen diogu. Ni DJa naizenez, gogoratzen dut lehena izan nintzela eszenatokira igotzen, eta lehenengo instrumentala sartu nuenean belaunak gora eta behera dardarka hasi zitzaizkidan. Gero, Markel igo egin zen abesten hasteko, eta hain gogotsu ikusi nuen, non nerbio guztiak kendu zitzaizkidan eta kontzertua super ondo joan zen.

Kolektibotik kanpoko zein artistekin lan egin duzue dagoeneko?
G.M.: Nahikotxorekin, batez ere Euskal Herriko rap eszenan. Aiala Dot, P de Raperu, Ziztada eta R-Lantz, Beñaranks… Reggae eszenako hainbat selektoreekin ere baditugu elkarlanak. Bestalde, kolektibo ezberdinei elkarrizketak egin dizkiegu; adibidez, Brutality Sound System, Yare Collective, Bihurri Dub edo Herriko Kings.
A.R.: Artista askorekin hitz egitea eta zerbait prestatzea falta zaigu, baina aurrera egiteko gogoa dugu. Oso esperientzia positiboak izan dira guztiak. Euskal Herrian artisten arteko lankidetza falta dela uste dugu, eta horretan inbertitu nahi dugu gure denbora eta esfortzua, Euskal Herri mailan musika bultzatzeko gakoa izan daitekeelako. Musika urbanoa industrian sartu nahi baldin badugu guztion arteko elkarlana funtsezkoa izango da.

Hasi zarete etorkizuneko proiekturen bat lantzen?
B.S.: Album bat daukagu grabatuta jada, 10-11 abestiz osatuta dagoena. Hainbat gai jorratu ditugu, hala nola barne-borroka edo amodioa, eta “Esperanza” izena jarri diogu, une honetan denok behar duguna. Aurten pentsatzeko denbora asko izan dugu, paperean ideia pilo bat jarri ditugu eta oso dibertigarria izan daitekeela uste dugu. Estilo aldetik, rap klasikotik, trap kañeroa eta reggae kutsu batzuk izango ditu, eta uda baino lehen atera ahal izatea espero dugu.
A.R.: Hala ere, aurreko etapa baten modura ikusten dugu, aspaldi egin genuelako. Gure materiala kaleratzeko ahalmena oso urria denez, argitaratzerako denbora luzea joan da. Ez da profesionalek egiten duten bezala: grabatu eta segituan kaleratu. Prozesu bat darama eta lan handia egiten dugu gauzak ondo atera daitezen.

Belardi Rockers / Geuria

Proiektu mordoa egin dituzue ahalegin eta dedikazio handiz, inolako laguntza barik.
M.G.: Guk ere ez dakigu nola egiten dugun. Lana eta pazientzia. Denbora ematen dugu gustuko dugun honetan. Euskarri digital askotan eskuragarri daude gure lanak: YouTube, Instagam, Spotify, Bandcamp, SoundCloud… Erraztasunak jartzen ditugu jendeak gure musika edozein lekutatik deskargatu eta entzun ahal izateko, baina egia da YouTuberi eta Instagrami pisu handiagoa ematen diogula. Gaur egun, musika ikus-entzunezko produktua bihurtu da, begietatik belarrietatik baino lehenago sartzen delako.
B.S.: Premia bat da guretzat, musikaren yonkiak gara eta ezin dugu (ezta nahi ere) utzi. Zabalkundea da guretzat zailena, ez baitakigu marketin-estrategiei buruz. Baina egiten dugun guztia %100 organikoa da.
G.M.: Guk kudeatu dugu dena hasieratik, eta urteetan zehar bildutako dirua ekipoan inbertitu dugu. Kontzertuetan egia da diru askorik ez dugula irabazten, orduan bakoitzaren ekarpenaren arabera doa ekipoaren hazkundea. Pixkanaka ikasten joan garenarekin eta erosten joan garenarekin produkzio ezberdinak kaleratu ditugu.

Musikaren industria eta negozio-eredua asko aldatu da egungo egoera sozial, ekonomiko eta teknologikoaren eraginez. Zein da zuen iritzia ekoizle eta erabiltzaile gisa?
B.S.: Egun, Spotify eta YouTuberen inpaktua izugarria da. Plataforma handi asko daude denon eskura, baina ez dakigu nora doazen. Bandcamp, adibidez, plataforma libre bat da, artista bakoitzari bere musikaren prezioa jartzeko aukera ematen diona. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu, musika entzutea asko ahalbidetzen duelako, baina, bestetik, ez dauka iragazkirik. Ez dago inolako kontrolik.
G.M.: Nik nabari dudan aldaketarik sakonena musika kontsumitzeko era da. Lehen musika MP3 txikietan edo diskoetan entzuten zen eta ez zenuen bisualki inolako estimulurik. Baina gaur egun abesti batek askoz ikustaldi gehiago jasotzen ditu bideo batekin, eta horrek eragina du erabiltzaileengan ere bai. Azkenean, abesti horren funtsa ez da abeslariak transmititu nahi duen mezuan geratzen, bideo horrek duen inpaktu bisualean baizik. Hortaz, alde batetik egia da merkatua gero eta handiagoa dela, baina musikaren balioa jaitsi egin da.

Teknologiarekin batera, Autotunea. Egun danok izan gaitezke abeslari?
M.G.: Ez gara ezertara itxi behar eta beste musika-tresna bat bezala ikusten dugu. Azken finean, nik abestu nahi baldin badut baina ez badut ondo abesten, zergatik ez erabili? Gustatu ahal zaizu edo ez, oso subjektiboa da. Guk askotan erabili dugu eta erabiltzen jarraituko dugu, nahiz eta gaiari buruzko eztabaida egon. Musikaren munduan sartu den elementu berri bat da, kontrolatzen ikasi behar den beste baliabide bat.

Orain dela hilabete, Chill Mafia talde nafarra ezagutu genuen. Zuen filosofia Chill Mafia eta Chill Mafia Recordsen antzekoa dela ikusi dugu. Bat-bateko arrakasta txikia lortu dutela esan daiteke.
B.S.: Chill Mafia Nafarroako gazte batzuk dira, jende askorengana heldu direnak tradizionalismo batekin apurtu dutelako. Kontzeptuari buelta eman diote. Xabier Leteren kantak eta mezu kostunbristak XXI. mendeko egunerokotasunarekin nahastu dute. Niri pertsonalki asko gustatu zait jarrera punki hori. Publikoak flipatu egin du eta hori egin behar dela uste dut: kontzeptua aldatu, modernizatu, baina sustrai politak mantendu. Esango nuke talde gisa dugun filosofia haien antzekoa dela ekoizpenari begira. Era guztietako estiloak egiten dituzte, eta uste dut hori dela arrakastarako sekretua. Gainera, Niko ezagutzen dut eta ziur nago kolaborazioren bat landuko dugula haiekin.

Beraz, gaur egungo gazteak musikaren sorkuntzara inguratzen ari dira?
G.M.: Gero eta gehiago. Izan ere, Interneti esker erraztasun gehiago ditugu ikasteko eta ekoitzen hasteko. Gainera, Tik Tok eta horrelako plataformak eragin handia izan dutela uste dugu. Enpresa handi bihurtu dira, biralak egin eta boterea hartu dutenak, eta zein abestiri garrantzi handiagoa eman aukeratzeko gaitasuna dute. Zer abestiri ez ezik, zein formatutan eta zer estilo motak ikusgai bihurtuko diren ere erabakitzen dute, eta oso arriskutsua iruditzen zait. Orain jendeak 15 segundoko piluletan nahi du musika. Eta Tik Token formatua horixe bera da: irabiagailuan sartutako abesti bat, zeinetik 15 segundoko zati bat ateratzen den eta arrakasta lortzen duen.

Trap-rap-musika urbanoaren protesta eta kriminalizazioa… Gauza asko nahasten dira
kontzeptu hauetan, eta erdian, gazteak.
A.R.: Estiloak alde batera utzita, oso garrantzitsua da jorratzen diren gaiak. Musika gizartea eraldatzeko tresna izan daiteke, herritarren kontzientzia eta interesa pizteko. Beraz, abesti batean lantzen diren mezuak horretan eragina izateko egin behar direla uste dut, erantzukizun bat badagoela. Historikoki beti lotu izan da gazteria errebeldia eta delinkuentziarekin. Gazteek sortu dituzten estilo berriak kritika soziala egiteko eta haien hira kanporatzeko izan dira, eta orain rap, hip hop eta traparen txanda heldu da. Eta 40 urte barru beste estilo batzuk helduko dira.
B.S.: Arazoa gizartea da. Bakoitzaren erantzukizuna da nola interpretatzen duen artista baten mezua. Artista askok dioten bezala, ez dute inor bere musikarekin hezi behar. Hori batzuetan nahastu egiten dugu, figura publiko batek hezi behar gaituela espero dugulako. Badira, halaber, Anuel AA bezalako izar handiak gizartera mezu toxikoak eramaten dituztenak, emakumeei buruzkoak adibidez, eta hori normalizatzea oso arriskutsua da.
M.G.: Garrantzitsua da nabarmentzea alde batetik artista dagoela eta bestetik pertsona. Batzuetan eraikitako pertsonaiak dira, C.Tangana esaterako. Askotan ahaztu egiten da hori, artista baten atzean beste pertsona bat dagoela. Artea da eta interpretazio mota asko daude, inolaz ere kritikatu behar ez direnak.

Izan ere, azken urteetan, adierazpen askatasuna zalantzan jarritako gaia izan da.
A.R.: Guk argi dugu, gure adierazpen-askatasuna zeurea hasten den unean amaitzen da. Hau da, beste pertsona bati kalte egiten diozunean. Adierazpen askatasunak hori izan behar du: nahi duzun horretan, nahi duzun bezala, baina beti errespetuz. Muga hori ezin da inoiz zeharkatu. Mundu guztiak ditu eskubide eta askatasun berberak.

Kolaborazio batzuk euskaraz egin badituzue ere, zuen sorkuntzan euskara ez dago hain presente. Zer da zuentzat hizkuntza batean aritzea?
A.R.: Euskal Herrian bizitzeagatik pentsatzen dugu gaztelaniaz gain euskarak ere pisu handia izan behar duela. Abesti batzuk euskaraz egiten saiatzen gara, nahiz eta trebetasun bera ez izan. Ez da gauza bera rap abestiak gaztelaniaz edo euskaraz egitea, eta gaztelaniaz hobeto moldatzen gara. Hizkuntza ere talde baten identitatea izan daiteke.
G.M.: Kantak gaztelaniaz egiten ditugunean ez dugu kontzienteki egiten, erraztasunagatik baizik. Ez dago inolako asmorik. Euskaraz egin ditugunak, aldiz, euskaraz izatea nahi izan dugulako izan dira. Eta euskaraz egiten jarraituko ditugu, hizkuntza bultzatu nahi dugulako. Are gehiago, oraindik ez ditugu kaleratu, baina dagoeneko prest eta labean daude, garrantzitsua iruditzen zaigulako euskarazko materiala egitea.

Belardi Rockers / Geuria

Zeintzuk dira epe luzerako aurreikusi dituzuen helburuak?
M.G.: “Hell Boy” abestian esaten dugun bezala: badakigu nondik gatozen, baina ez nora goazen. Zalantzarik gabe, gure asmoa musika egiten jarraitzea da. Baita elkarlana bultzatzea eta jende askorekin lan egitea ere.
B.S.: Eta etorkizunean profesionalizatzeko aukera baldin badugu, primeran. Estudioa handitzea eta hobetzea gustatuko litzaiguke, eta ekoiztetxe txiki gisa lan egitea. Gure lana pausu bat aurrerago eramatea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak