→Hego Uribe

Euskara kalean indartzeko lanean jarraituko dute Hego Uribeko Berbalagunek

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute. 2020-2021 ikasturteari hasiera emango diote urriko lehen astean.

Covid-19ak baldintzatuta bada ere, euskara kalean indartzeko lanean jarraituko dute berbalagunek // Argazkia: Iazko Berbalagun aurkezpena Galdakaon, Geuria

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute. Galdakaoko Berbalagunek hamabosgarren ikasturtea hasiko du eta Basaurikoak hamargarrena. 2020-2021 ikasturteari hasiera emango diote urriko lehen astean eta berbalagun berriak erakartzeko deia luzatu dute irailean.

“Covid-19 birusak zuhurtzia handiz jokatzera behartuko gaitu, baina euskara kalean indartzeko lanean jarraituko dute taldeek”, diote Hego Uribeko Berbalagunetik: “Hala ere, egoerak okerrera egin eta berriro konfinatuko bagintuzte, bideo-deien zerbitzua eskainiko dugula jakinarazi nahi dizuegu”. Iaz 232 kidek hartu zuten parte Hego Uribeko Berbalagun taldeetan, Basaurin eta Galdakaon, eta aurten ekimenera lagun gehiago batzea espero dute sustatzaileek. 

Berbalagunen parte hartzeko izena eman nahi duenak Basauriko zein Galdakaoko AEK euskaltegietan, bi herriotako Udal Euskaltegietan eta Basauriko Hizkuntza Eskolan egin dezakete. Era berean, 607 632 345 telefono zenbakira deituta edo hegouribekoberbalagun@gmail.com edo galdakao_berba@aek.eus helbide elektronikoetara idatzita ere eman daiteke izena.

“Partaideek Basauriko eta Galdakaoko Udalek euskal kulturaz gozatzeko gure esku uzten dituzten sarreren zozketan parte hartu ahal dute hilero. Horrez gain, AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago jasotzeko aukera izango dute. Bestalde, partaideen artean banatzeko sari eta oparitxoak ere baditugu: agendak, motxilatxoak, euritakoak… Hortaz, ez egin zalantzarik eta eman izena!”, diote Hego Uribeko Berbalagunetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak