→Hego Uribe

Bilbo Hego Uriberekin lotzeko bidegorria aldarrikatzeko zazpigarren martxa izango da bihar

Urtarrileko bizikleta martxa Etxebarritik // Biziz Bizi

Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao lotzeko bidegorria aldarrikatzen jarraitzen du Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak. Urrian hasi ziren aldarrikapenarekin eta hilero bizikleta martxak antolatzen dituzte Bilbotik Galdakaora. Hileko azken larunbatetan antolatzen dute martxa, eta hortaz, apirilekoa larunbat honetan izango da: apirilaren 30ean, alegia. Martxa 11:00etan hasiko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik (Don Diego López Haroko Kale Nagusia, 25), eta aurrekoetan bezala, Bilbotik, Etxebarritik, Basauritik eta Galdakaotik igaroko da. Apirileko martxa zazpigarrena da.

“Krisi energetikoarekin eta erregaien prezioaren igoerarekin, ez al da momenturik onena bizikleta hartzeko? Erakundeak berriro harrapatu ditu etxeko lanak egin gabe, pandemiarekin gertatu zen bezala, eta jendea bizikletekin atera zen garraio publikoa saihesteko. Orain, herritarrek asmo asko izan arren, azpiegiturarik ez dagoenez, uko egiten diote bizikleta erabiltzeari”, diote Biziz Biziko ordezkariek: “Eskuinaldeko obrak noiz hasiko zain gaude, seihileko honetan egin beharko lituzketenak, agindu zuten bezala. Bitartean, Ibaizabalera begiratzen dugu, gertuko herrietara eta Bilbo Handiarekin komunikatzeko aukerarik gabeko herrietara”.

Hilero, azken larunbatetan, egingo dituzte bizikleta martxak. “Hain urrun eta hain gertu, Bilbotik Galdakaora joan ahal izatea odisea dela dirudien arren, oso hurbil dauden bi udalerri dira. Eta azpiegitura egokiak dituztenez, jende asko animatuko litzateke bizikleta hartzera, horrek dakartzan onura guztiekin”, diote: “Bizkaiko bizikleta Plan Nagusian (2003-16), Nerbio-Ibaizabaleko bigarren ardatzean, konexio hau definitua zegoen. 18 urte pasatu dira jada eta oraindik gauzatu gabe jarraitzen du. Ez al da egiteko garaia?”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak