→Hego Uribe

Errefuxiatuentzako 53.000 litro esne jaso ditu Zaporeak Elkateak Bizkaian

Hego Uribe eskualdean, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao eta Zeberio izan dira bilketa puntu.

Zaporeak elkarteko kideak, tartean, Arrigorriaga, San Migel eta Galdakaoko herritarrak // Zaporeak Bizkaia

Esne bilketa handia egin du Zaporeak Elkarteak Hego Euskal Herrian. Martxoan hasi ziren Gipuzkoan eta eta apirilean bukatu dute bilketa Bizkaian. Lurralde honetan 30 herritan egin dute bilketa, tartean Hego Uribe eskualdean, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon eta Zeberion, eta guztira 53.000 litro esne jaso dituzte. Horietatik, esaterako, 4.000 litrotik gora Basaurin jaso dituzte, eta 156 litro Zeberion. “Aurreikusitako 40.000 litroetatik baino gehiago jaso ditugu. Izugarrizko arrakasta!”, dio Beatriz Amorena Bizkaiko Zaporeakeko koordinatzaileak.

Zeberioko herriko dendan egindako bilketa // Zaporeak Bizkaia

Bizkaian bildutako esne guztia Arrigorriagako lokal batean biltegiratu dute // Zaporeak Bizkaia“Bildutako esnea Lesbos irlan dauden errefuxiatuen artean banatuko da astero, fruta freskoarekin batera, hiru hilabetean zehar gutxienez. Banaketa hau Zaporeak egiten duen janari sukaldatuen eguneroko banaketarekin batera egingo da, nutrizio gehigarri izateko xedearekin”, diote Zaporeaketik: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Bizkaiko 30 herritako bilketa puntuetan lan egin duten boluntario eta elkarte guztiei, biltegien antolaketa eta logistikarekin lagundu dutenak. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu kanpaina honetan parte hartu duten hainbat hezkuntza erakunde, enpresa, erakunde publiko, elikagai banaketa kate eta komunikabidei, kanpaina honen arrakasta aurreikuspenak ganditzeko lagundu dutelako”.

Hego Euskal Herri osoan 135.000 litrotik gora biltzea lortu du Zaporeak Elkarteak, eta dagoeneko 72.000 litro Lesbosera eta Atenasera iritsi direla diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak