→Hego Uribe

Bridgestonen % 0,5eko soldata igoera adostu dute zuzendaritzak eta UGT eta CCOO sindikatuek

basauri bridgestone 2017 lantegia

Hitzarmen berria lortu dute UGT eta CCOO sindikatuek Bridgestone-Firestone enpresan. Horren arabera, % 0,5eko soldata-igoera adostu dute zuzendaritzarekin. Akordioak Basauriko eta Usansoloko lantegiei eragingo die, baita Burgoseko eta Kantabriako Puente San Miguel lantegiei ere.

Bridgestone lantegia Basaurin // Geuria

Hitzarmen berria lortu dute UGT eta CCOO sindikatuek Bridgestone-Firestone enpresan. Horren arabera, % 0,5eko soldata-igoera adostu dute zuzendaritzarekin, urte amaieran Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) nola geratzen den kontuan hartuta. Akordioak Basauriko eta Usansoloko lantegiei eragingo die, baita Burgoseko eta Kantabriako Puente San Miguel lantegiei ere.

Hitzarmen kolektibo hau hogeitaseigarrena da, eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. UGT eta CCOO sindikatuek soilik eman dute hitzarmenaren oniritzia, negoziazio mahaian dauden 8 eta 13 ordezkariekin, hurrenez hurren.

CCOOk iragarri duenez, praktikan, hitzarmenak “ezeren truke egungo baldintzak mantentzea dakar”, baita “lasaitasun mezua zabaltzea” ere. Izan ere, enpresaren lau lantegietatik hiru aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientean (ABEEE) daude: Basaurin, Usansolon eta Burgosen, alegia. Guztira, hiru lantegietako 2.335 langileri eragiten die. Kasu horretan, CCOO, UGT, BUB eta ELA sindikatuek ontzat hartu zuten maiatzaren 22tik irailaren 30era arte lanik ez duten langileek soldata finkoaren % 85 ziurtatua izatea. Aldi baterako kontratua duten beharginak ere sartu dituzte erregulazioan.

Ahal den neurrian, “malgutasuna, lan-egutegia, enpleguaren egonkortasuna eta familia bateragarri egiteko neurriak” iraultzeko asmoa agertu du CCOO sindikatuak.

Hitzarmenaren kontra

Bere aldetik, BUB, ELA eta SITBU-USO sindikatuak hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. Bridgestoneko Sindikatu Independenteak (BUB) akordioa gehiengo zabalez ukatu zuen, langileen % 97,7a hitzarmenaren aurka agertuz. “Akordio horrek ez du egungo arazoa konponduko, ez baita sindikatuen aldarrikapenik edo negoziaziorik onartu”, salatu dute BUBetik: “CCOO-UGT binomioa itzultzeak ez du ezer onik ekarriko”. Gainera, hitzarmenean “kontraesan handiak” daudela deitoratu dute.

“Sei hilabeteko ustezko lasaitasuna eskaintzen digute, soldata-eskala bikoitz baten truke, lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen duten langile berriak sartzearen truke, eskumenak sartzearen truke edo erantzukizunak areagotzearen truke”, kritikatu du SITBU-USO sindikatuak.

Adostutako hitzarmen berriak enpresaren izena ere aldatu du, eta Bridgestone Hispania Manufacturing S.L. izena hartuko du hemendik aurrera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak