→Hego Uribe

‘Bultza euskaltegiak, bultza euskara!’ ekitaldia antolatu du AEK Korrikak Arrigorriagan, Basaurin eta Galdakaon

2019. urtean Korrika Galdakaon / Geuria

2021 urtea Korrika urtea da, baina pandemiak bertan behera utzi du herriz herriko ekimen nazionala. ‘Bultza euskaltegiak, bultza euskara! AEK’ izeneko ekitaldi sinbolikoak antolatu ditu AEK-k Euskal Herriko 80 bat herritan egun berean, ordu berean.

Hego Uribe eskualdean, Arrigorriagan, Basaurin eta Galdakao herrietan antolatu dute ekitaldia. Guztietan, martxoaren 28an, 12:00etan. Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegia izan da lehena antolatutako egitaraua plazaratzen: martxoaren 28an, 12:00etan, Torrezabal kultur etxean. Bertan izango dira Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolariak, eta Karmele Gorroño margolaria. Musika, diapositiba emanaldia eta mezu berezia osatuko dute ekitaldia. Edukiera muga dela eta, sarrera mugatuak izango dira.

Basaurin Solobarria plazan antolatu du ekitaldia Bolintxu AEK-k, 12:00etan. Musika, txalaparte, grafiteroak, mezu berezia, familia argazkia eta aurreko Korrikako lekuko eramaileei argazki banaketa izango dira ekitaldian.

Arrigorriagan Argala plazan izango da ekitaldia, 12:00etan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestia entzun ondoren, ‘Bultza euskaltegiak’ bertso-rapa izango da sorpresetako bat, besteak beste.

Euskal Herriko herritarren %55 erdaldunak dira. Euskaltegi sendoak izatea da ‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! AEK’ ekitaldiaren helburu nagusia. “Bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 lagunetik gora euskara ikasten ari baitira euskaltegietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere”, adierazi dute AEKtik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak