→Hego Uribe

Pariseko Cité Internationale des Arts egoitzan egonaldia eskaintzen duen Otaola Bekak izen-emate epea ireki du

Pablo Otaola, Asier Iragorri eta Maria Larrinaga alkateordea Otaola Bekaren aurkezpenean / Basauriko Udala

Juan eta Pablo de Otaola Bekan izena emateko epea irekita dago dagoeneko, maiatzaren 8ra arte. Beka hau Otaola familiak finantzatzen du eta 1990. urtetik Basauriko Udalak eta Kultur Basaurik kudeatu izan dute. Horren helburua arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea da. Interesatuek Basauriko Basozelai Gizarte Etxean aurkeztu beharko dute parte-hartzeko eskabidea.

Irabazleak Pariseko Cité Internationale des Arts-en lau hilabeteko egonaldia lortuko du, deialdira aurkeztutako proiektua egin ahal izateko. Egonaldi horretan zehar, egoitza eta ikasketa gastuak ordainduta izango ditu. Horrez gain, 3.600 euro jasoko ditu, bestelako gastuetan erabili ahal izateko. Lau hilabete horiek amaitzean, egindako lanari buruzko memoria aurkeztu beharko du, Kultur Basaurik bere lokaletan erakutsi ahal izango duena.

Bekaren aurkezpenean, Basauriko alkatea den Asier Iragorri eta Otaola familiaren ordezkaria egoteaz gain, aurreko urteko bekaren irabazlea izandako Gala Knörr ere egon zen. Irabazleak Cité Internationale des Artse-en izandako esperientzia kontatu zuen, horren inguruan egindako bideo baten bitartez.

Knörr-ek, artisten egoitzan bizitakoa “oso baliotsua” izan zela adierazi zuen. “Beste artista batzuekin sinergiak sortzeko eta zure proiektua hazten lagunduko duten adiskideak egiteko aukera ematen dizu”, azaldu zuen artistak. Gala Knörr-en lana maiatzaren 8tik ekainaren 7ra ikusgai egongo da Arizko Dorretxean egingo duen erakusketan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak