→Hego Uribe

Egunero berrasmatzen: hiru familiaren egunerokoa itxialdian

Umeak itxialdian / Utzitakoa

Etxean zaintza lanik ez duen makina batek seguru asko osorik irentsia izango du dagoeneko estreinatu berri den ‘La casa de papel’ telesailaren laugarren denboraldia. Etxean haurrak dituzten askok, ostera, lehen kapitulua amaitzeko aukerarik ere ez zuten izango oraindik. Familia horietako hiru ekarri ditugu gurera, konfinamendua zelan bizi duten konta diezaguten.

Hiru seme-alabadun familia da Olatz eta Urkorena: zortzi urte ditu alaba zaharrenak eta bost bete berriak dituzte bikiek. Ez aitak ez amak ez dute etxetik kanpo lan egin behar; hortaz, 24 ordu ematen dituzte denek etxebizitza txiki batean. “Denetarik egiten ari gara: etxeko lanak, eskulanak, gimnasia, bideokonferentziak lagunekin… Balkoi txikia ere badugu, eta oso ondo etorri zaizkigu euririk gabeko egunak”, azaldu digu Urkok. “Umeak oso ondo ari dira portatzen –espero baino hobeto, egia esanda–, eta kalera atera gabe hilabete badaramate ere, eta eztabaidak eztabaida, gustura daude… helduok baino gusturago!”.

Garbik eta Javik bi alabak dituzte; lau urtekoa bata eta urtea bete berri duena bestea. “Nahiko estresantea izaten ari da oraingoz egoera, batez ere txikitxoarekin ezer gutxi egin dezakegulako”, kontatu digu Garbik. “Nagusienarekin bai: ordutegi bat osatu dugu eginkizun ezberdinekin, bestela jardueraz aldatu nahi du une oro, oraindik ez baitu denboraren kudeaketa menperatzen”.

Iraskaleen telelana: ordenagailuak, liburuak eta internet / Utzitakoa

Horrez gain, Garbi DBHko matematikako irakaslea da, eta etxetik ematen ditu klaseak. Eskolak online ematearen kontua bideragarri ikusten ote duen galdetu diogu, eta hori neurri handi batean ikaslegoaren eta irakaslegoaren arabera dagoela esan digu. “Gure institutuaren kasuan, adibidez, aspalditik erabiltzen ditugu ordenagailuak, baita klaseetan arbela digitala ere”. Ikaslegoari dagokionez, berriz, bere gelan %100ak ordenagailua duela esan digu, baita wifia ere. “Beraz, online emandako eskolak jarrai ditzakete. Gainera, ematen ditugun klaseak smartphone bidez ere jarrai daitezke. Baina hori ez da ikasle guztien kasuan gertatzen, ezta gutxiago ere. Eta hortxe dago arazoa. Nire koinatak lan egiten duen institutuan, adibidez, halako kasu asko dituzte eta, beraz, klaseak modu honetara ematea ez da hain erraza. Horregatik, kasuz kasu aztertu behar da sistema hau bideragarria den edo ez esateko. Gure kasuan, bai: ordutegiak mantentzen ditugu eta ikasle gehienek jarraitzn dituzte klaseak. Beraz, nahiko pozik gaude ikasleen erantzunarekin”.

Oihanek eta Eduk bost urteko semea dute. Konfinamenduaren hasieran lanera joan behar izan zuten biek. “Orduan izeko etorri zen gurera bizitzera, semearekin egon zedin”. Ordutegi bat osatu dute eskulanak, fitxak eta gainerakoak egiteko, baita bazkalostean eta gauean telebista ikusteko bi tarte txiki finkatzeko ere. “Horrez gain, egunero musika eta jai puntu bat izatea ondo iruditzen zaigu, umea animatzeko. Horregatik parte hartu genuen 20:00etan balkoian abesten eta musika jartzen. Orain balkoian gaudenean auzokoekin hitz egiten hasi gara, eta badago neska txiki bat gurekin dantzatzen duena: gure balkoira begira egoten da, musika jarriko ote dugun zain”.

Semearen zaintzaz gain, gurasoei laguntzen ere badabil Oihane. “Anai-arrebekin txandak egiten gabiltza gurasoei laguntza emateko –87 eta 78 urte dituzte–: ogia eta egunkaria egunero eramateko, baita erosi beharrekoa ere…”.

Egoera honetatik ezer onik aterako al dugun galdetuta, Oihanek aitortu du kezka baduela: “Erosketetan ikusi ditugun ilarak kontuan hartuta eta itxialdia batzuek jai egun bezala hartu dutela ikusita, arduratzen nauena da zelan begiratzen diogun gure zilborrari. Herri bezala pentsatzen hastea da falta zaiguna, ondokoari laguntzea, geure burua zaintzea ondokoa zaintzeko, elkartasun sareak sortzea…”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak