→Hego Uribe

Lana bilatzeko enplegu-anezka abiatuko dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdean

Enplegu-anezketan parte hartzen duten langabetuen artean, hamarretik seik lortzen dute lan-merkatura sartzea. Urriaren 11ra arte dago zabalik izena emateko epea.

Urrian hasiko da enplegu-anezka eta apirilera arte luzatuko da // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Lana bilatzen ari direnentzako enplegu-anezka berriak jarriko ditu martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, DEMA Enpresa Garapenerako Agentziaren bitartez. Hain zuzen ere, lau enplegu-anezka izango dira, tartean Nerbioi-Ibaizabal eskualdean. Bilbon, Ezkerraldean eta Eskuinaldean dira gainontzekoak. Enplegu-anezka hauetan parte hartuko duten 80 pertsonek laguntza izango dute beren helburua lortzeko: lanpostu bat eskuratzea.

Enplegu-anezka bakoitzean 20 partaide inguru arituko da, sei hilabetez, urritik apirilera bitartean. “Langabetuz osatutako talde heterogeneoa izango da. Arduradun baten koordinaziopean, beren gaitasunak indartuko dituzte, ezagutza kolektiboa sortuko dute, ikusgai bihurtuko dira eta elkarrekin lan egingo dute helburu komun bat lortzearren: enplegua eskuratzea, beren kontura edo inoren kontura”, dio Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak. Taldekako saioak, saio pertsonalizatuak, enpresa eta tailerretako giza baliabideen arduradunekin zuzeneko harremanak sustatzea edota enpresa ekintzailetzari buruzko lantegietan parte hartuko dute izena emango dutenek.

Enplegu-anezka honetan interesa dutenek izena eman behar dute urriaren 11a baino lehen. Izena emateko baldintzen artean daude langabezian egotea, Lanbiden alta emanda egotea eta Bizkaian erroldatuta egotea.

Deialdi honekin, 27 dira Foru Aldundiak Bizkaian abiarazi dituen enplegu-anezkak. Hauetan parte hartzen duten langabetuen artean, hamarretik seik lortzen dute lan-merkatura sartzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak