→Hego Uribe

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena martxan da, “hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko”

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da Euskal Herrian Euskaraldiaren bigarren edizioa. Zazpi hilabate falta direla, ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena martxan jarri dute.

Argazkia: Euskaraldia

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da Euskal Herrian Euskaraldiaren bigarren edizioa. Zazpi hilabate falta direla, ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena martxan jarri du Euskaraldiak, “bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko helburuarekin”.

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea.

Ekimena apirilaren 20an hasi eta maiatzaren 3an amaituko da. Ekimenak irauten duen artean, goizero Euskaraldiko Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dituzte ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Hiru aldi

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena; norberak bere eremu hurbilean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa; eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Apirilaren 20an helaraziko dute lehen mezua: aurkezpena. Ondoren, apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko dute: “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, dio Rita Aldabaldetreku Euskaraldiako koordinatzaileak.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dituzte sare sozialetan: “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”, dio Aldabaldetrekuk.

Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.

Herritarren parte-hartzea

Euskaraldia batzordeak herritarren parte-hartzea bilatuko du. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.

Parte hartu nahi dutenek ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratuko dituzte. “Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira traola baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko”, dio Aldabaldetrekuk.

Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko diete partaideei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

Bigarren edizioa prestatzeko baliagarria

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmoa. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du: “Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea”, dio Aldabaldetrekuk.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak