→Hego Uribe

Etxerreko putzua: Historiari errepaso arin bat

/ Geuria

Urak bere bidea egiten du. Beti. Hodeietatik lurrera. Belarretan, asfaltoan, lokatzetan edo lur azpian. Handik ibaietara, erreketara eta itsaso zabalera. Urak bizitza sortzen du. Gurean, historikoki, mendiak sortutako paisaiak izan dira nagusia, baina gizakia arin batean natura jaten ari da. Are gehiago populazio handiko nukleoetan, Bizkaiko Hego Uribe eskualdean kasu. Bioaniztasunaren ertzak ikertu dituzten adituek maxima bat dute: “Gure bioaniztasuna aberasteko edozein gune berreskuratzeko, mantentzeko eta indartzeko betebeharra dugu”. Hego Uribe eskualdeko uren altxorretako batzuk aski ezagunak dira, Arrigorriagako Mendikosolobarrena, Etxebarriko Urtegia edo Galdakaoko Arantzelai, kasu. Handiak hirurak, asteburuetan herritarrez josita eta egun-pasa egiteko gertu aparkalekuak dituztenak. Baina altxorrak topatzeko beti asko arakatu behar izan da eta gutxien espero duzun tokian… Hara! Ur urdinak dituen laku zabala! Errepideen, etxebizitzen, saltokien eta lantegien artean dagoen natura paraje ikusgarria: Etxerreko putzua deritzona.

Kareharria ateratzeko aire zabaleko ustiategi zahar batean dago Etxerreko putzua. 1936an hasi zen ustiapen hori eta 1978an utzi zioten kareharria ateratzeari. Orduan, ustiategiak sortutako zuloa urez bete eta putzua sortu zen. Etxerretik gora mendi aldera dagoen Garai izeneko urmaeletik dator jasotzen duen ura. Zaratamoko eta Basauriko udal-mugarteetan dago, Etxerre auzoan eta Arkotxa auzotik hurbil. Putzuak inguruan honakoak ditu: A-8 autobidea, Bilbondo saltokia, hainbat lantegi, etxebizitza eta hondakinez beteriko lur kutsatuak. Putzua gizakiaren eraginez sortu zen, artifiziala hortaz, eta gizakiaren eraginez hasi zen apurka-apurka desagertzen ere: 1978 eta 1983 urte bitartean, Zaratamoko zonaldea galdaketa-zepen hondakindegi gisa erabili zen. Esaterako, Athleticen San Mames futbol estadioa handitzeko lanetako obra-hondakinak eta bestelako eraisketa materialak bertara botatzeko hondakindegi gisa erabili zuten jabeek. Basauriko eremua, ostera, ez zen hondakindegi moduan erabili eta putzua urez bete zen, gaur egun ezagutzen dugun urmaela eratuz.

1983an uholdeak izan ziren. Hego Uribe eskualdea zeharkatzen duten eta Basauri, Galdakao eta Etxebarri lotzen dituen Hirubiden bat egiten duten Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek gainezka egin zuten eta hondamendia latza izan zen. Abuztuan eta irailean, eguneko 600 kamioi sartu ziren Etxerreko hondakindegian. Uholdeetatik sortutako mota guztietako hondakinak (zaborrak, bidoiak, lohiak, hondakin kimikoak eta abar) sartu zituzten aintziran. Urteen poderioz hondakinak deskonposatu dira ura eta lurra kutsatuz. Hala ere, ikerketek honakoa agertu dute: putzuak ur azpiko emari baten bidez jasotzen du ura, urte osoan zehar ur-maila bera mantentzen du, eta Ibaizabal ibairantz hustubidea du. Uraren etengabeko ibilbidearen eraginez, urmaela urte hauetan guztietan autoarazketaren bidez berreskuratzen ari da, metabolizazio eta berriztatze hidriko prozesuen bidez.

Basauriko Lantegi Ekologistak egindako argazkia 1993an / Basauriko Udal Artxiboa

Basauriko Lantegi Ekologistako kideek 1993. urtearen bueltan atera zituzten pare bat argazki jaso ditugu Basauriko Udaleko Artxibotik. Argazki gehiago egon badaude, horietako batzuk Egin egunkarian kaleratutako gehigarri batean argitaratu ziren. Ekain Lexartza basauriarra Lantegi Ekologistako kidea izan zen eta berarengana jo dugu lehen eskuko informazio bila. Luze eta sakon aritu gara Basauri moduko industria herri batean ekologista izateari buruz. Alde teknikoari eta legediari erreparatzeko David Gutiérrez Solanarekin egin dugu berba: Zaratamoko Udaleko arkitektoa izandakoa eta Etxerreko putzua berreskuratzearen eta haren inguruan aisigune bat sortzearen bide teknikoak prestatu zituenak, Eusko Jaurlaritzarekin, eta Basauriko eta Zaratamoko Udalekin batera. Mapak aztertu, indarrean dauden plan orokorretan Etxerreri buruzko asmoak bilatu eta etorkizun hurbilean -Europak laster emango dituen laguntzei begira- hiri-inguruko parke bat proiektatu dugu berarekin. Eta etorkizunaz ari garenez, Jose Ramón Díez biologoarengana jo dugu: Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia Zientzietan doktorea eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle agregatua. Zein mundu uzten ari gara gure atzetik datozenei? Bioaniztasunaren diskurtsoak mahaigainean jarri ditugu, politika orokorrei eta lokalei begiratu diegu eta, pandemia batek eman digun astinduaren ostean, etengabeko hazkundearen gurpila gelditu egin dugu.

FAUNA ETA FLORA. Arestian esan bezala, Etxerreko putzua jatorri artifizialekoa da. Bataz beste zortzi metroko sakonera du, eta gune sakonenak hamabost metrotik gora ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko lur gaineko ur-masen dokumentuak ezartzen duenez, II. kategoriako lakua da. Neurria har diezaiogun, Txingudiren (Irun) eta Salburuaren (Gasteiz) pare dago. 9.500 metro karratu ditu ur-xaflak eta 72.400 metro kubiko ur jasotzen ditu putzuak.

Basauriko Lantegi Ekologistak egindako argazkia 1993an / Basauriko Udal Artxiboa

Uholdeetatik hona, hainbat ikerketa-txosten egin dira: 1983an Impolusak, 1995ean IHOBE sozietate publikoak eta azkena 2017an Uraren Euskal Agentziak berak. Ikerketen arabera, uretako landareek eta ornogabeek osatutako flora eta fauna dago egun putzuan. Baina paperean jasotako analisiek datu faltagatik jasotzen ez duten arren, begi bistakoa da arrainak egon badaudela, baita arrainak arrantzatzen dituzten lertxunak ere, Nerbioi eta Ibaizabal ibaietan gero sarriago ikusten ditugunak. Martin arrantzaleak ere ikusi izan ditugu bertan.

Bibliografian zerrendatutako ikerketei erreparatu diegu honako galderari erantzuna bilatzeko: Etxerreko zingira egoera onean jarriko balitz, zein animalia biziko lirateke bertan? Edo putzuaren bertan bizi ez, baina inguruetara hurbildu arrapakaria delako, migrazio bidean geltoki duelako edo sikieran lo-egiteko? Ba honakoak dira horietako batzuk: burruntziak eta sorgin-orratzak, hegoaldeko zuhaitz-iglea, arestian aipatutako Martin arrantzalea, koartza hauskara, ur-ipurtatsa, apo lasterkaria, suge gorbataduna, apoarmatu istizalea, besteak beste. Ikerketak ikerketa, ostera, Aranzadi Zientzia Elkartearen atea jo dugu eta Ion Garinek ireki digu, elkarteko Herpetologia Saileko zuzendariak, alegia. Etxerreko putzuan ikerketa zientifiko sakona egitearen aldekoak, urmaelen baloreak indarrean jartzen dituzte: aisigunea izateaz gain, hezkuntzarako toki paregabeak direla erakutsi dute aurkeztu berri duten ‘Urmaelak eskolan’ egitasmoaren bidez. Aranzadiko sotoetara eraman gaitu Ionek bertan ilunpetan kristalezko ontzietan gordetzen dituzten animaliak erakusteko. Aranzadiko kide den Iñaki Mezquitaren oharrak ere jaso ditugu, zehatz-mehatz zerrendatuta zein sorgin-orratz eta burruntzi espezie egon litezke Etxerren. Urmaeletan animaliez gain landarediak ere garrantzia handia du. Arrigorriagako Urko Ibañez basozainak Etxerren dauden landare inbaditzaileak kendu behar direla ohartarazi du. Behin hori eginda, bertakoak diren urkiak, haltzak, lizarrak edo sahatsak landatu edo berez jaioko liratekeela esan digu.

Etxerreko putzuaren argazki orokorra / Geuria

Arboledako natur-pakean dauden putzuen antzekoa dela Etxerre diote monografiko honetan izan ditugun gehienek, eta era berean, berezitasunez josita dagoen gunea dela: Mendikosoloren sakonera bera du, Txingudiren eta Salburuaren kategoria berekoa da, eta kutsatutako eremua izan arren, uraren autoarazketaren indarrez, putzua bere kabuz birgaitzen ari da, bertan bizia sortuz.

AUZOAK. 1993an eta 2017an Etxerreko putzua berreskuratzeko ahalegin handiak egin ziren. Bietan, helburua bera: herritarrei irekitako gune berdea sortzea. Neurri handi batean aisialdira bideratuta, baina baita hezkuntzara ere. 80ko hamarkadan putzurako sarbidea librea zen, baina 90eko hamarkadan gunea hesitzen hasi ziren jabeak. Izan ere, eremua pribatua da. Gaur egun, erabat itxita dago. Bertaratuz gero, putzua ezin da ikusi ere egin. Porlanezko horma altuz eta hesiz inguratuta dago. Etxerre auzoko eraikuntzei erreparatzen badiegu ikusiko dugu nola hainbat baserri bere horretan mantentzen dituzten bizilagunek, beste batzuk berritu egin dituzten eta gaur egun etxebizitza berri bat eraikitzen ari diren putzutik metro gutxira. Baimenduta dago.

Etxerreko putzuaren Basauriko aldean dauden bi etxebizitza / Geuria

Lehen eskuko iturrien bila jo dugu Etxerre eta Garai auzoen ahozko historia jasotzeko. Eta ahozko historiarekin beti gertatzen den moduan, esanak esan, iritziak iritzi, auzotar askoren berbak jasota apurka-apurka osatzen da ahozko kontakizuna, monografiko honetan idatziz jasota, eta geuria.eus atari digitalean bideoan jasoko dena. Juan Carlos Larizgoitia, Koldo Olabarri, Josu Uriarte, Jon Arretxe, Bego Larrea eta Josu Amondarain. Batera edo bestera, denek lotura dute Etxerrerekin. Josu Uriartek bere lur-eremuetako ateak ireki eta putzura gerturatzeko aukera eman digu. Juan Carlos Larizgoitiak gogoratzen du kanpotik etortzen zirela Etxerre putzuan arrantza egitera. ‘Amerikanoa’ ezizenez ezaguna zen Bonifacio Lópezen hamaika gorabehera gogora ekarri ditu Koldo Olabarri auzotarrak: elefanteak, tigreak, lehoiak, tximinoak eta hegazti exotikoak zituen Garai inguruan, I. Mundu Gerraren garaian alemanen testaferro izan zen Bonifacio eta Etxerreko eskolan bere izena izan zuen. Bego Larreak gogoan du nola bere senideek esaten zioten 1937ko bonbardaketetan Etxerre inguruan Dornier 17 hegazkin bat erori zela eta gidaria bertatik bertara ikusi zutela, kiskalita. Josu Amondarainek meategiaren hautsak Etxerre grisez pintatzen zuela gogoratzen du. Jon Arretxek gaztetan harrobiak utzitako zuloaren bazterretatik paseatzea gustuko zuen. Hamaika pasarte, ehunka datu eta helburu bakarra: gure inguruan dugun bioaniztasuna zaintzea. Hori da datozen orrialdeetako solasaldien ildoa eta elkarrizketatu guztiak batu dituen gogoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak