Bizkaitarren euskalduntzea sustatu eta doakotasuneranzko urratsak emateko helburuarekin Bizkaiko Foru Aldundiak Euskara Eskura Txartela kaleratuko du aurten ere. Deskontu-txartel bat da, pertsonala eta onuradunak berak bakarrik erabiltzekoa.
Berau eskuratu ahal izateko, ikasleek A1, A2, B1 edo B2 maila gaindituta izan behar dute 2016-2017 ikasturteko lehenengo deialdian udal-euskaltegi edo euskara ikasteko zentro homologatu batean. Modu horretan, deskontu-bonuak jasoko dituzte datorren ikasturterako.
Euskara Eskura Txartela uztailaren 3tik 21era bitartean eskatu ahal izango dute interesdunek www.bizkaia.eus/euskaratxartela webgunearen bitartez eta irailetik aurrera erabili (urriaren 20ra arte).
400 EURO ARTEKO DESKONTUAK
Lau Euskara Eskura Txartel daude eskuragarri: A1 motako txartela gehienez ere 150 euroko deskontu-bonoarekin; A2 motakoa gehienez 200 eurokoa; B1 motako 300 euroko txartela; eta B2 motako Euskara Eskura Txartela gehienez 400 eurokoa. Euskara-mailak HABEk egiaztatuko ditu.
Informazio gehiagorako: euskaratxartela@bizkaia.eus
