→Hego Uribe

Galdakao Ospitaleko ZIUko erizaina: “Ez ditugu txaloak behar, lan egiteko materiala behar dugu. Berrerabiltzen ari gara”

Galdakaoko ospitaea / Google Maps

Yoli Calonge basauriarra Galdakaoko ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) erizaina da, gaueko txandan egiten du lan. Gizartearentzat berria den egoera hau apur bat argitu asmoz, solasaldi luzea izan dugu. Testuinguruan jartzeko, honakoa laburrean: Covid-19 koronabirusa gripe baten antzekoa da, baina oso erraz eta arin kutsatzen da. Eta horretan datza arriskurik larriena: gero eta kutsatu gehiago badaude, gero eta hildako gehiago egon daitezke, nahiz eta birusaren heriotza-tasa txikiagoa izan. Egun dakigunaren arabera, birusaren heriotza-tasa ohiko gripe batena baino baxuagoa omen da, baina krisi honen bukaeran jakingo dugu benetan zenbatekoa den. Izan ere, ohiko gripeak pertsona asko hiltzen du urtero, tratamendua eta txertoa egon arren. Esaterako, 2009ko gripea bereziki latza izan zela gogorarazi digu Yolik.

Egungo egoeraren errepasoa kronologikoki hasi dugu Yolirekin batera: Hasiera batean, Gurutzetako ospitaleak hartu behar zituen Bizkaiko Covid guztiak (‘Covid’ izena eman diete Covid-19 koronabirusa duten gaixoei), baina martxoaren hasieran Basaurin Covid19-agerraldi handia eman zen eta kutsatu asko egon dira. Hori dela eta, ospitale bakoitzak dagozkion gaixoak artatzeko erabakia hartu zen. Hasieran, ospitaleko solairuak eta larrialdi zerbitzuak betetzen hasi ziren. “Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) hamar bat egun daramatzagu gero eta kasu larri gehiagorekin. Esan behar dut, gure lanean, egoera hau ez dela berria: agian jendeak jakin ez arren, ohiko gripeak lan handia ematen digu. Aurten, otsailean lasaitasun apur bat izan dugu eta gripeak ez du horren gogor jo, baina Covidak egoera nabarmen larriagotu egin du”. Gaur egun, Bizkaian Galdakaoko ospitalea da Covid gehien dituena, baina material eskasia gero eta larriagoa da eta, orain arte segurtasuna bermatzeko erabilera bakarreko materiala zena berrerabiltzen hasi dira.

Aurretik datorrenari buruz galdetuta, “birusa guk baino lehenago izan duten herrialdeetara begiratzea besterik ez dugu. Oraindik okerrena etortzeko dago gurean”. Hala ere, lehen itxaropen printzak aste honetan agertu dira: Gurutzetako ospitalean dauden gaixoekin tratamendu berri bat probatzen hasi dira, Bartzelonako eta Madrileko ospitaleekin elkarlanean. Gainera, ondo bidean, Galdakaon ere tratamendu berriarekin lanean hasteko aukera izan dezakete. Ikusi egin behar.

Egun ospitalean duten egoera deskribatzeko eskatu diogu: “Gure lantaldea indartu egin du Osakidetzak eta orain hamabost ohe ditugu ZIUn: normalean hamar martxan izaten ditugu, eta beste bost irekitzeko aukera dugu. Eta litekeena da datozen egunotan ohe gehiago prestatzea, gaixo gehiago espero baitugu. Bertan, arnasketan berehalako laguntza behar duten Covidak jasotzen ari gara. REA eta URPA (Anestesia eta Suspertze zerbitzuak) unitateak ere gehituko zaizkigu ZIUra, baina gaixo kritikoak zaintzeko prestakuntza berezia dugun langileak gutxi gara, ez dago beharrezko prestaketa duen langile asko”. Era berean, ebakuntza- eta operazio-geletako langileak une honetan funtsezkoak diren lanpostuetan berkokatzen ari dira. Izan ere, behar-beharrezkoak diren ebakuntzak eta larrialdietakoak bakarrik egiten ari dira. “Esan nahiko nuke osasun publikoko langile askok bere burua eskaini duela egun libreetan lan egiteko edo, lanaldi osoa ez dutenek ordu gehiago lan egiteko”, gehitu du Yolik.

LAN MATERIAL ESKASIA. Arazo larrienetako bat material eskasia da: “Lanerako behar dugun materiala berrerabiltzen ari gara. Jende arruntak maskarillak ditu eta guk, larrialdietako langileok apenas ditugu. Nik atzo hamaika ordu lan egin nituen eta, hamaika orduz erabili nuen maskarilla gaur berriro erabili behar dut”. Material horniketan otsailetik arazoak izan dituztela azaldu du: “Otsailean, gripe arruntarekin, materialarekin eskas genbiltzan, Covid19a Txinan zegoelako eta bertara bidali zutelako material gehiena. Orduan, stock-eten bat sortu zen: gure ospitaleetara normalean heltzen zena baino material gutxiago heltzen hasi zen. Stock-haustura oso handia izan da”.

Atzo hamaika ordu lanean eman ondoren, langile gehienek etxean ere ‘konektatuta’ jarraitzen dutela dio Yolik: “Egunero protokolo berriak ditugu, eta gure lan materialaren arabera aldatzen dituzte. Mantalak denbora luzeagoz erabiltzeko esan digute, nahiz eta kutsatzeak ekiditeko ez den gomendagarria materiala berrerabiltzea. Horrek eragingo du gu geu lanean kontu handiagoz ibili behar izatea, segurtasuna ez baitago ohiko egoera batean bezain bermatuta. Gainera, orain, osasun arloan lan egiten dugun guztiok ezin gara gaixotu, ezin da hori gertatu: ez erizainak, ez sukaldariak, laborategikoak, garbitzaileak, farmazietakoak… Kate batean lan egiten dugu eta denok funtzionatu behar dugu. Azkenik, egia da osasun publikoan behar dugun materiala duten enpresak behartuta daudela material hori ematera, bai hortz-klinika batek eduki ditzakeen maskarillak, bai industria handiek osasun sailetan dituzten materialak, baina ez dakit hori betetzen ari den”.

Esan gabe doa ospitaleko langileek higiene arau zorrotzak betetzen dituztela, baina, hala ere, langileen artean birusarekin kutsatu direnak ere badira, eta etxean berrogeialdian daude: “Ni ospitaletik kanpo, etxean edo kalean, kutsa naiteke, ez dagoelako bakarrik nire esku, jende asko lanera joaten ari baita, esaterako, garraio publikoan… Lanean, adibidez, ordenagailuaren teklatua erabili aurretik eta ostean desinfektatu egiten dugu, langileon artean gaudenean maskarillekin gaude, eskuak gelarekin garbitzen ditugu, baina gela ere gero eta gutxiago dugu”.

IZU GIROA ETA HIGIENE ARAUAK. Birusari buruz gutxi dakigu, neurriak egunetik egunera aldatzen dira, etorkizunera begira ezjakintasuna handia da eta etxean sartuta gaude, baina batzuk lanera doaz. Sare sozialek ez dute asko laguntzen, ezta komunikabideok ere: “Esango nuke izu giroa Covida bera baino okerragoa izaten ari dela. Jende askok bere etxeak behar ez dituen trastez bete ditu, esaterako, maskarillaz edo eskularruz. Norberak ez badu birusa -hau da, ez baditu birusaren sintomak-, ez du maskarillarik behar. Egin behar duguna da eskuak xaboiarekin ondo garbitu, pertsonen artean segurtasun distantzia mantendu, komunera joan ondoren eskuak garbitu, eztul egiterakoan ahoa tapatu… Oinarrizko higiene arauak dira, egunerokoan ohitura izan beharko liratekeenak. Horiek dira gizarteari eskatzen dizkiogunak. Eta sen oneko arau horiek bete beharrean, etxean edukitzeko maskarillak, eskularruak eta gelak erosi ditugu. Horrek ez du toki onean uzten gure gizartea”.

Birusa azaldu zenetik, behin eta berriro entzun dugu adineko pertsonengan eragin handiagoa duela gazteengan baino: “Egia da ospitaleko solairuetan ohiko zaintzapean dauden Covid gehienak adineko gaixoak direla, laurogei bat urtetik gorakoak. Baina ZIUn, egoera larrian, 45 eta 75 urte bitartekoak ditugu, egia esan, egoera ez da samurra. ZIUko pazienteen %90 intubatuta daude, hau da, hodien bidez arnasten ari dira. Eta gainontzeko gaixoek esaten digute: ‘Zuen esanetara gaude, zuen eskuetan gaude’, eta eskertzen diegu jarrera hori”.

TXALOAK BALKOIETAN. Behin konfinamendu egoeran gaudela, osasun arloko langile guztiei eskerrak emateko modua ere topatu du gizarteak, baina Yolik zentzu eta esker onez berba hauek zabaldu nahi izan ditu: “Gustatuko litzaidake jendeak ulertzea orain esango dudana: Nik ez ditut txaloak jaso nahi nire lana egiteagatik, urte osoan aritzen gara lan hau egiten. Guk nahi duguna da behar bezala lan egiteko materiala edukitzea eta lankide gehiago izatea, lan honetan ezin garelako korrika eta presaka ibili. Ni pribilegiatu bat naiz hilabete bukaeran kobratuko dudalako, eta kalera atera naitekeelako jende askok etxetik atera gabe egon behar duenean. Baina ez ditut txaloak nahi, benetan, lan egiteko materiala nahi dut, eta ez ditut lanean murrizketak nahi. Denbora luzea daramagu murrizketekin eta gero eta gehiago igartzen ditugu. Adibide bat jarriko dut: elkarrizketa hau bera idazteagatik nik ez zaituztet txalotuko. Zuen lana goraipatuko dut ondo egiten baduzue, jakina, zuen lanaren defentsa egingo dut, baina ulertzen dut zuen lana dela eta dituzuen baliabide mugatuekin ahalik eta hoberen egiten saiatzen zaretela”.

Konfinamendu egoerari nola aurre egin galdetu diogu: telelana edo lanera joan beharra, umeen eta adinekoen zaintza, eguneroko bizitza eremu itxi batean: “Jakina etxetik atera gabe egunak eta egunak egotea gogorra dela, baina gustatuko litzaidake jendeak ikustea ZIUn zein egoera dugun, hemengo gaixoak nola dauden, zahar-etxeetan dauden agureen bakardadea, kalean etxerik gabe dauden guztiak… Halako egoeretan denok lagundu behar dugu, gure burua eta gure ingurukoak zaindu, ez galdu indarrik protesta arinetan”.

Solasaldi luze honen lehen esaldia “ez dakit mezu lasaigarriak eman ditzakedan” izan bada ere, herritar ororentzat argigarria, indartsua eta asmo onekoa izateko ahalegina egin dugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak