→Hego Uribe

GEURIAren ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala emango du ETBk igandean

ETBk GEURIA Hego Uribeko herri komunikabideak egindako ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala emitituko du igandean. Dokumentalak Basaurin futbol entrenatzaile batek egindako sexu-abusuen berri ematen du lehen pertsonan jasotako testigantzen bidez.

Bermeon gertatutako sexu-abusuen kasuaren harira, ETBk igande honetan, martxoaren 6an, gauez, bere bigarren katean, saio berezi bat eskainiko du, eztabaida batekin eta bi erreportajeren emisioekin: Bermeoko kasuari dagokiona eta, eztabaidaren ondoren, ‘Hiru buruko munstroa’ ren txanda izango da.

ETBn emitituko den bertsioa apur bat laburtuta egongo da, emisioaren iraupen-beharrak direla eta. EITBk ere dokumentalaren bertsio bera sartuko du EITB Nahieran katalogoan. Bertsio osoa atalka GEURIAren ohiko kanaletan egongo da eskuragarri.

HIRU BURUKO MUNSTROA. ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala 2019ko apirilaren 8an, 9an eta 10ean argitaratu zen GEURIAren Facebook eta YouTube plataformen bidez. Hiru atal izan ziren, egun bakoitzean bat. Ikuspegi eta toki ezberdinetatik kasua bizi izan zuten pertsonen testigantza gordinak jasotzen ditu.

Dokumentalak oihartzun handia izan zuen Hego Uribe eskualdean, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga eta Etxebarri bezalako udalerrietan, besteak beste, eta hainbat komunikabidetan albiste izatea lortu zuen hiru egunez jarraian. Argitaratu zenetik, hainbat ikastetxetan, campusetan eta hitzalditan erabiltzen da dokumentala, prestakuntza-material gisa. 2019ko Tokikom Sarietan dokumentalean egindako lanari buruzko hitzaldia eta solasaldia egin zen Ibaigane Kultur Etxean.

Hiru buruko munstroa dokumentalaren atal ezberdinen irudiak / Geuria

Dokumentala argitaratu baino egun batzuk lehenago, 2019ko martxoan, Basauriko adingabe batek salatu zuen sexu-abusuak jasan zituela akusatutako futbol-entrenatzaile berarengatik. Salaketa horrek, preskribatuta ez zegoenez, epaiketa ireki zuen. Joan den urrian, Bilboko epaitegiek frogatutzat eman zituzten sexu-abusuak, eta sei urteko kartzela-zigorra, zaintzapeko askatasuna eta urruntze-agindua ezarri zizkioten akusatuari.

Dokumentalak hiru helburu ditu: 1. Abusuen biktimak babestea; 2. Gertaera horiek nola gerta daitezkeen ulertzen saiatzea; 3. Arazo hori herritarrekin partekatzea eta guztion artean hausnartzea nola egin diezaiokegun aurre, etorkizunean halakorik gerta ez dadin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak