→Hego Uribe

GEURIAk bi finalista izendapen lortu ditu Tokikom Kazetaritza Sarietan

2018ko Tokikom Sarietan 'Edukiko onenari saria' irabazi zuen GEURIAk / Tokikom

Martxan dago TOKIKOM Sarien seigarren edizioa, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Bederatzi lan finalista aukeratu ditu epaimahaiak eta horietatik bi GEURIArena dira: batetik, eduki onenari saria ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ monografikoagatik; bestetik, ikusentzunezko onenari saria egunerokoan egiten duen bideoaren trataera bereziagatik. Tokikom Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen baitan.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria
Joan den urtean bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. Bozketa egiteko aukera ere webgune horietan izango da zabalik urriaren 20ra arte.

Tokikomek gonbidapena zabaldu du euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. “Alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”, azaldu du Joxe Rojas Tokikomeko Komunikazio arduraduna. Sariok TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Hego Uribe Euskal Herriko mapan jartzen
GEURIAren ibilbidea Euskal Herriko tokiko komunikabideekin batera gero eta nabariagoa da. Tokikom Kazetaritza Sariak dira horren termomentro ona bat. 2017an jaso zuen lehen finalista izendapena ‘Trena gertu dugunean’ erreportajearekin. Urtebete ondoren, 2018an, Eduki onenari saria jaso zuen ‘Berba eta irudia’ monografikoarekin eta finalista izan zen ’80 urte bonbardatu gintuztela’ monografikoaren azalarekin. 2019ko azaroan Basaurin Euskal Herriko tokiko komunikabideak batu ziren Basaurin. Aurtengo sarietan bi kategoriatan finalista izan da.

TOKIKOM SARIAK 2021. Finalistak

Azalik onena
MAXIXATZEN. Bolantean 60 urte
GUAIXE. Uda Sakanan
KARKARA. Bandera da Orion

Edukirik onena
GUKA. Turistak bizilagun
GEURIA. Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak
MAXIXATZEN. Zein da zurea?

Ikus-entzunezkorik onena
GOIENA. Hala Bazan
GITB. Ateak itxi, leihoak ireki
GEURIA. Bideoaren trataera berezia egunerokoan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak