→Hego Uribe

Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketan parte hartuko du bihar Hego Uribe taldeak

Hego Uribe ordezkatuko duen bertsolari gazteen taldea bihar lehiatuko da BBK Sariketako laugarren eta azken kanporaketan Busturialdearen kontra.

Urriaren 18an eman zioten hasiera Bertsolari Gazteen BBK Sariketari // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa martxan da beste urte batez. Aurten 29. edizioa da eta urriaren 18an eman zioten hasiera. Uribe Kosta, Durangaldea, Uribe Butroe, Arratia, Enkarterri/Ezkerraldea, Lea-Artibai, Busturialdea eta Hego Uribe eskualdeek hartuko dute parte lehiaketan. Hego Uribe eskualdetik honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Haizea Telleria, Maddi Askaiturrieta eta Ixone Asategi gaztetxoen taldean (18 urtera arteko kategoria), eta Peio Molinuevo, Unai Foruria eta Txaber Altube nagusien taldean (19 eta 26 urte bitarteko kategoria).

Hego Uribeko taldeak bihar, urriak 27, hasiko du txapelketa, Busturialdearen kontra. Bilbon izango da kanporaketa, Urretxindorra Ikastolan, 10:30ean. Kanporaketa hori laugarrena eta azkenengoa da. Izan ere, lehenengo kanporaketa urriaren 18an jokatu zen Uribe Kosta eta Durangaldearen artean (Uribe Kostak irabazi zuen); bigarrena urriaren 20an izan zen Uribe Butroe eta Arratiaren artean (Uribe Butroek irabazi zuen); eta hirugarrena atzo, urriak 25, jokatu zen Enkarterri/Ezkerraldea eta Lea-Artibairen artean (Lea-Artibaik irabazi zuen).

Lehenengo finalaurrekoa azaroaren 15ean jokatuko da Adadiñon Uribe Kosta eta Uribe Butroeren artean (10:30. Abadiño Institutuan), eta bigarren finalaurrekoa azaroaren 17an jokatuko da Gernikan Lea-Artibai eta Hego Uribe edo Busturialdearen artean (10:30. Barrutialde Institutuan). Finala azaroaren 29an izango da Bilbon, BBK Salan, 18:00etan.

“Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxoa ere bananduko da eta aurten, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere egongo da”, diote Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak