Sareak

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko Berbalagunak martxan, azaroan aurkezpen jaiak antolatu dituzte Basaurin eta Galdakaon

Hego Uribeko Berbalagun taldeak hasi dira dagoeneko biltzen Basaurin eta Galdakaon. Azarotik aurrera hainbat ekintza antolatuko dituzte.

|

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoak hasi du ikasturte berria Galdakaon eta Basaurin. Irailean izena emateko epea zabaldu ondoren, urrian hasi dira taldeak elkartzen, eta gaur aurkezpena egin dute Basaurin, Ezetz tabernan.

“Pandemiak sortutako egoera batere erraza ez den arren, proiektuak aurrera jarraituko du. Talde batzuk dagoeneko elkartzen hasi dira, eta pandemia egoerak hobera egin duela ikusita, talde berri gehiago sortuko ditugula aurreikusten dugu”, diote Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunek.

Gaur aurkeztu dute Hego Uribeko Berbalagun egitasmoaren ikasturte berria Basaurin // Geuria

Ikasturte berriari hasiera emateko, azaroan aurkezpen jaiak antolatu dituzte Galdakaon eta Basaurin: azaroaren 4an Galdakaoko Iturrondo plazan (18:00) eta azaroaren 11n Basauriko Zutarri tabernan (19:00). Gainera, azaroa eta abendua bitartean antolatu dituzten zenbait jardueren berri eman dute: azaroaren 12an yoga ikastaroa Galdakaon (18:00); abenduaren 3an egun osoan zehar Euskararen Eguna ospatzeko hainbat ekintza Basaurin; abenduaren 9an Mintzodromoa Galdakaoko Torrezabalen (10:00); eta abenduaren 17an Baskot Gaua Basauriko San Jose ikastetxean (20:00).

Berbalagun talderik ohikoenak taberna batean elkartu ohi dira euskaraz hitz egiteko, baina Covid-19 pandemia dela eta online aritzeko taldeak ere mantenduko dituzte aurten: “Ulertzen dugu pertsona askok oraindik birusari beldurra izatea eta taberna batean elkartzeko konbentzituta ez egotea edo, besterik gabe, batzuek nahiago izatea ordenagailu bidez euskara praktikatu kalean baino. Hori dela eta, Berbalagunek online aritzeko taldea mantenduko du arten ere”, diote.

Talde arruntez gain —tabernetan geratzen diren taldeak—, interes taldeak ere badaude. Hala nola: mendi taldea (hilean behin irteera bat), jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak eta irakurketa taldea. “Gainera, aurten hitanoa lantzeko taldea sortu nahi dugu eta baita yoga taldea ere”, diote. Horretarako, dohainik izango den lehen tailerra burutuko dute azaroaren 12an Galdakaon.

Era berean, ekintza osagarriak antolatzen jarraituko dute ikasturte berrian: “Berbalaguneko asteroko taldeetan parte hartu ez arren, ekintzotan edozein euskaldunek izena eman dezakeela gogorarazi nahi dugu”, diote. Esate baterako, edozein herritarri zuzendutako txapelketak antolatuko dituzte ikasturtean zehar. Lehenengoa dagoeneko martxan dago: selfie lehiaketa. Hasiera batean irailean zehar zegoen martxan lehiaketa, baina parte hartzeko epea luzatzea erabaki dute. “Gure produktuez osatutako sari sorta bi ditugu lan txukunenentzat”, diote.

Horrez gain, Egunean Behin aplikazio arrakastatsuan parte hartzeko gonbitea egin nahi izan diete Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunek herritarrei, “erronka hau euskara kontsumitzeko modu atsegin, aberasgarri eta erraza baita”, diote: “Izan ere, egunean minutu bat-bi baino ez zaio dedikatu behar 10 galderako galdetegiari, eta, gainera, asteroko irabazlearentzat ere saria dugu gordeta”.

240 berbalagun iaz

Hamazazpigarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, hamabigarrena Basaurikoak. Urte hauetan guztietan Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 650 lagun inguru ibili dira. Azken ikasturtean, 2020-2021 ikasturtean, 240 lagun ibili ziren 33 berbataldetan banatuta, 6-8 pertsonak osatutakoak. “Aurten taldeak asko jota sei lagunekoak izango dira”, diote. Talde hauetako batzuk jadanik martxan daude eta elkartzen hasi dira, “betiere osasun neurriak errespetatuz”.

Berbalagunen astero parte hartzen duten lagunek abantailak dituztela nabarmendu dute prentsaurrekoan: “Esaterako, asistentzia ona saritzeko opariak, Basauri eta Galdakaoko Udalek gure esku utzitako kultur ekitaldietarako sarrerak, hainbat harpidetzatan deskontuak (Argia, Aizu!, Gaztezulo, Berria…), euskararen agenda hilabetero zuzenean jasotzea, gure irteera eta ekintzetan parte hartzeko lehentasuna eta beste hainbat”, diote.

Berbalagun egitasmoan izena eman nahi dutenek 607 146 855 telefono zenbakira deitu dezakete, edo galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatzi. Izena ematea doakoa da.

☉ Hego Uribe

🔴 Zuzenean / 23. Korrika eta Hego Uribeko streaminga, GEURIAn

|

Hego Uribeko AEKko irakasleak 22. Korrikan // Geuria

Heldu da eguna! 23. Korrikari hasiera emango diote gaur Irunen eta hamar egun ondoren, martxoaren 24an bukatuko da Baionan.

Apirilaren 14ko hasiera ekitaldia Irundik zuzenean GEURIAn jarraitzeko aukera egongo da.

Hasiera ekitaldiko emisioa 15:00etan hasiko da eta behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da Korrika.

Era berean, ibilbide osoko kilometro guztiak ere ikusteko aukera egongo da GEURIAn, EITBren seinalearen bitartez.

Korrika Hego Uribetik

Martxoaren 21ean eta 22an igaroko da euskararen aldeko ekimena Hego Uribe eskualdetik: ostegunean Usansolon, Galdakaon, Etxebarrin, Basaurin eta Arrigorriagan, eta ostiralean, Ugaon eta Zeberion.

Beste urte batez, Zaratamotik bertatik ez da pasako Korrika, baina bertako herritarrek eta erakundeek bat egingo dute ekimenarekin beti bezala.

Aurten Hego Uribe eskualdean egun argiz disfrutatu ahal izango dugu Korrikaz. Izan ere, martxoaren 21ean 12:00etatik 15:00etara bitartean igaroko da ekimena eta martxoaren 22an 13:00etatik 14:30era.

GEURIAtik jarraipen berezia emango diogu Korrikari, Hego Uribeko Korrika Kulturalari, eta bideoak eta argazkiak argitaratuko ditugu.

Hego Uribe eskualdean 23. Korrikak egingo duen ibilbidea, mapak eta ordutegiak HEMEN.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zolloko taberna-jatetxea berriz zabalduko dute larunbatean

|

Zolloko Elexalde auzoan dago taberna / Arrankudiaga-Zolloko Udala

Arrankudiaga-Zolloko Udalak lehiaketa publikora atera zuen Zolloko Elexalde auzoan dagoen taberna-jatetxearen errentamendua. Udal ordezkariek azaldu zutenaren arabera tabernak “ostalaritzaz harago doan balioa dauka”, auzotarrentzat “eguneroko elkargune bat” den heinean. Nabarmentzekoa da XIX. mendetik zerbitzua eman duen taberna dela, eta azken bi hamarkadetan errentari berbera izan duela. Horrek erakusten du, Arrankudiaga-Zolloko Udalaren arabera, negozio “egonkorra” dela.

Udalak lokala txukuntzeko lanak hartu zituen,  eta behin lanak eta esleipena bukatuta, larunbatean zabalduko ditu berriz bere atea jatetxeak. Kontratuak bost urteko epea izango du eta beste hiru urtez luzatzeko aukera egongo da. Kontutan hartu dituzten beste hainbat aldagai ere badaude: alde batetik, taberna gutxienez bost egunez egon beharko da zabalik, eta asteburuetan 10:00etatik 00:00etara doan ordutegia izan beharko du. Kasu honetan ere, interesdunek hobekuntzak proposatu ditzazkete.

Bestetik, sortuko den lanpostu kopurua, zerbitzarien euskara maila edota tokiko produktuak baliatzea ere kontutan hartu diren aldagaiak izan dira.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Agenda / Badator Korrika Hego Uribe eskualdera!

|

Korrika 2022an Usansolotik igaro zeneko momentu bat // Geuria

Martxoaren 21ean eta 22an igaroko da 23. Korrika Hego Uribe eskualdetik: ostegunean Usansolon, Galdakaon, Etxebarrin, Basaurin eta Arrigorriagan, eta ostiralean, Ugaon eta Zeberion. Ibilbidea, mapak eta ordutegiak HEMEN.

Aurten Hego Uribe eskualdean egun argiz disfrutatu ahal izango dugu Korrikaz. Izan ere, martxoaren 21ean 12:00etatik 15:00etara bitartean igaroko da ekimena eta martxoaren 22an 13:00etatik 14:30era.

23. Korrika gurera iritsi bitartean hamaika jarduera antolatu ditu Hego Uribeko AEKk. Era berean, martxoaren 21ean eta 22an bertan ere ekintzak izango dira egun osoan zehar eskualdean, eta ondorengo egunetan ere.

Martxoaren 24an Baionan bukatu da euskararen aldeko lasterketa erraldoia eta Hego Uribetik autobusak antolatu ditu eskualdeko AEKk.

Agenda / Korrika Kulturala 2024

ARRIGORRIAGA
MAR 17 / IGANDEA
PILOTA PARTIDUAK
10:30 Anbulategiko frontoia

KORRIKA ARROPA ETA PETOAK SALGAI, TALOAK, HERRI KIROLAK, MUSIKA, DANTZALDIA
12:00 Argala plaza

EH-KO PRODUKTUEN ZOZKETA ETA AGUR BERTSOA
15:00 Argala plaza

MAR 21 / OSTEGUNA
IZOZKIAK ETA DISKOFESTA TXIKIENTZAT
17:00 Argala plaza

BERTSO POTEOA: IKER GARITAGOITIA, MIREN AMURIZA, ONINTZA ENBEITA, PEIO MOLINUEVO
19:00 Argala plaza

 

BASAURI
MAR 10 / IGANDEA
KORRIKA POTEOA: ORKRESTA ELEKTROTXARANGA
12:00 Thomas tabernatik

SAN MIGEL KANTARI
13:00 Lorien tabernatik

MAR 17 / IGANDEA
HALTEROFILIA ERAKUSTALDIA
11:00 Solobarria

AGINTZARI DANTZA TALDEAREN EMANALDIA
12:00 Solobarria

PAELLA TXAPELKETA: PAELLAK AURKEZTEA
14:00 Solobarria

BAZKARIA ETA ZOZKETA
14:30 Solobarria

BASAJAUN ERROMERIA
17:00 Solobarria

MAR 18 / ASTELEHENA
KORRIKA TXIKIA ETA HAURRENTZAKO JAIALDIA
15:30 Solobarria plazatik

MAR 21 / OSTEGUNA
HAUR BERBENA
15:00 Sofia Taramona ikastetxea

MAR 22 / OSTIRALA
BOZGOIRAILU-POTEOA GAZTEEN ESKUTIK
19:00 Elexalde tabernatik

BADON OPERA POSTDRAMATIKOA
20:00 Social Antzokia

 

ETXEBARRI
MAR 16 / LARUNBATA
FAMILIAN EUSKARAZ: ESKULANAK
11:00 Elkartegunea (Bekosolo parkea)
Izen-emateak: etxebarrikoarpela@gmail.com

MAR 22 / OSTIRALA
KORRIKA TXIKIA (GOIZEZ)

KORRIKA JAIA
Udaletxeko plaza
18:00 Burbuila erraldoiak
19:00 Txokolatada
19:30 Basajaun erromeria

 

GALDAKAO
MAR 14 / OSTEGUNA
BIZKARSORO FILMAREN EMANALDIA
10:00 Musika Eskolako zinema aretoa

MAR 15 / OSTIRALA
KORRIKA TXIKIA
10:00 Urreta ikastetxetik: Bizkai kalea, Juan Bautista Uriarte, Pontzi Zabala, Gipuzkoa, Juan Bautista Uriarte, Zamakoa, Urki, Iturrondo

UMEENTZAKO IKUSKIZUNA
10:30 Iturrondo. Euria bada, fronoian

BARIKU-PASA
16:30 Bengoetxeko Jubilatuen etxean

PINTXO-POTEA EUSKARAZ
19:30 Baztartxue, Lorea, Osterri, Wagon eta Mega Dinamic

FLASHMOB: TAUPADAK DANTZA ESKOLA
19:00 Iturrondo plazan

GALDAKAO KANTARI
20:00 El Ingles tabernatik

GOTX ELEKTROTXARANGA
20:30 Zehazte

MOZOILO IRRATIA DJ
21:00 Urreta parkean

MAR 16 / LARUNBATA
MENDI IBILBIDEA (6 KILOMETRO)
10:00-12:00 Lau irteera: Aperribai, Bengoetxe, Urreta eta Kurtzea

PUZGARRIAK
11:00-14:00 Kurtzeko plaza. Euria bada, Gandasegiko arkupeetan

PILOTA PARTIDA MISTOA ETA TXISTORRA-JANA
12:00 Kurtzeako frontoia

ANDRA MARIKO MUSIKARIEN KALE ANIMAZIOA
13:00 Kurtzeko plaza

HERRI BAZKARIA
15:00 Gandasegiko arkupeak. Tiketak salgai AEKn, Herriko Bentan eta Baserri tabernan

KONTZERTUA: GAUALDEKO HASPERENA
17:00 Gandasegiko arkupean

OIHAN VEGA DJ
22:00 Kurtzeko plaza

MAR 17 / IGANDEA
BIZKARSORO FILMAREN EMANALDIA
19:00 Musika Eskolako zinema aretoa

MAR 21 / OSTEGUNA
MOZOILO IRRATIKO DJ
11:00 Aperribaiko eskolako patioan

 

UGAO
MAR 22 / OSTIRALA
11:00 KORRIKA TXIKIA

17:00 BURUHANDIEN KALEJIRA

UMEENTZAKO HERRI KIROLA: ARTZAINA
18:00 Plaza

ERROMERIA: GAUTEGUN
20:30 Plaza

 

USANSOLO
MAR 15 / OSTIRALA
PUZGARRIAK ETA GIZA-ANTZAR JOKOA
17:00 Unkina plaza. Euria bada, Unkina plazako frontoian

GAITEROEN ETA BURUHANDIEN KALEJIRA
19:00 Unkina plazatik

MAR 16 / LARUNBATA
PILOTA PARTIDUAK
11:00 Unkina plazako frontoia

TXISTORRA-JANA, UME BERTSOLARIAK ETA UMEENTZAKO HERRI KIROLAK
13:30 Unkina plaza. Euria bada, frontoian

INUDEA ETA ARTZAIN KALEJIRA
18:00 Herrian zehar

FANFARRE BETIJAI TXARANDA
18:30 Unkina plazatik

TXOKOLATADA
19:30 Unkina plaza

DJ PEREZ
21:00 Unkina plaza

MAR 17 / IGANDEA
MENDI IRTEERA
09:30 Unkina plazatik

MAR 21 / OSTEGUNA
DJ ALAI UMEEN IKUSKIZUNA
15:00 Unkina ikastetxea

 

ZARATAMO
MAR 16 / LARUNBATA
POTEO MUSIKATUA, UMEENTZAKO JOLASAK ETA LEKUKOAREN ZOZKETA
12:30 Elexaldeko plaza

BIRKARSORO PELIKULA ETA EGILEEKIN SOLASALDIA
18:30 Elexaldeko Kultur Etxea

MAR 17 / IGANDEA
E-MC-UMEAK: MARIA RIVERO ETA ITXASO PAYA
18:00 Elexaldeko Kultur Etxea

 

ZEBERIO
MAR 22 / OSTIRALA
15:00 BERTSOAK: ESKOLAKO UMEAK

15:30 BAZKARI HERRIKOIA: NORBERAK DAKARRENA

16:30 KARAOKEA

17:00 TXOSNAREN IREKIERA

19:00 ORKRESTA ELEKTROTXARANGA

19:30 TXISTORRADA

 

HEGO URIBE
MAR 21 / OSTEGUNA
KORRIKA HEGO URIBEN: IBILBIDEA ETA ORDUTEGIA HEMEN!

MAR 24 / IGANDEA
BAIONARA AUTOBUSA BASAURITIK, GALDAKAOTIK ETA USANSOLOTIK (15 EURO)
08:00 Basauri (San Jose ikastetxeko autobus geltokia)
08:15 Galdakao (Ardanza parkea)
08:30 Usansolo (Laminarrietako autobus geltokia)
19:30 Itzulera

BAIONARA AUTOBUSA ARRIGORRIAGATIK ETA ZARATAMOTIK
Info gehiago: 666 193 859

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Athleticen Kopako finala ikusteko pantailak jarriko dituzte Hego Uribe eskualdean

|

Apirilaren 6ko finalean pantailak jarriko dituzte Arrigorriagan, Abusun, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Zeberion, eta asmoa dute Ugaon ere jartzeko // Athletic Club

Apirilaren 6an jokatuko du Athleticek Kopako finala Mallorcaren aurka Sevillan, La Cartujan. Hego Uribetik autobusak antolatu dituzte Sevillara joateko eta jaiaz bertatik bertara gozatzeko.

Hala ere, eskualdean bertan geratuko den jende asko ere egongo da. Horientzat pantaila handiak jarriko dituzte Arrigorriagan, Abusun, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Zeberion. Era berean, Ugaon ere asmoa dutela jakin ahal izan du GEURIAk.

Pantailen kokapenak zein tokitan jarriko dituzten zehazteke dute Udalek. Aurrerago emango dute kokapenen berri.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

ZOZKETA / Nafar hegoaldeko produktu ekologikoekin bi saski, Errigora eta Geuriaren eskutik

|

Errigorak 10 urteotan zehar ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean lan egin du // Errigora

ZOZKETA EGINDA / Otsailaren 25ean eman zioten hasiera Errigoraren kanpaina berriari: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura, eta Eutsi gureari lemapean. “Eusteko, zeri eta gureari. Baina ez da dei bat lortutakoari, galtzeko beldurrez, atxikita gelditzeko deia da. Bada dei bat, baina egindako bideari begiratu, oinak gaurko lurrean sentitu eta aurrerako pausuak emateko deia”, adierazi dute Errigorako lagunek.

“Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko aukera bat.

GEURIAn bi saski zozketatuko ditugu, Errigoraren eskutik. Saskiek nafar hegoaldeko produktu ekologikoak dituzte.

Hau da parte hartzeko dinamika:

1️⃣ GEURIA Instagram, Facebook edo Twitter orrialdeko jarraitzaile izan.
2️⃣ Zein lagunekin egingo zenuke otordu eder bat? Zozketaren argitalpenean zure lagun bat etiketatu.
3️⃣ Elkarbanatu posta zure story-etan eta Geuria aipatu. Horrela aukera gehiago saskia irabazteko!

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 13ra arte (12:00). Behin zozketan parte hartzeko epea itxita, hurrengo egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleekin Instagram, Facebook edo Twitter bidezko mezu pribatu bidez jarriko gara harremanetan. Zorte on guztioi!

Irabazleak:

– Kutxa 1: oihaneco
– Kutxa 2: imemenza

“Elikagaien merkatuaren egoera oso gora-beheratsua izan da azken aldian, eta horrek guztioi harrapatu gaitu. Errigoraren ibilbide luze-laburrak irakutsi digu bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. 10 urte horietan zehar ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-emana da erakusle argia”, diote Errigoratik, eta gaineratu dute: “Ametsak egi bihurtzea posible dela erakutsi dugulako, eutsi diezaiogun gureari!”.

Eskaerak martxoaren 13a baino lehen egin behar dira esteka honetan. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. 

Osorik irakurri