→Hego Uribe

Hego Uribeko Berbalagunak martxan, azaroan aurkezpen jaiak antolatu dituzte Basaurin eta Galdakaon

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoak hasi du ikasturte berria Galdakaon eta Basaurin. Irailean izena emateko epea zabaldu ondoren, urrian hasi dira taldeak elkartzen, eta gaur aurkezpena egin dute Basaurin, Ezetz tabernan.

“Pandemiak sortutako egoera batere erraza ez den arren, proiektuak aurrera jarraituko du. Talde batzuk dagoeneko elkartzen hasi dira, eta pandemia egoerak hobera egin duela ikusita, talde berri gehiago sortuko ditugula aurreikusten dugu”, diote Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunek.

Gaur aurkeztu dute Hego Uribeko Berbalagun egitasmoaren ikasturte berria Basaurin // Geuria

Ikasturte berriari hasiera emateko, azaroan aurkezpen jaiak antolatu dituzte Galdakaon eta Basaurin: azaroaren 4an Galdakaoko Iturrondo plazan (18:00) eta azaroaren 11n Basauriko Zutarri tabernan (19:00). Gainera, azaroa eta abendua bitartean antolatu dituzten zenbait jardueren berri eman dute: azaroaren 12an yoga ikastaroa Galdakaon (18:00); abenduaren 3an egun osoan zehar Euskararen Eguna ospatzeko hainbat ekintza Basaurin; abenduaren 9an Mintzodromoa Galdakaoko Torrezabalen (10:00); eta abenduaren 17an Baskot Gaua Basauriko San Jose ikastetxean (20:00).

Berbalagun talderik ohikoenak taberna batean elkartu ohi dira euskaraz hitz egiteko, baina Covid-19 pandemia dela eta online aritzeko taldeak ere mantenduko dituzte aurten: “Ulertzen dugu pertsona askok oraindik birusari beldurra izatea eta taberna batean elkartzeko konbentzituta ez egotea edo, besterik gabe, batzuek nahiago izatea ordenagailu bidez euskara praktikatu kalean baino. Hori dela eta, Berbalagunek online aritzeko taldea mantenduko du arten ere”, diote.

Talde arruntez gain —tabernetan geratzen diren taldeak—, interes taldeak ere badaude. Hala nola: mendi taldea (hilean behin irteera bat), jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak eta irakurketa taldea. “Gainera, aurten hitanoa lantzeko taldea sortu nahi dugu eta baita yoga taldea ere”, diote. Horretarako, dohainik izango den lehen tailerra burutuko dute azaroaren 12an Galdakaon.

Era berean, ekintza osagarriak antolatzen jarraituko dute ikasturte berrian: “Berbalaguneko asteroko taldeetan parte hartu ez arren, ekintzotan edozein euskaldunek izena eman dezakeela gogorarazi nahi dugu”, diote. Esate baterako, edozein herritarri zuzendutako txapelketak antolatuko dituzte ikasturtean zehar. Lehenengoa dagoeneko martxan dago: selfie lehiaketa. Hasiera batean irailean zehar zegoen martxan lehiaketa, baina parte hartzeko epea luzatzea erabaki dute. “Gure produktuez osatutako sari sorta bi ditugu lan txukunenentzat”, diote.

Horrez gain, Egunean Behin aplikazio arrakastatsuan parte hartzeko gonbitea egin nahi izan diete Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunek herritarrei, “erronka hau euskara kontsumitzeko modu atsegin, aberasgarri eta erraza baita”, diote: “Izan ere, egunean minutu bat-bi baino ez zaio dedikatu behar 10 galderako galdetegiari, eta, gainera, asteroko irabazlearentzat ere saria dugu gordeta”.

240 berbalagun iaz

Hamazazpigarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, hamabigarrena Basaurikoak. Urte hauetan guztietan Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 650 lagun inguru ibili dira. Azken ikasturtean, 2020-2021 ikasturtean, 240 lagun ibili ziren 33 berbataldetan banatuta, 6-8 pertsonak osatutakoak. “Aurten taldeak asko jota sei lagunekoak izango dira”, diote. Talde hauetako batzuk jadanik martxan daude eta elkartzen hasi dira, “betiere osasun neurriak errespetatuz”.

Berbalagunen astero parte hartzen duten lagunek abantailak dituztela nabarmendu dute prentsaurrekoan: “Esaterako, asistentzia ona saritzeko opariak, Basauri eta Galdakaoko Udalek gure esku utzitako kultur ekitaldietarako sarrerak, hainbat harpidetzatan deskontuak (Argia, Aizu!, Gaztezulo, Berria…), euskararen agenda hilabetero zuzenean jasotzea, gure irteera eta ekintzetan parte hartzeko lehentasuna eta beste hainbat”, diote.

Berbalagun egitasmoan izena eman nahi dutenek 607 146 855 telefono zenbakira deitu dezakete, edo galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatzi. Izena ematea doakoa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak