→Hego Uribe

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean da Hego Uribe eskualdea

Aurten lauko finala izango da: Busturialdea, Durangaldea, Lea Artibai eta Hego Uribe. Finala abenduaren 2an izango da Bilbon. Sarrera doakoa da baina gonbidapenak banatuko dituzte.

Hego Uribe eta Uribe Butroe taldeetako ordezkariak joan den martxoan // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Abenduaren 2an jokatuko da Bertsolari Gazteen XXVIII. BBK Sariketaren finala. Bertan arituko dira Hego Uribe eskualdeko bertsolari gazteak: Maider Altuna, Maddi Askaiturrieta eta Maite Sarasola 18 urtez azpiko kategorian, eta Mikel Aiartzaguena, Unai Foruria eta Ander Anakabe 19 eta 25 urte bitartekoen kategorian. Busturialdea, Durangaldea eta Lea Artibai ere lehiatuko dira finalean.

Sariketa martxoan hasi zen eta lau sailkapen-saio jokatu ziren. Kanporaketak jokatu ostean, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zen sariketa. Egoeraren bilakaera ikusirik, finalaurrekorik ez, baina finala jokatuko da Bilbon finalaurrekoetara sailkatutako lau taldeen artean. Eskualde bakoitzeko bertsolariak bi multzotan banatu ohi dira eta, kasu honetan, 18 eta 25 urte bitartekoek soilik kantatuko dute Bilboko finalean. 18 urtetik beherakoek bideo bidez helaraziko dituzte haien bertsoak.

Finala abenduaren 2an 18:00etatik aurrera izango da Bilboko BBK Salan. Saiorako ateak 17:30ean zabalduko dituzte. Sarrera doakoa da baina gonbidapenarekin baino ezingo da aretora sartu. Gonbidapenak www.bertsozale.eus atarian daude eskuragarri. Finaleko epaimahaia Juanjo Respaldizak, Josu Telleriak eta Beñat Romerok osatuko dute. Txapelketan parte hartu duten guztiek oparia jasoko dute eta, finalistek, opariaz gain, garaikurra ere jasoko dute. Gainera, epaimahaiak sari berezia emango dio kantaera onena erabiltzen duenari.

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza sailarekin lankidetzarekin antolatzen da sariketa. Lehen edizioa 1992an egin zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak