→Hego Uribe

Bizikleta martxa deitu dute bigarrenez, Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko

Azaroaren 27an izango da hitzordua Bilbotik Galdakaora // Biziz Bizi

Urrian lehen bizikleta martxa antolatu zuten Bilbotik Galdakora bidegorria aldarrikatzeko asmoz. Orain, hilabate geroago, bigarren bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean. Azaroaren 27an, larunbatez, deitu dute bigarren bizikleta martxa eta aurrekoan bezala, Bilbotik, Etxebarritik, Basauritik eta Galdakaotik igaroko da. Martxa 11:00etan hasiko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik (Don Diego López Haroko Kale Nagusia, 25).

Asmoa da hilero hilaren azken larunbatetan egitea bizikleta martxak Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko. “Hain hurbil eta hain hurrun! Bilbotik Galdakaora joan ahal izatea odisea dela dirudien arren, berez hurbil daude. Azpiegitura egokiekin, jende asko animatuko litzateke bizikleta hartzera, horrek dakartzan onura guztiekin”, diote Biziz Biziko ordezkariek.

“Bizkaiko bizikleta Plan Nagusian (2003-16), Nerbio-Ibaizabaleko bigarren ardatzean, konexio hau definitua zegoen. 18 urte pasatu dira jada eta oraindik gauzatu gabe jarraitzen du. Ez al da egiteko garaia?”, diote: “Glasgowko COP26 goi-bileran lider politiko askok ere egoera klimatioaren larritasuna adierazi dute komunitate zientifikoak azpaldi adierazi duten bezala. Mugikortasun iraunkorra konponbidearen parte garrantzitsua da. Bizikletaren garaia da!”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak