→Hego Uribe

Arrigorriaga eta Galdakao gaurtik itxita daude; Basaurik murrizketak saihestu ditu

Artxiboko irudia // Geuria

Gune gorrian daude Arrigorriaga, Galdakao eta Basauri. Lehenengo bi herrien kasuan gaurtik perimetralki itxita daude, ostalaritzarako murrizketak ezarri dituzte, eta barnealdeko kirol-jarduera ere mugatuta dago. Alde batetik, Arrigorriagako eta Galdakaoko herritarrek aukera dute alboko udalerrira igarotzeko erosketak egiteko eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko. Bestetik, tabernek eta jatetxeek lokal barruko jendaurreko ordutegia murriztu behar izan dute 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era (terrazabal zabalik daude goizetik 20:00etara arte). Eta azkenik, barnealdeko kirol-jarduerari dagokionez, gehienez ere 4 pertsonako taldeak batu daitezke.

Atzo publikatu zuten txostenaren arabera itxi dituzte Arrigorriaga eta Galdakao. Izan ere, astelehenero Osasun Sailak argitaratzen duen txostenaren arabera ezartzen dituzte neurri murritzaileagoak intzidentzia-tasa 400dik gorakoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan. Igandeko intzidentzia-tasa 435,40koa zen Arrigorriagan eta 528,94koa Galdakaon, eta atzoko datuei errefaratuta, gora egin du eragin-tasak: 452,15 Arrigorriagan eta 549,28 Galdakaon. 

Datuak datu, azken zazpi egunetan 25 covid positibo antzeman ditu Osakidetzak Arrigorriagan, eta azken 14 egunetan 46. Galdakaori dagokionez, azken zazpi egunetan 96 positibo zenbatu dituzte, eta azken 14 egunetan 162. 

Basauri: atzo laranjan, gaur gorriz

Basauriren kasuan, atzo semaforo laranjan zegoen eta hortaz neurri murritzailerik ez dituzte ezarri, nahiz eta eremu gorrian gaur sartu den. Igandean 388,10eko intzidentzia-tasa zuen Basaurik, eta atzo 400eko langa gainditu zuen (400,30). Positiboei dagokienez, azken zazpi egunetan 88 antzeman dituzte, eta azken 14 egunetan 164. Udalerri bat perimetralki ixteko igandeko datuak hartzen dituzte kontuan agintariek, horregatik Basaurin ez dituzte neurri murritzailerik jarri. Datorren astelehean igandeko datuak argitaratzen dituztenean jakingo da itxiko duten edo ez.

Etxebarri, Ugao, Zaratamo eta Zeberiori dagokienez, horietan ere ez dituzte neurri murritzailerik ezarri. Etxebarrik eremu horian jarraitzen du 191,97ko intzidentzia-tasarekin; otsailaren 24tik dago gune horian, hau da, 69 egun darama egoera horretan. Ugaoko intzidentzia-tasa 267,77koa da, Zaratamokoa 667,88koa eta Zeberiokoa 184,5ekoa. Zaratamo, nahiz eta 400dik gorako tasa izan, Eusko Jaurlaritzak atzo egindako ebazpenaren arabera, ez dute perimetralki itxi.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak