→Hego Uribe

Zer egin dezaket lehenengo fasean Hego Uribe eskualdean?

Gaur sartu da indarrean deskonfinamenduaren lehenengo fasea Hego Euskal Herrian, baita Hego Uribe eskualdean ere. Lehenengo fasea maiatzaren 24ra arte egongo da indarrean.

Basauri eta San Migel lotzen dituen bideetariko bat / Utzitakoa

Gaur sartu da indarrean deskonfinamenduaren lehenengo fasea Hego Euskal Herrian, baita Hego Uribe eskualdean ere. Lehenengo fasea maiatzaren 24ra arte egongo da indarrean. Hauek dira egin daitezkeen edo egin ezin diren jarduera nagusiak:

Mugikortasuna eta zirkulazio-askatasuna

1. Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

2. Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.

3. Udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

Kirola eta ariketa fisikoa

1. Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da udalerriaren mugen barruan, baita mugakideetan ere, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.

2. Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioek zabaldu dezakete. Horietan banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta. Gainera, kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.

3. Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.

4. Paseoak bakarka edo etxekoekin eman daitezke, ezarritako ordutegietan eta udalerrian bertan edo ondokoan.

5. Mendi-ibilaldiak egin daitezke. Mendira joan daiteke udalerri barruan bertan eta ondoko udalerrietan. Bakana edo familia-bizikidetzaren eremuko pertsonekin.

6. Ehiza eta kirol- edo jolas-arrantza debekatuta daude.

7. Kirolari profesionalek banaka egin ditzakete entrenamenduak, aire zabalean, bizi diren probintziaren mugen barruan. Entrenatzaile-lanak egiten dituen pertsona bat egon daiteke, segurtasun-neurriak gordez. Dagokion federazioak emandako kirol-lizentziarekin edo goi-mailako kirolariaren ziurtagiriarekin egiaztatuko dute beren izaera.

8. Kirolari federatuek entrenamenduak egin ahal izango dituzte banaka, aire zabaleko espazioetan, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara bitartean, bizi diren udalerri barruan zein udalerri mugakidean. Dagokion federazioak emandako kirol-lizentziarekin egiaztatuko dute beren izaera.

9. Kirol egokituko edo paralinpikoko modalitateak egiten dituztenek beste kirolari baten laguntza izan dezakete kirol-jarduera egiteko. Kasu horretan, pertsonen arteko segurtasun-tarteak murriztuko daitezke. Horretarako, biek maskarak erabili beharko dituzte, eta kasu bakoitzean norberaren higienea eta arnas etiketa bermatzeko egokitzat jotzen diren neurriak aplikatuko dituzte.

Kultura

1. Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

Merkataritza-jarduerak

Zein saltoki zabal daitezke gaurtik aurrera?
1. Orain arte zabalik zeudenak: elikagaiak saltzen dituztenak, farmaziak, osasun zerbitzuak ematen dituztenak, optikak, prentsa, gasolindegiak, gailu teknologikoak saltzen dituztenak, tindategiak…

2. 400 metro koadroko azalera baino gutxiago duten saltokiak. Saltoki horietan % 30era murriztu beharko dute edukiera, eta gutxienez bi metroko tartea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri beharko dute 65 urtetik gorakoentzat.

Terrazak zein baldintzetan irekiko dituzte?
Terrazaren edukiera % 50 murriztuta. Bi metroko tartea utzi beharko dute mahaien artean, baina udalerriek baimena eman dezakete mahai kopurua eta horiek kokatzeko eremua handitzeko. Gehienez 10 lagun elkar daitezke mahai bakoitzean. Terraza-zerbitzua 23:00etan bukatuko da.

Txokoetara, elkartea gastronomikoetara eta gazteen lokaletara joan daiteke?
Ez. Oraingoz, itxita mantenduko dira txoko, elkarte gastronomiko eta gazteentzako lokalak.

Okindegiek eta dastalekuek edariak sal ditzakete, kafea barne?
Eramateko bada bai. Ezin da denda barruan kontsumitu. Terraza baldin badute, ostalaritza zerbitzuetarako irizpideei jarraitu beharko diete.

Azokak zabalik egongo dira?
Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri. Jai azokek, ordea, debekatuta jarraituko dute oraingoz. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, Udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.

Eta, merkatu txikiak?
Kaleko salmentako merkatu txikiak baimendu dituzte. Udalek baldintzak ezarriko dituzte.

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak zabalik egongo daitezke?
Bai, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko. Bezeroen arreta osasun irizpideei jarraituz egin beharko dute.

Ibilgailuen Aldizkako eta Nahitaezko Azterketa (IAT) egiteko guneak zabalik egongo dira?
Bai. Bezeroak aurrez txanda hartuta joan daitezke. Hala ere, IAT txartelen iraungitze datek bertan behera jarraitzen dute urte amaierara arte.

Herritarrentzat zabalik egoteko baimenik ez duten saltokiek mantentze lanak egin ditzakete?
Bai.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak.
Baimenduta daude. Leku irekietan, gehienez ere, 15 lagun elkartu daitezke; leku itxietan 10. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira.
Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera % 30era murriztu dute.

Ortu familiarretan lan egin daiteke?
Bai. Produktuak bildu, mantentze-lanak egin, erein, ureztatu eta ongarritu daitezke.
Aztertzen ari dira ondoko herrietako ortuetara joatea. Lekualdaketaren justifikazioa baratzearen titulartasun-agiriaren bidez egiaztatu ahal izango da.

Etxebizitzetan obrak.
Inor bizi ez den etxebizitzetan edota lokaletan obrak egin daitezke.

Harreman sozialak

Etxe baten barruan onartuta dago biltzea?
Ertzaintzak hitz bakarra jaso du puntu horretan: ez. Hala ere, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Radio Euskadin adierazi du ezin dela “hamar lagunetako talderik” elkartu etxe batean, baina bai ordea, “talde txikietan”.

Mendekotasunen bat duten senideak bisitatzera joan daiteke?
Bai, bisita egitera edo zaintzera.

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?
Ez, ezta lurralde berean badago ere.

Aireportura edo geltokira joan naiteke senide baten bila?
Ez. Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko baino ez dago aurreikusita.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak