→Hego Uribe

Mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 9an Hego Uriben dispertsioaren kontra

Bilbon urtarrilean urtero egin ohi duten manifestazioa beste modu batean planteatu du Sarek, eta herriz herri mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 9an.

Abenduaren 26an manifestazioa deitu zuen Sarek Basauriko espetxera // Argazkia: Sare Basauri

Egungo osasun-egoerak baldintzatuta, Bilbon urtarrilean urtero egin ohi duten manifestazioa beste modu batean planteatu du Sarek, eta herriz herri mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 9an, larunbatez. Bi aldarri nagusi zabalduko dituzte aurtengo mobilizazioetan: “batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean. Eta bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna. Izan ere, Oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik”, diote Saretik.

Hego Uribe eskualdean mobilizazio hauek deitu dituzte:
– Arrigorriaga: 17:30 Argala plazan ekitaldia eta manifestazioa
– Basauri: 17:30 Arizgoitiko plazan argazki herrikoia eta ondoren manifestazioa
– Galdakao: 17:00 Iturrondo plazatik manifestazioa eta 17:30 Kurtzeko plazan ekitaldia
– Ugao: 17:30 Herriko plazan kontzentrazioa (euria eginez gero frontoian)
– Zaratamo: 17:30 Manifestazioa eta ‘Motxiladun umeak’ dokumentalaren proiekzioa
– Zeberio: 17:30 Herriko plazan kontzentrazioa

“2021a salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea eskatuko dugu herriz herri. Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu. Horregatik jendarte osoari dei egiten diogu, mobilizazioetan parte hartu eta ibiltzen hasiak garen bidearen parte izateko”, diote Saretik.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboari gazteen babesa

Urtarrilaren 2an Ernaik mobilizazioak egin zituen Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Usurbilen. Mobilizazioaren helburua zen Euskal Preso Politikoen Kolektiboari babesa ematea. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ehunka gazte bildu ziren, eta Bizkaian 84 gaztek korrika egin zuten Deustuko Done Petri plazatik Arriagako plazaraino; Bizkaiko preso politiko bakoitzeko gazte batek. Tartean, Hego Uribeko hainbat gaztek hartu zuten parte ekimenean: “Galdakaoko, Basauriko, Arrigorriagako eta Ugaoko gazteok parte hartu dugu. Gazte bakoitzak, herriko preso politikoen pala bana eraman genuen”, diote Hego Uribeko Ernaitik: “Ibilbidearen amaieran, barrotez margotutako pankarta apurtu genuen korrikalariok, eta zubiaren beste aldean 150 bat gazte zeuden korrikalariei ongi etorria ematen”.

“90. eta 2000ko hamarkadan jaiotako ehunka gazte batu gara belaunaldi gisa hitz egiteko. Mezu argi bat zabaltzeko: Euskal Herrian gatazka politiko-armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugu eta behar dugu. Askatasuna, konpromisoa, elkartasuna eta maitasuna azpimarratu nahi izan ditugu”, diote Ernaitik.

Argazkiak: Hego Uribeko Ernai

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak