→Hego Uribe

Arrigorriagako, Basauriko eta Galdakaoko ostalaritzak gaurtik aurrera irekitzeko baimena du

Bihartik aurrera zabaldu dezake ostalaritza // Geuria

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki du taberna eta jatetxeei berriro irekitzeko baimena ematea, nahiz eta udalerria bera ‘gune gorrian’ egon. Gauzak horrela, gaurtik aurrera zabalik egon daiteke ostalaritza, 06:00etatik 20:00etara, % 50eko edukierarekin, pertsonen artean metro eta erdiko distantziarekin, eta gehienez lau pertsona mahai baten inguruan. Zutunik edo barran kontsumitzeak debekatuta egoten jarraituko du.

Erabakia ez da behin betikoa. Izan ere, Auzitegiak denbora gehiago beharko du auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko. “Gaurtik aurrera ireki ditzakegu gure tabernak zein jatetxeak. Hala ere, ostiralean LABIa berriro batuko da, eta neurri murritzaileagoak ezarri ditzake: adibidez, ostalaritzaren ordutegia gehiago murriztea, baina benetan ez dakigu zer erabakiko duen Eusko Jaurlaritzak honen aurrean”, dio Bienve Godoy Basauriko ostalariak: “Momentuz pozik gaude Auzitegiak hartu duen behin-behineko erabakiarekin”.

Auzitegiaren aburuz, gaur egun indarrean dauden osasun neurriekin, “ez dirudi ostalaritza osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua” denik. Hego Uribe eskualdean Arrigorriaga, Basauri eta Galdakao daude eremu gorrian. Urtarrilaren 26tik itxita dago ostalaritza Arrigorriagan eta Galdakaon, eta urtarrilaren 29tik Basaurin. Gaurtik aurrera, ordea, irekitzeko baimena du bertako ostalaritzak, nahiz eta udalerria bera gune gorrian egon.

Hego Uribeko ostalariak Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean kontzentratu dira tabernak eta jatetxeak irekitzea aldarrikatzeko

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak