→Hego Uribe

Iraitz Barandiaran (Zaporeak): “Gutariko bakoitzak esne kutxa bat utziko balu, janari osagarri duin bat eskainiko lieke errefuxiatuei”

Zaporeak proiektua esne bilketa egiten ari da Bizkaiako 30 herrietan. Tartean, Hego Uribe eskualdean, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon eta Zeberion. Zaporeak proiektuko kide den Iraitz Barandiaran galdakoztarrarekin egin dugu berba.

Esne bilketa martxan da Bizkaian, baita Hego Uribe eskualdean ere.
Hala da. Zaporeak elkarteak esne bilketa kanpaina hasi zuen martxoaren 13an Gipuzkoan, handik eta 15 egunera Araban, eta ondoren Nafarroan. Orain, Bizkaian aste honetan ari gara esnea biltzen 30 herritan, baita gure eskualdean ere: Galdakaon, Arrigorriagan, Zeberion eta Basaurin. 

Zertarako da bilduko duzuen esnea?
Esnea Lesbosera bidaltzeko da, Kata Tepeko errefuxiatuen kanpamenduan banatzeko. Pasa den urtean janari bilketa egin genuen, eta oraingoan, janari osagarri bezala esnea banatzen ari gara. Batuko den esnea behi-esne osoa izan behar da, ahal dela, iraungitze-data ahalik eta luzeenarekin. 

Zenbat pertsonari banatuko diezue esnea?
Orain arte Zaporeakek 2.000 pertsona ingururentzako sukaldatu izan du Lesbosen, bertan dauden errefuxiatuen artean janari beroa banatzeko. Hala ere, Moriako kanpamenduan izandako sutearen ostean, orain Lesbosen kanpamendu berri batean daude errefuxiatuak: Kara Tepen, hain zuzen. Moriako kanpamenduan 13.000 pertsona inguru bizi ziren, eta orain 7.000 pertsona inguru daude Kara Tepen. 

Eta ahalik eta pertsona gehiago laguntzea da asmoa.
Hala da. Ahalik eta jende gehiago laguntzea da helburu nagusia, orduan, ekarpenak zenbat eta handiagoak izan, jende gehiago lagunduko dugu.

Nahiz eta pandemia garaian egon, solidarioak gara?
Herri moduan jendea oso solidarioa da. Eskuzabalak gara eta badugu besteen azalean jartzeko gaitasuna. Pandemia garaian izan edo ez, uste duguna baino eskuzabalagoa da jendea, eta horrelako bilketak egiten ditugunean nabaritzen da jendeak ere laguntzeko gogoa daukala. 

Iaz Lesbosen izan zinen Zaporeakekin.
Iazko abuztuan egon nintzen Lesbosen beste hiru boluntariorekin. Zaporeak elkartearen bitartez joan ginen. Sare sozialen bitartez ezagutu nuen Zaporeak eta mezu bat idatzi nien bolondres aritzeko prest nengoela adierazteko, eta iazko udan deitu ninduten Lesbosera joateko lan egitera. 

Zer egin zenuen bertan?
Zaporeakek Lesbosen sukalde bat dauka eta bertan gure lana zen goizen-goiz jaiki, eta sukaldera joan. Sukaldean errefuxiatuak diren pertsonak ere badaude lanean. Bizi duten egoera latz horretatik aterabide bezala egiten dute. Denon artean 2.000 pertsonentzako sukaldatzen genuen egunero otordu duin bat. Bestetik, beste elkarte batekin -Team Humanite-, sukaldatutakoa banatu egiten da errefuxiatuen artean. Elkarte hori errefuxiatuz osatutako elkartea da eta jendearengana heltzeko erraztasun handiagoa dute. Zaporeakek janariarekin tupperrak eramaten ditu, eta beste elkartearekin batera banaketa egiten da.

Esne bilketan herritarrek parte har dezaten, zer esango zenieke?
Animatzen zaituztegu Zaporeak elkartetik ekimen solidario honetan, ahal den neurrian, parte hartzera. Errefuxiatuak denon ardura dira. Gu ere bagara hein handi batean haiek horrela egotearen errudunak. Hainbat supermerkatutan egongo gara, baita herrietako puntu ezberdinetan ere. Esne kutxa bat erostea ez da ezer kostatzen. Bizkaian bizi garen bakoitzak esne kutxa bat bakarrik uzten baldin badu, esne pilo bat bilduko dugu bertan, behintzat, gutxi batzuei janari osagarri duin bat eskaini ahal izateko.

Hego Uriben ezarri dituzten bilketa puntuak hemen kontsulta daitezke.

Esnea biltzen ari da Zaporeak Hego Uribe eskualdean, Lesboseko errefuxiatuentzat

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak