Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduetan janari banaketa osagarria egin ahal izateko esne bilketa masiboa abiarazi du Zaporeak Proiektuak Euskal Herrian. Bizkaian 30 herrietan ari dira bilketa egiten, tartean, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon eta Zeberion. Apirilaren 19an hasi ziren Hego Uribe eskualdean eta hilaren 24ra arte ibiliko dira esnea biltzen. Soilik behi esne osoa.
“Hemen bilduko esnearekin eta Lesbosen erositako frutarekin 7.200 laguni oinarrizko elikagaiak helaraziko dizkiegu. Oinarrizko elikagai horiek ezin dituzte errefuxiatuek eurek erosi, Covid-19agatik ez baititete Kara Tepeko kanpamendutik ateratzen uzten”, dio Bea Bizkaiko Zaporeak proiektuko koordinatzaileak: “Esnea eta fruta gehigarri bat dira, hilabete batzuk baitaramatzate patata, tipula, arroza eta abarrekin poltsa bat banatzen, errefuxiatuek kozinatu ahal izateko”.
Bizkaiko hainbat eragilek bat egin dute Zaporeaken kanpainarekin. Besteak beste, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako eta Padura Saskibaloi Taldeko ordezkariek parte hartu dute deialdia zabaltzeko sortu duten bideoan.
Esne bilketa | Zaporeak | Hego Uribe
Apirilak 19-24
Arrigorriaga
– Apirilak 23, ostirala. 17:00-20:00. Herriko supermerkatuak
– Apirilak 24, larunbata. 10:00-14:00. Herriko supermerkatuak
Basauri
– Apirilak 19-23. 09:30-14:30 + 16:00-20:30. Marienea. Ostiralean goizez bakarrik
– Apirilak 19-23. Sarratu, Larrazabal, Pozokoetxe, Basozelai eta Kareaga Auzo Elkarteetan
– Apirilak 19-23. 18:30-20:00. San Migel Auzo Elkartea
– Apirilak 24, larunbata. 10:00-20:00. Eroski Baskonia eta Eroski Bilbondo
Galdakao
– Apirilak 19-23. 09:00-21:00. Ostalaritza Eskola eta BM supermerkatuetan
– Apirilak 24 larunbata. 10:00-15:00. BM supermerkatuetan, Gurtubai Industriagunean, Bizkai kalean, Ander Deuna kalean
Zeberio
– Apirilak 22-24. Herriko denda
