→Hego Uribe

Bideoa | Etxebizitza eskubidearen alde adierazpen bateratua egin dute Batu Elkarlaguntza Sareak eta Galdakaoko Etxebizitza Sareak

Etxebizitza eskuratzeko arazoaz aritu dira Basaurin Batu Elkarlaguntza Sarea eta Galdakaoko Etxebizitza Sarea, eta etxebizitza eskubidearen aldeko “ekimen sendoa eta bateratzailea” sortzeko asmoa agertu dute. “Etxebizitza-egoera arazo handia bihurtu da Hego Uribeko eskualdeko biztanle askorentzat. Azken urteotan, etxeen prezioa nabarmen igo da. Kasu batzuetan, prezioen igoerak oinarrizko eskubidea den etxebizitzaren eskuragarritasuna zaildu edo eragotzi egin digu gure hainbat auzokideri. Baina egoera hori ez da berez etorri. Izen-abizendun erantzuleak daude arazo horren atzean: higiezinen agentziak, etxejabe handiak, funtse putreak eta horien alde jokatzen duten legeri zein politika publikoak”, dio Jon Olea sare bietako kideak: “Etxebizitzaren egoera jada jasangaitza bazen, pandemiak krisi sozial eta ekonomikoaren larritasuna areagotu du”.

Besteak beste, etxebizitza eskuratzea doakoa eta unibertsala izatea, alokairu soziala sustatzea edota etxegabetze gehiagorik ez ematea aldarrikatu dute: “Beharrezkoa zaigu gure herri eta auzoetan gutxiengo neurri batzuk ezartzea, egoerak okerrera egiten jarrai ez dezan. Etxebizitza eskuratzea doakoa eta unibertsala izan beharko luke. Izan ere, etxebizitzak, bizitza duin baterako oinarrizko ondasuna izanik, ezin du inolaz ere negozio eta espekulaziorako baliabidea izan”, dio Maite Martinez Galdakao Etxebizitza Sareko kideak. Ildo horretan, “premiazko neurriak” har daitezen eskatu dute, “gure herri eta auzoetako lagunen bizi baldintzen okertzea saihesteko”, dio Martinezek. “Alokairuek ezin dute bizikidetza unitatearen diru-sarreraren % 15a gainditu, biztanle guztien etxebizitza eskuratze-ahalmena bermatzeko; alokairu prezioaren igoera soilik onartuko da Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) aldakuntzen mailan berean edo txikiagoan egiten bada; ez dugu etxegabetze bat bera ere onartuko, aurretik alternatibarik ematen ez bazaio; hutsik dauden etxeen alokairu soziala sustatu behar dela uste dugu; eta azkenik, etxebizitza arazoak emakume aurpegia duela ikusarazi nahi dugu, eta kasu horiei modu bereizian erantzun behar zaiela uste dugu”, diote.

“Eskaerak ezin dira hutsean egin, hortaz, gure konpromiso irmoa erakusten dugu ahal dugun guztia egiteko bizilagun bat bera ere ez dadin arrazoi ekonomiko edota etxebizitza prezioengatik kalean bizitzera edo bere herritik joatera behartua izan”, diote. Horren harira, eskualdeko eragile sozial eta sindikalekin bilduko dira Batu Elkarlaguntza Sareko eta Galdakaoko Etxebizitza Sareko kideak, “etxebizitza eskubidearen aldeko ekimen sendoa eta bateratzailea sortzeko asmoz”.

3.000 etxebizitza huts

Etxebizitza hutsei dagokienez, Batu Elkarlaguntza Saretik eta Galdakaoko Etxebizitza Saretik adierazi dute Hego Uribe eskualdean 3.000 etxe baino gehiago hutsik daudela: “Bizkaian 2.000 pertsona kalean bizi dira, 30.000 etxe hutsik dauden bitartean. Eta eskualdean jakin badakigu 3.000 etxe baino gehiago hutsik daudela”, dio Oleak: “Horren aurrean, hutsik dauden etxeen alokairu soziala sustatu behar dela uste dugu”.

Urtarrilaren 23an, larunbatez, egin zuten prentsaurrekoa Basaurin, San Fausto plazan. Adierazpena hiru hizkuntzatan irakurri zuten: euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz.Maisuen Etxea zenaren aurrean elkartu gara, gure eskualdean bizi den etxebizitza larrialdiaren berri emateko. Ez da kasualitatea bertan bildu izana. Izan ere, Maisuen Etxeak Udalaren jabetzako etxebizitza publikoak ziren, baina orain dela urte batzuk, promotora bati saltzea erabaki zuen Udalak luxuzko etxeak egiteko. Hala, publikoa zen ondasuna higiezinen merkatuko interesen esku uzteko hautua egin zuen, herritarren premiak asetzera bideratu ordez”, dio Martinezek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak