→Hego Uribe

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak deitu ditu Sarek urtarrilaren 8an Hego Uriben

"Etxerako bidean" lelopean Basauriko espetxera manifestazioa deitu zuen Sarek abenduaren 18an // Sare

Bigarren urtez jarraian, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa herriz herri egitea erabaki du Sarek. Covid-19ak eragindako egungo egoera kontuan hartuta, bertan behera utzi dute Bilbon egitekoa zuten urtarrilaren 8ko urteroko manifestazio jendetsua, eta, horren ordez, herrietan egingo dituzte mobilizazioak egun berean. Hego Uribe eskualdean, manifestazioa deitu du Sarek Galdakaon (19:00etan Kurtzeko plazatik), eta elkarretaratzeak deitu ditu Ugaon (17:00etan udaletxeko plazan) eta Usansolon (17:30ean Mailu plazan). Basauriko Sarek Bilboko manifestaziora joateko deia egin du (17:00etan Eliptika plazatik). Baliteke hurrengo ordu eta egunetan hitzordu gehiago izatea eskualdean.

Hiru arrazoi eman ditu Sarek aldarrikapenari eutsi izana azaltzeko: “Batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan. Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua. Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak”, diote.

Datuak datu, Etxeraten zerrendaren arabera, gaur egun 196 euskal preso daude kartzeleratuta: 80 Euskal Herriko espetxeetan (horietatik 9 etxean preso daude), 95 Espainiako kartzeletan, eta 21 Frantziako kartzeletan. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, bertako 14 herritar daude kartzeleratuta: Basauriko espetxean eskualdeko lau preso daude (Jon Crespo Ortega, Iker Lima Sagarna eta Ugaitz Perez Sorriketa galdakoztarrak eta Joseba Borde Gaztelumendi ugaotarra), Zaballan hiru (Zigor Orbe Sevillano basauriarra, Josune Oña Ispizua galdakoztarra eta Gorka Vidal Alvaro zaratamarra), Kantabriako espetxean bi (Iñigo Vallejo Franco basauriarra eta Maite Pedrosa Barrenetxea ugaotarra), Palentzian bat (Jon Bienzobas Arretxe galdakoztarra), Leonen bat (Iñaki Krutxaga Elezkano galdakoztarra), Madrilen bat (Xabier Garcia Gaztelu galdakoztarra), Zaragozan bat (Dani Pastor galdakoztarra), eta Txus Martin Hernando basauriarra etxean preso dago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak