→Hego Uribe

Hamaika gorroto delitu izan ziren iaz Hego Uriben: zazpi Basaurin eta lau Galdakaon

Gorroto delituen artean iazko ekainean eraso homofoboa jazo zen Basaurin // Geuria

Hamaika gorroto delitu erregistratu zituen Ertzaintzak 2021ean Hego Uribe eskualdean. Hala jaso du poliziak EAEko gorroto-gertakariei buruzko memorian. Txosten horren arabera, Basaurin zazpi gorroto delitu atzeman zituzten (% 2,54) eta Galdakaon lau (% 1,45).

EAEko datuei erreparatuta, guztira 276 gorroto delitu izan ziren iaz. Bilbon jazo ziren gorroto delitu gehien (46, % 16,67), Gasteiz (35, % 12,68), Irun (32, % 11,59), Donostia (16, % 5,8), Barakaldo (12, % 4,35) eta Gernika-Lumoren (9, % 3,26) aurretik. Zerrendan, Basauri dago Gernika-Lumoren atze-atzetik, eta Galdakao 15. postuan dago.

Horrez gain, Galdakaoko bizilagun bati (% 0,79) egotzi zioten gorroto delituak egitea, eta eskualdean 9 lagunek pairatu zituzten mota horretako erasoak: 6 Galdakaon (% 3,82) eta 3 Basaurin (% 1,91). Hala ere, txostenak ez du zehazten harremanik dagoen Galdakaon eta Basaurin egondako erasoen, inputatuko bizilagunaren eta biktimen artean.

Eraso homofoboa Basaurin

Ertzaintzaren memoriak ez du zehazten zein eraso mota jazo ziren Basaurin eta Galdakaon. Hala ere, iazko ekainean Basaurin gertatutako eraso homofoboa bai jasotzen du txostenak, ‘Prentsan nabarmendu diren kasuak 2021ean’ eranskinean. Ekain Perrino herrikideak jasan zuen erasoa ekainean Bizkotxalde parkean, eta bederatzi pertsona ikertu zituzten. Hasieran lesio-delitu bezala bideratu zuten kasua, baina ondoren gorroto delitua izan zela zehaztu zuten.

Ekain Perrino: “Denok berdinak gara. Ez dugu eskubideen borroka utzi behar”

Bestetik, eranskin berean honako kasu hau nabarmendu du Ertzaintzak: Bi urteko espetxealdia Marokon Basaurin atxilotutako batentzat, mehatxu terroristengatik’. Marokoko justiziak bi urteko kartzela zigorra eta mila dirhameko isuna ezarri zion Polizia Nazionalak 2021eko martxoan Basaurin atxilotu zuen pertsona bati, mehatxu terroristak egitea egotzita. Espainian egindako ikerketetan, segurtasun-indarrek egiaztatu zuten atxilotua itsututa zegoela Marokoko pertsonen eta interesen aurkako indarkeriazko ekintzak egitearekin, eta etengabe argitaratzen zituen bere bideoak ekintza terroristak egitera bultzatuz eta justifikatuz. Zehazki, bere profil sozialen bidez, muturreko gordintasun delituak egiteko mehatxu eta eskaera egiten zuen bideoak argitaratzen zituen. Marokoko prentsak Faisal Al Bahloulen, ‘Boukhkouna’ ezizenekoaren, operazioaren eta kanporatzearen berri ere eman zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak