→Hego Uribe

Laina eta Baigura mendiak igoko dituzte Hego Uribeko herritarrek Gure Eskuren Pirinioetako Bidean

Galdakaoko Gure Eskuko kideak Pirinioetako Bidea aurkezten // Utzitakoa

Pirinioak argiztatzea. Hori da Gure Eskuren erronka berria. Uztailaren 2an egingo dute erronka hori, eta helburua da katalan eta euskal herritarrek Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatzea. Euskal Herria eta Katalunia batuz argi-lerro bat osatzea da asmoa, “gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko”, diote Gure Eskutik.

Euskal herritarrek 115 gailur argiztatuko dituzte Pirinioetako Bidean, Jaizkibeletik Benasqueraino. Hego Uribe eskualdeko herritarrek ere erronka egingo dute: zehazki, Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Laina eta Baigura mendiak igoko dituzte eskualdeko lagunek. Basauri, Galdakao, Etxebarri eta Zaratamoko herritarrek Laina mendia (869 metro) igoko dute, eta Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arakaldo eta Orozkoko herritarrei Baigura mendia (897 metro) egokitu zaie.

“Mendi errazak dira eskualdeari egokitu zaizkienak”, dio Karmele Arrieta Galdakaoko Gure Eskuko kideak. Gailur ‘berdeak’ dira, eta horrek esan nahi du “jende gehienarentzat irisgarriak” direla. Ildo horretan, Basauriko eta Galdakaoko zenbait herritarrek martxoaren 26an Laina mendia eta bere ingurua aztertzeko bidaia egin zuten: “Igoera Baigurako Kiroletako gunetik (Base de Loisirs du Baigura) egin zen, Baigura Mendira doan pistatik. Ibilbide osoa pistatik egiten da Baigurako gailurrera heldu arte. Ondoren, Laina gailurrerako bidea kilometro batekoa da”, diote Galdakaoko Gure Eskuko ordezkariek. Ibilbidea 2 ordu ingurukoa da.

Basauriko eta Galdakaoko Gure Eskuko zenbait kidek irteera antolatu zuten Nafarroa Behereara, Laina mendia aztertzera // Utzitakoa

Arrigorriagako Gure Eskuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, asmoa dute uztailaren 2ko asteburuan ostatu hartzea Bidarrai inguruan: “50 lagunentzako tokia dago, eta izena ematea beharrezkoa izango da. Aste Santuko oporretatik bueltan jakinaraziko dugu zelan eman izena”, dio Ander Altuna Arrigorriagako Gure Eskuko kideak.

Izena ematea

Uztailaren 2ko erronkan parte hartzeko izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena: “Herri bakoitzak gailurrak izango ditu izendatuta, honenbestez, nongoa zaren adierazten duzunean, gailur batzuk proposatuko zaizkizu, herrikideekin batera joan zaitezen. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango duzu”, diote Gure Eskutik. Gailur guztien zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke.

“Laina mendira joateko autobusa antolatuko dogu. Egun guztiko irteera izango da: goizeko 09:00etan atera Galdakaotik, Baxe Nafarroako txokoen bisita egin, bazkaldu, arratsaldean igo mendira, argiztatu eta goizaldeko ordu bietarako Galdakaon buelta”, diote Galdakaoko Gure Eskuko ordezkariek. Aurrez aurre ere eman dezakete izena interesdunek. Galdakaon, esaterako, maiatzetik aurrera egin ahal izango da: “Kamisetak erosteko, izena emoteko eta autobusean apuntetako, Kurtzeako frontoiko tabernan egongo gara martitzen eta eguen arrastietan (17:00-19:00) eta zapatu goizetan (12:00-13:30) maiatzatik aurrera”, diote.

Ekimenak Galdakaon

Pirinioetako Bidea uztailaren 2an izango da. Ekimen nagusiak Pirinioetan bertan gauzatuko dira, baina Galdakaoko Gure Eskuko kideek jakinarazi dutenez, herrian bertan ekitaldiak antolatuko dituzte egunean bertan. “Momentuz zehazten ari gara zer egingo den uztailaren 2an Galdakaon, baina ordu berean, batzuk Laina mendian dauden bitartean, beste batzuek herrian ekimen desberdinak egingo ditugu”, diote Galdakaotik. Era berean, ekainaren 4an Ganguren mendira igoera antolatu dute Galdakaotik zein Lezama eta Larrabetzutik: “Gailurrean ekitaldi batzuk egingo ditugu”, diote.

Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República laguntzaile.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak