→Hego Uribe

Izitu eragile politikoa eratu dute Hego Uribe eskualdean, “itzalita dagoena pizteko”

Euren helburua da, “ikuspegi eta praktika politiko iraultzailea ahal bezain beste zabaltzea eta gure inguruan txertatzea”, diote Izitutik.

Iazko Urriko Martxa. Aurten ez dute antolatu egungo egoeragatik // Argazkia: Utzitakoa

Izitu eragile politikoa eratu dute Hego Uribe eskualdean. Asteburuan aurkeztu dute publikoki, baina euren jarduna ez da berria. Azken urteetan, hainbat ekimen aurrera atera dituzte, hala nola, Urriko Martxa, Maiatz Gorria, Euskal Herritik kanpoko borrokak ezagutzeko brigadak eta Kapitala eta Birusa dinamika komunikatiboa. Horien atzetik, “antolakuntza marko formal” baten fruitua da Izitu: “Hasieran gazte asanbladen koordinadora, ondoren hausnarketa eta eraketa prozesuan egon den talde politikoa”, diote. Euren helburua da, “ikuspegi eta praktika politiko iraultzailea ahal bezain beste zabaltzea eta gure inguruan txertatzea”, diote Izitutik: “Apal eta esaneko nahi gaituzten boteretsuen aurrean, iraganetik datozkigun txingarrak hauspotu eta su berri bat izitu nahi dugu”.

Eskualde mailako proiekzioa izango du Izituk. Hala ere, inguruko herri eta bailaretan lan egitea ez dute guztiz baztertu. “Gure ustetan, egungo jendartea berdintasun eta askatasun eredu izatetik urrun dago. Legedi burgesak ezartzen duen berdintasun juridikoaren arabera denak berdinak eta askeak bagara ere, gure ingurura begiratzea baino ez daukagu errealitate soziala oso bestelakoa dela jabetzeko”, diote. Besteak beste, “klase banaketaz, kapitalaz, patriarkatuaz edota nazio zapalkuntzaz” ari dira Izitukoak.

“Itzalita dagoena pizteko” eratu dute Izitu eragile politikoa: “Gure euskalkian izitu hitza zeozer piztu nahi dugunean erabiltzen dugu. Itzalita dagoena izitu egiten da”, diote. “Gure ustez, Euskal Herria garai historikoetan murgilduta dabil: 60 urte luzez iraun duen ziklo politiko baten akaberan, ziklo berriaren nondik norakoak ezartze bideko trantsizioan gaude. Zaila da garai berri horren eduki, aldagai eta formak zelakoak izango diren aurreikustea, baina gauza jakina da Euskal Herriko askapen borroka ezaugarritu duen norabide iraultzailea galtzeko arrisku erreala egon badagoela”. Testuinguruan horretan sortu dute Izitu.

Urriko Martxa, bertan behera

Udaberrian zeukan asmoa Izitu eragile politikoak bere burua publikoki aurkezteko, baina koronabirusa dela eta aurkezpena atzeratu behar izan dute. Aurkezpenaz gain, Urriko Martxaren prestakuntzekin izan behar ziren egun hauetan, baina aurten ezinezkoa izan zaie antolatzea: “Urtero legez, aurten ere gogo eta irrika biziz geunden eskualdeko txoko eta mendiak zeharkatzeko, borrokarako aldarria lau haizetara zabaltzeko. Baina denok dakigun bezala, aurtengo egoera salbuespenezkoa da, eta, hori dela eta, pandemia egoeran egonik, ezinezko egin zaigu aurtengo Urriko Martxa segurtasun baldintzekin egitea”, diote: “Lekukoa, halere, ez da bidean galduko, eta hurrengo urtean egitasmoa berrartzeko deia luzatzen dugu gaurdanik”.

“Umiltasunak elikatuko duen prestasunarekin ekingo diogu bide iraultzailearen eraikuntzari gure ekarpena egiteari”, diote Izitutik. Zentzu horretan, komunitatearen eraikuntza eta horren bitartez herri eta langile boterearen eraikuntza; antolakuntza eta autodefentsa mekanismoen garapena; elkarlaguntza eta zaintza erdigunean jartzea; euskara eta euskal kultura bultzatzea; internazionalismoa; edota etika iraultzailea indartu eta mentalitate dominatzailea gainditzea bilatuko dute. “Gure jardunaren erdigunean egongo dira horiek guztiak bultzatzea eta maila lokalean ahalik eta adierazpen zabalena eta errotuena lortzea. Alde horretatik, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, Batu Elkarlaguntza Sarea eta halako herri boterearen espresio auto-antolatuek garrantzi zentrala dutela uste dugu. Horregatik, eta orain arte egin dugun bezala, berauek elikatzen eta indartzen buru-belarri arituko gara aurrerantzean”, diote.

Izitu eragile politikoarekin harremanetan jartzeko izituiraultza@gmail.com helbide elektronikoa sortu dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak