→Hego Uribe

Jentilek Untzuetan boloetan jolastu zutenean

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako erreportajea
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Txomin Egiluz ikertzailearekin eta Juan Manuel Etxebarria etnolinguistarekin elkartu gara, Orozkoko Untzueta mendian kokatutako Nafar gazteluaren inguruko istorio txundigarriak gertutik ezagutzeko. Pedro I Krudelaren tropek mendi gailurrean zegoen gotorlekua harrikadez inbaditzen zuten bitartean, Untzuetako auzotarrek Jentilak boloetan ari zirela uste zuten, aho bete hortz geratzen baitziren harriak Untzueta, Goikogane eta Zeberioko larretan maldan behera ikustean.

Zeberiotik zein Arrankudiagatik Orozkoko Untzueta mendi tontorrera begiratzen dugun bakoitzean, benetan harritzen gaitu garai batean Erdi Aroko Nafar gaztelu bat zegoen leku berean UHF errepikatzaile erraldoiak ikusteak. Agian kanpotik datorren batek ez lioke inolako garrantzirik emango gaur egun kilometro askotara ikus daitekeen azpiegiturari. Edo agian, kanpotarra izateaz gainera jakingura izan eta azalpen logiko baten bila hasiko litzateke. Horrela, bertako herritarrei galdetuz edo antzinako testuak irakurriz gotorlekuaren inguruko informazioa eskuratuko luke. Baina zer gertatuko litzateke zonaldeko auzotarrei galdetzean horien erantzuna izango balitz boloetan jokatzen ari ziren izaki erraldoi batzuek gaztelua harrikadaz bota zutela?

Orain dela mila urte inguru, XI. mendean, Nafarroako Erresuma indartsua zen garaietan, Bizkaia ere barruan zegoelarik, gotorleku txiki bat eraiki zuen Untzuetako jauntxoak mendiaren tontorrean. Estrategikoki kokatuta zegoen, handik Urduñako haitzak, Malmasin, Gorbeia, Murgia… eta ia Bizkaia erdia ikus daiteke. “Geroago, zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu zen”, azaldu du Txomin Egiluz ikerlari arrankudiagarrak (Arrankudiaga, 1951). “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako, besteak beste”.

Txomin Egiluz, Arakaldon // Geuria

Denetarik barruan
50 metroko luzerako eta 20 metroko zabalerako hesi batez inguratuta zegoen Untzueta gaztelua. Eraikina mendi tontorrean zegoen, %90eko maldak dituen zonaldean. Gazteluak 5 eta 15 gizon inguru hartu zitzakeen. Dorrean hiru solairu zeuden eta bertako hormek metro eta erdiko zabalera zuten: beheko solairua biltegi bezala erabili ohi zuten. Herritik asto eta idien bidez igotzen zituzten horniketa guztiak. Soldaduek lekadunak jaten zituzten batez ere, ahuntz, ardi eta behien okelaz gainera. Ura dorre parean zegoen aljibe batetik lortzen zuten. Lehenengo solairura egurrezko eskailera baten bidez igo ohi zen. Horrela, erasorik egonez gero eskailera kendu zitekeen, sarrera zailtzeko. Azken solairuaren gainean adarbe batek babestutako lau isuriko teilatu bat zegoen.

Urteek aurrera egin ahala gero eta garrantzi handiagoa zeukan Untzuetako gotorlekuak. Harresiak eta alboko sarrera berezia eraiki zituzten (erasoak hobeto saihesteko). XIV eta XV. mendeak benetan azpimarragarriak izan ziren gotorlekuarentzat bertan izandako batailengatik: Pedro I ‘Krudela’ Gaztelatik etorri zen On Tellori jarraika. On Tello gotorlekuan ezkutatu zen eta Gaztelako tropen setioak hiru hilabete baino gehiago iraun zuen. Goarnizio batek gotorlekua gau eta egun zaintzen zuen beheko aldetik. Pedroren erasoa 1.351n izan zen baina lehenago, 1.334an Alfonso XI.aren erasoari eutsi zion Untzuetako postu jagoleak.

Gotorlekuak 300 soldaduren erasoak jasan zituela kontatzen dute antzinako liburuek, baina azken erasoetan ‘fundibulo’ izeneko katapulten aurrekariak erabili omen zituzten. Egurrezko tramankulu erraldoi horien bidez, bola formako kareharrizko harri pisutsuak urrutira jaurti zitezkeen, eta harri horiek Elorrieta auzoan kokatutako fundibuloetan kargatu eta Untzuetaraino bota zituzten Gaztelako tropek, gotorlekuko 1,5 metroko lodierako hormak deuseztatuz. “Kristauek Arabiatik ekarritako katapulten antzekoak ditugu Fundibuloak, Jerusalemeko batailan erabili zituztelako, besteak beste”, azaldu du Egiluzek. “Erromatarren katapultak baino eraginkorragoak ziren eta egurrezko egitura berezi horiei esker harribolak distantzia luzeagoetara jaurti zitezkeen, 600 edo 800 metrotara”. Fundibuloen muturrean, harriak jartzeko egurrezko plataforma izan beharrean, beso luze bat zirudien muturrean habaila handia zuten. Harria fundibuloan jartzean soka batzuekin eta karraka sistema batekin tentsioa ematen zitzaion. Gailu horri esker, harriak urrun eta altu bota zitezkeen. Gaur egun, Arrankudiagako udaletxean bertan Untzuetako Nafar gazteluaren eta fundibulo baten tamaina txikiko berreginak dituzte, osoko bilkuren aretoan.

Jentilen boloak, errudun
Harri horiek benetan hegan eta pirritan egin zuten Untzueta, Goikogane eta Zeberioko larreetan barrena, Untzuetako auzotarren artean sekulako iskanbila sortuz. Joxe Migel Barandiaranen ustetan, gerra gertaera horiei nolabaiteko azalpena emateko, ‘Jentilen Mitoa’n oinarritu ziren auzotar ikaratuak: “Jentilak harri handiak jaurtitzen zituzten izaki mitologiko erraldoiak ziren”, azaldu du Txomin Egiluzek. Kondaira horrek zenbait aldaketa izan ditu kontatzen den herriaren arabera: “Arrankudiagako kondairaren arabera, gau trumoitsuetan jentilek harribolak botatzen zituzten Goikogane menditik Untzuetara arte, Urdiola ibaitik, bolo-jokoan ibiliko balira bezala. Bolek euren artean talka egitean tximistak eta trumoiak sortzen zituztela dio kondairak”.

Txomin Egiluz. Atzean, Goikogane // Geuria

Arrankudiagako Kukutza ganatik (265mt) ondo baino hobeto ikusten dira Goikogane eta Untzuetako aldapa izugarriak. Gaur egungo Ap-68 autobidea mendi tontor bi horien erditik igarotzen da. “Untzuetako inguruetan bizi ziren auzotarrek ziurrenik ez zuten momentu hartan gertatzen ari zena ulertuko: izaki erraldoiak ziruditen tramankulu batzuek harriak botatzen zituzten, sekulako burrunba sortuz”. Mitologia, herritarren artean istorioak kontatzeko erreminta paregabea izanik, horixe egin zuten Untzuetako biztanleek, Arrankudiagako ikerlariak azaldu bezala: “Tramankulu erraldoi horiek harriak botatzen zituzten jentil erraldoi horiekin uztartu zituzten. Horrela bertan gertatzen ari zen batailaren inguruko azalpena sortu zuten”.

Txomin, sastraka artean Urdiola errekara bidea egiten // Geuria

Jentilek jaurtitako bola batzuek Urdiola ibaian kokatutako ‘Jentil-harri’ izeneko menhir formadun haitz batean elkar jo zuten, bertan geratuz. “Jentilak bola barik geratu ziren eta bat-batean desagertu zirela dio kondairak”, gehitu du Egiluzek. Bertara gerturatu eta Ursaldu (ur salto) izeneko ur-jauzitik metro batzuetara, sastraka eta sasiz estalitako bide itxi bat jarraituz, Jentil-harria agertu zaigu aurrez aurre, ibaian etzanda. Benetan deigarria da harriaren menhir itxura eta tamaina handia, errekako gainontzeko haitzekin alderatuta. “Arreta erakartzen du harriak”, azaldu du Egiluzek makil batekin harri gaineko sastrakak baztertu ahala.

Arrankudiagan eta Orozkon ez ezik, Zeberion eta Muruetan ere jentilek jaurtitako harribola batzuk topatu dituzte historian zehar. Orozkoko kobazulo batean 20 harribola baino gehiago topatu dituzte: “Untzuetatik maldan behera pirritan heldu ziren kobazulo hartara eta Arrankudiagako zonaldean beste hainbeste topatu dituzte”, azaldu du ikerlariak: “Adituek diote guztira 100 bola baino gehiago topatu dituztela historian zehar gure zonaldean, Zeberio ere kontuan hartuta”.

Zeberion ‘Untzueta Piku’ edo ‘Jentilen txabola’ deitzen diote Zeberio, Orozko eta Arakaldo herriekin muga egiten duen Untzuetako tontorrari. “Erraldoiak omen ziren jentilak: Untzueta Pikun hanka bat eta Mandoian bestea jarrita errotako ura edaten zutela dio kondairak”, azaldu du Juan Manuel Etxebarria filologo eta etnolinguistak (Zeberio, 1948). “Harriak mendi batetik bestera botatzen zituzten izaki handi hauek. Dagoeneko, Untzueta Pikuko Gorbeiako partean hutsune bat dago eta azalpen modura, kondairak dio jentil batek harribola bat botatzean huts egin eta mendiari zati bat kendu ziola”.

Harribolak Zeberioko Arkulanda auzoko etxe batean // Geuria

Etxebarriak dio Zeberion 17 harribola topatu dituztela: “1983ko uholdeen ostean horietako batzuk agerian geratu ziren eta familia batek batu eta Arkulanda auzora eraman zituen, horma baten gainean apaingarri modura erabiliz”. Bertan izan gara eta horietako batzuk topatu ditugu: errepidetik bertatik ikus daitezke. “Untzueta Pikun eta inguruan tamaina ezberdinetako harriak topatu dituzte, eta honek guztiak azalpen logikoa badauka ere, gure zaharrek mitologiaren bidez ulertu dituzte betidanik gerrako kontakizun horiek. Azken batean, XII. mendeko istorioak dira eta denbora asko igaro da ordutik”. Juan Manuelen arabera, Joxe Migel Barandiaranek ondo baino hobeto batu zituen gure herriko kultura osatzen duten antzinako kontakizun horiek.

Sinesmenek herriaren jakingura elikatzen zuten antzina, enpirikoki azaltzeko zailak edo ezinezkoak ziren gertaera horiek herriarentzat ulergarria den modu batean azalduz eta herritar guztiak aho zabalik utziz. Zeberioren kasuan, jentilez gainera bestelako izakien inguruko kondairak ezkutatzen dituzte herriko bazterrek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak