→Hego Uribe

Soldataren debaluazioaren eta lanpostuen desegonkortzearen efektuak aztertuko ditu Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

‘Pobrezia ez da kudeatzen, borrokatu baizik’ lema sortu dute kanpainarako // Argazkia: Hego Uribeko Kontseilu Sozialista

Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak kanpaina politiko bat abiaraziko du datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, pobreziaren kontra egiteko kanpaina politikoa bultzatuko dute hurrengo aste eta hilabeteetan. “Erregaiaren, argindarraren eta oinarrizko produktuen prezioan igoera etengabea, eta lanpostuen behin-behinekotasuna eta lan-baldintzen okertzea garamatzate probeziara”, salatu dute. Ildo horretan, alde batetik, soldataren debaluazio orokortuaren, lanpostuen desegonkortzearen eta egiturazko langabeziaren kausak seinalatu eta efektuak aztertuko dituzte, eta bestetik, horiei aurre egiteko “nahitaezkoa den antolakuntza sozialista” sustatuko dute.

“Covid19arekin azkartu eta areagotu den krisi-testuinguruan langile-klasea guztiz babesgabe aurkitzen da ofentsiba kapitalistaren aurrean. Burgesia, bere irabaziak defendatzeko helburuarekin, berrantolaketa orokorra gauzatzen ari da, gizarteko esparru guztietan eragina duena. Osasun krisialdiaren aitzakiapean soldatapeko lanaren esparruan ere aldaketa nabarmenak jazotzen ari dira: laneko tenporalitatea izugarri handitu da, ERTEak hedatu dira, lanpostu egonkorrek behera egin dute. Horrez gain, bizitzeko oinarrizko gaiak eskuratzeko eros-ahalmena geroz eta urriagoa da”, salatu dute Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Babes-bitarteko propioak

“Proletalgoaren oinarrizko bizi bitartekoen eta soldatapeko lanaren aferak” dira, besteak beste, Hego Uribeko Kontseilu Sozialistaren lan esparruak: “Eremu horietan, gizartearen esparru guztietan bezala, inposatzen dizkiguten baldintza geroz eta okerragoen arrean babes-bitarteko propioak garatzea ezinbestekoa da: geroz eta gehiago handitzen ari den inpunitate enpresariala borrokatzea, langileriaren heziketa eta antolaketa politikorako baliabideak sortea eta klase-batasunean sakontzea dira, besteak beste, geure gain hartzen ditugun eginkizunak”, diote.

Eginkizun horiek betetzeko “antolakuntza politikoa” eraikitzea da euren asmoa, “hau da, gizarte kapitalistaren oinarrian dagoen aberastasun pribatuaren metaketa kolokan jarri eta gizarteko baliabide eta indar guztiak proiektu unibertsal baten mesedetan antolatzeko borondatea”, diote: “Bide horretan, proletalgoaren independentzia politikoan sakonduz, langile-klasearen demokrazia eraikiz, borrokak bateratuz eta langile-belaunaldi ezberdinak helburu berdinaren baitan bilduz joan behar dugu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak