→Hego Uribe

Pentsiodunen lehen bizikleta martxak Galdakao, Basauri, Arrigorriaga eta Ugao zeharkatuko ditu

Gaur abiatu da Euskal Herriko Pentsiodunek deitu duten lehen bizikleta martxa. Donostian hasi eta bukatuko da ekainaren 25ean. Seigarren etapa Hego Uribetik igaroko da ekainaren 18an, larunbatez.

Pentsiodunen manifestazioetako bat Galdakaon // Geuria

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren aldarriak lau haizeetara zabaltzeko asmoz bizikleta martxa antolatu dute Euskal Herri osoan zehar. Bizikleta martxa gaur, ekainak 13, abiarazi da Donostiatik eta guztira 13 etapa egingo ditu. Amaiera ekainaren 25ean izango da Donostian ere. Lau hiriburu eta eskualde guztiak zeharkatuko dituzte. Tartean, Hego Uribe eskualdetik ere igaroko da bizikleta martxa. Ekainaren 18an, larunbatez, izango da, eta Galdakao, Basauri, Arrigorriaga eta Ugaotik pasako da (ordutegia eta ibilbidea albistearen amaieran).

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, zaintza-lanak partekatzea eta zerbitzu publikoak defendatzea da pentsiodunek aldarrikatuko dituzten puntuak. “Bizikleta martxa honetan Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatzen diegu 2023ko aurrekontuetan 1.080 euroko osagarria sartzeko, Estatuko Gobernuak gutxieneko pentsio hori erabakitzen duen bitartean”, diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek. Joan den maiatzaren 12an EAEko Pentsiodunen Mugimenduko 1.200 lagun Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu ziren, alderdi politiko guztiei hamalau ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko.

Pentsiodunek 52 hilabete daramate kalean borrokan; lau urte baino gehiago. “Borroka honek erakusten digu gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Hori dela eta, herritar guztiei dei egiten diegu Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan”, diote: “Denok dakigu pentsiodunen borrokak egungo langileei ere eragiten diela, erretiroaren ondoren bizi-baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako. Horregatik, langile, gizon, emakume eta gazteei dei egiten diegu azken etaparen amaierako manifestazioan parte har dezaten”, diote. Manifestazio hori ekainaren 25ean, larunbatez, izango da 12:00etan Donostiako Alderdi Ederren.

Euskal Herriko Pentsiodunen I. Bizikleta Martxa | 6. etapa – Ibilbidea

2022ko ekainaren 18a · Bilbo-Amurrio

09:00 Bilbotik irteera: Kontxa kalea-Autonomia-Hurtado de Amezaga-Buenos Aires-Erkoreka plaza-Epaltzaren alarguna-Areatza-Erribera-Mesedeetako zubia-Zamakola-La Peña-Abusu-Bolueta
09:30 Basauri: Kareaga Goikoa-Baskonia-Larrazabal-Baskonia zubia-N634
09:50 Galdakao: Aperribai-Sixta Barrenetxea-Bizkai-Zamakoa-Lapurdi-Euskadi-JB Uriarte-Zamakoa-Murua-Bizkai
10:05 Udaletxea
10:20 Galdakaotik irteera
10:25 Basauri: Etxerre-Gudarien-Cervantes
10:32 Gaztetxeko biribilgunea: Matxitxako-San Biator-Juan XXIII, Antonio Fernandez
10:40 Nagusia-Agirre Lehendakaria-Astoak
10:45 Udaletxea
10:50 Ekitaldia Arizgoiti plazan
11:15 San Migel: Matadero-Abaroa-Ixatxak parkea-Taberna Nagusia
11:35 Arrigorriaga: Lepanto-Trenbide pasabidea azpitik-Urgoiti-Madalen Errota-Severo Otxoa-Aixarte
11:55 Arrigorriagatik irteera: BI625
12:15 Ugao: San Bartolome-Udiarraga-Udaletxea-Udiarraga-Torre de Ugao-Sabino Arana
12:30 Ugaotik irteera: BI625
13:00 Laudio: Arakaldoko biribilgunea-Areta-Bitorika-Zumalakarregi-Baias-Nerbioi-Alberto Acero-Batzalarrin-Udaletxea-Herriko plaza
14:00 Bazkaria Laudion
17:00 Laudiotik irteera: A625
18:00 Amurrio: Sagarribai-Aranalde-Landaburu-Juan Urrutia-Udaletxea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak