→Hego Uribe

Zientzia- eta teknologia-tailerrak antolatuko dituzte Hego Uriben gazteei zuzenduta

CSI tailerra, sukalde-zientzia, kriptografia eta kode sekretuak, Steam Challenge, eta online bi tailer izango dira Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko gazteguneetan, baita Orozkon eta Urduñan ere.

Bizilabe Steam eskualdeko festibala egin zuten iaz Basaurin // Geuria

Zientzia- eta teknologia-tailerrak antolatuko dituzte Hego Uribe eskualdean gazteei zuzendutakoak. Hala nola, CSI tailerra, sukalde-zientzia, kriptografia eta kode sekretuak, Steam Challenge, eta online bi tailer izango dira Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko gazteguneetan, baita Orozkon eta Urduñan ere. Tailerrak doakoak dira, eta gune bakoitzaren Covid protokoloak zehaztuko du parte hartzeko toki-kopuruaren muga. Tailerretako izen-ematea herriko gaztegunean bertan edota beherago zehaztutako helbide elektronikoetara idatziz egingo da. Kasu guztietan, izen-ematea tailerra hasi aurreko astean amaituko da.

Covid-19aren pandemiaren kontrako neurriek ahalbidetzen badute, tailerren azken saioan eskualdeko enpresa bat bisitatuko dute gazteek. Horri esker, aukera izango dute eskualdeko lan-jarduera gertutik ikusteko eta zientzia- eta teknologia- arloetan diharduten profesionalak ezagutzeko. Era berean, enpresa horietan lan egiten duten emakume profesionalen jarduna ezagutzera emateko asmoz, hainbat horma-irudi egingo dira, eta herrietako gazteguneetan, udalguneetan edota sare sozialetan zabalduko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nerbioi-Ibaizabaleko udalerrietako gazteria-sailek, Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean, antolatzen dituzte zientzia- eta teknologia tailerrak.

Datak eta tailerrak

Hauek dira Hego Uribeko gazteguneetan eskainiko dituzten tailerrak:

Arrigorriaga
– CSI tailerra: misteriozko istorio bat argituko dugu bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak eginez.
Otsailak 27-Martxoak 27, 18:00-20:00
Informazioa eta izena ematea: gaztegunea@arrigorriaga.eus

Basauri
– CSI tailerra: misteriozko istorio bat argituko dugu bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak eginez.
Apirilak 16-Maiatzak 14, 18:00-20:00
Informazioa eta izena ematea: zirtzart@basauri.eus

Etxebarri
– Sukalde-zientzia: zientzia erabiliz, sukaldean arituko gara.
Otsailak 24-Martxoak 24, 17:00-19:00
Informazioa eta izena ematea: info@mugarritalka.eus

Galdakao
– CSI tailerra: misteriozko istorio bat argituko dugu bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak eginez.
Apirilak 16-Maiatzak 14, 18:00-20:00
Informazioa eta izena ematea: topaguneak@argizai.org

Ugao
– Kriptografia eta kode sekretuak: kriptografia eta kode sekretuen teknikak ikasiko ditugu, eta escape room bat eraikiko dugu.
Otsailak 26-Martxoak 26, 19:00-21:00
Informazioa eta izena ematea: gazteinfo.ugao@ortzadar.es

Zeberio
– Sukalde-zientzia: zientzia erabiliz, sukaldean arituko gara.
Otsailak 27-Martxoak 27, 18:00-20:00
Informazioa eta izena ematea: gazteria.zeberio@bizkaia.org

Online
– Sukalde-zientzia: zientzia erabiliz, sukaldean arituko gara.
Aste Santua eta gero, oraindik zehazteke
Informazioa: www.nerbioiibaizabalgaztedi.eus

– Steam Challenge: denetariko zientzia- eta teknologia-esperimentu eta -ekintzak egingo ditugu.
Aste Santua eta gero, oraindik zehazteke
Informazioa: www.nerbioiibaizabalgaztedi.eus

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak