→Hego Uribe

Hego Uribeko sei enpresek 21 milioi euro zor dizkiote Foru Ogasunari

Basauriko bat, Etxebarriko bi eta Galdakaoko hiru dira Bizkaiko Foru Ogasunari dirua zor dioten eskualdeko enpresak.

Basauri, Etxebarri eta Galdakaoko enpresak ageri dira zordunen zerrendan // Argazkia: Pexels.com

Basauriko bat, Etxebarriko bi eta Galdakaoko hiru dira Bizkaiko Foru Ogasunari dirua zor dioten eskualdeko enpresak

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru ogasunek 2018ko ekitaldiaren amaieran milioitik gora euro zor duten zergapekoen zerrenda argitaratu dute. Bizkaiko Foru Ogasunak argitaratu duen zerrendaren arabera, Hego Uribe eskualdeko sei enpresa ageri dira: Edesa (Basauri), Construcciones del Norte Delikas (Etxebarri), Metacast (Etxebarri), Plásticos de Galdácano (Galdakao), Plataformas y maquinaria 2000 (Galdakao) eta Transportes y Excavaciones Sende (Galdakao). Guztien artean 21.389.998,09 euroko zorra ordaindu beharko diote Bizkaiko Foru Ogasunari.

Sei enpresa horietatik zordun nagusiena Edesa da (10.334.526,41 euro). Likidazioan dago Basauriko lantegia, Plásticos de Galdácano bezala. Azken honek 2.535.490,02 euroko zorra du. Plataformas y maquinaria 2000 enpresak 3.943.041,57 euro ordaindu beharko ditu eta Transportes y Excavaciones Sende enpresak 1.132.749,54 euroko zorra kitatu beharko du. Construcciones del Norte Delikas enpresak 1.214.693,29 euroko zorra du eta Metacast enpresaren zorra 2.229.497,26 eurokoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan 268 zergapekok 823 milioi euroko zorra dute. Lurraldeka, Bizkaia da zordun gehien dituena: 165 zergapeko ditu eta guztira 466,3 milioi euroko zorra ordaindu behar diote Bizkaiko Ogasunari. Gehien bat, porrot egin duten enpresak eta higiezinen eta eraikuntzaren sektoreko enpresak dira zerrendan agertzen direnak. Zerga Iruzurraren Aurkako Planean jasotzen den zerrenda horren argitalpenaren bidez, zerga-iruzurra saihestu nahi dute Foru Ogasunek, herritarren zerga-kontzientzia kolektiboa sendotzearen bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak